Livia Lopez. Araskiko presidentea

«Europari uko egiteko arrazoia ez da soilik ekonomikoa»

Klubaren helburuak Lehen Mailan finkatzea eta hazten jarraitzea izan behar duela nabarmendu du Lopezek. Pozik dago datorren sasoirako osatzen ari diren taldearekin.

ainara arratibel gascon
2017ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Urte osoan lan gehien izaten duen sasoia da hau Livia Lopez Araskiko presidentearentzat (Bilbo, 1979). Uztailean oporrak hartu aurretik, ondo finkatuta utzi nahi du datorren sasoirako proiektua. Lehen erabakia Europan jokatzeari uko egitea izan da. «Epe motzera mesede egin ziezaiokeen klubari, baina luzera proiektua baldintza zezakeen». Hala, emakumezkoen talde bakarra egongo da Europan: Lointek Gernika, Eurokopan.

Zergatik erabaki duzue Europan ez jokatzea?

Urte gutxian asko hazi gara, baina hankak lurrean ditugu. Uste dugu Lehen Mailara igotzearekin nahikoa salto egin genuela aurreko sasoian, eta gehiegizko zela Europan jokatzeko urratsa egitea. Epe motzera ondo atera zitekeen, baina luzera proiektua baldintza zezakeen. Indarrak eta ahaleginak Lehen Mailan egonkortzean jarri nahi ditugu: bai kirol arloan, bai arlo ekonomikoan. Egiturazko kontu bat izan da, ez soilik ekonomikoa. Taldeari bere erritmoan hazten utzi behar zaio.

Erraz hartu duzue erabakia?

Batetik, dirua zegoen. Dirua izanda, gauzak errazagoak izango lirateke. Bestetik, taldearen filosofia eta egoera daude. Kluba kudeatzen dugunok nahikoa dugu egunerokoari heltzearekin. Gutxi gara, eta Lehen Mailan egoteak lan asko eskatzen du. Gainera, gure jokalari gehienek lana egiten dute edo ikasi. Ezin genuen haiekin aste barruan Europan lehiatu. Ez da Europan jokatzeko unea, gehiegizkoa zen. Argi ikusi genuen. Ez dugu penarik eman nahi. Ez gara inora joan Europan jokatzeko diru eske. Proiektua egonkortuta egongo balitz, gauzak diferenteak izango lirateke.

Espainiako Hirugarren Mailan zeundetenean ere eskaintza izan zenuten Bigarren Mailara igotzeko eta uko egin zenioten.

Denborak erakutsi digu halako erabakiak hartzeak ez duela klubaren, taldearen, hazkundea baldintzatzen. Alderantziz. Etorkizunean berriro ere izango dugu Europan jokatzeko aukera.

Nola hartu dute erabakia Madelen Urieta entrenatzaileak eta jokalariek?

Taldean hartu dugu erabakia. Haiek ere argi ikusten zuten. Jokalarien aldetik ere ez dugu kexarik jaso. Haiek ere ondo dakite garrantzitsuena liga dela.

Iragan sasoian emaitza onak lortu arren, aurrekontua 50.000 euro txikiagoa duzue. Ez al da harritzeko?

Gure aurrekontuaren zati handi bat erakunde publikoen diru laguntzetatik dator. Laguntza horiek ez dira urtero berdinak, eta aurten murrizketa bat izan dugu, Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak iaz dezente igo zuten laguntza. Hori mantenduko balute, garrantzitsua litzateke. Behintzat horretarako merituak egin ditugula uste dugu. Guk eskatzen dieguna da ez gaitzatela begiratu erakunde pribatu bat bezala. Baizik eta kontuan har dezatela eremu publikoari egiten dugun ekarpena: berdintasunean, kirolean... Nik, batez ere, maila sozialean egiten dugun lana nabarmenduko nuke.

Hori izan al da iazko denboraldiak utzi duen arrastoetako bat?

Zalantzarik gabe. Pistan lortu dena handia izan da, baino hortik kanpokoa ere ikaragarria da. Jokalariak erreferente bihurtu dira, eta neskato asko erakarri dituzte saskibaloian jokatzera. Mendizorrotzan hainbeste zale biltzea ikaragarria izan da; eta zer esanik ez hedabideen jarraipena.

Lacturalek jarraituko al du babesle nagusi moduan?

Lacturale oso eskertuta dago gurekin. Interesa dute jarraitzeko, baina datozen urteei begira dituzten aurreikuspen ekonomikoak konplexuak dira, eta bi aldeen artean bide bat lortu behar dugu jarraitzeko. Izan ere, guk haiekin jarraitu nahi dugu. Hor dago bigarren babesle bat lortzeko aukera, baina ikusi egin behar dugu.

Ari al zarete beste bide batzuk aztertzen?

Bai, bai eremuan pribatuan zein publikoan. Izan ere, ez dugu iazko aurrekontua berdindu behar bakarrik. Handitu egin behar dugu,jokalariek ez dutelako berdin balio. Guk, gainera, ekonomikoki ez dugu soilik lehen taldea lantzen, baizik eta proiektu osoa. Dirua denentzat da. Harrobia ere izugarri hazten ari da. 260 jokalari ditugu, 23 taldetan banatuta.

Bazkide kanpaina berria abiatu duzue. Zer moduz doa?

Datorren sasoirako bazkide txartela aurtengoaren prezio berean eskaintzen ari gara, eta erantzuna oso ona izaten ari da: 100 lortu ditugu astebetean, eta aurreko denboraldi osoan 240 izan genituen. Gure ustez, bazkideak lortzea oso inportantea da. Oinarri eta zutabe sozial garrantzitsu bat dira, eta diru sarrera finkoena.

Zaleak erakartzeko garrantzitsua izango da Marta Tudancaren, Laura Pardoren eta Roselis Silvaren kontratu luzatzea. Pozik zaudete horrekin?

Bai, oso jokalari garrantzitsuak direlako. Ahalegin handia egin dugu. Gainera, Izaskun Garcia joko antolatzailea ere fitxatu dugu Gernikatik. Argi dago aurreko urteko denboraldiarekin klubaren balioa ere handitu egin dela, eta horrek aukera gehiago ematen dizkigu merkatuan. Gainera, jokalariak oso gustura daude hemen, oso talde gertukoa garelako. Bestalde, ikusten dute taldea gaztea garela, eta bertan dauden jokalari guztiak garrantzitsuak direla. Guregatik balitz, talde osoak jarraituko luke. Baina %60-%70 geratzen badira, gu pozik. Espero dugu hilabete amaierarako ia dena lotuta izatea.

Margaret Roundtreerekin zer pasatuko da?

Lesio larria izan zuen, eta horrek baldintzatu egiten dio etorkizuna. Eskaintza garrantzitsuak ditu, baina berak esan digu oso gustura dagoela hemen.

Urietak oraindik ez du kontratua luzatu. Segiko du?

Espero dut baietz, eta itxaropentsu nago. Baina eskaintzak ere izan ditzake. Orain erdi oporretan dago, eta datorren astean eseriko gara hitz egitera. Espero dut hilabete amaitu aurretik lotua izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.