Asier Illarramendi. Realeko jokalaria

«Eusebio da egoera on honen erruduna»

Aspaldi ez bezala gozatzen ari da erdilaria, baina oinak lurrean eduki nahi ditu. Europarako sailkatuta, arantza atera nahi du.

«Eusebio da egoera on honen erruduna».
jon eskudero
Donostia
2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bueltan da Asier Illarramendi (Mutriku, Gipuzkoa, 1990). Oraindik ere gehiago eman dezakeela aitortu arren, giltzarri izaten ari da Realaren jokoan. Ezinbesteko jokalaria da Eusebioren eskeman, eta garbi du gozatzen jarraitu nahi duela. «Ez dut aurrera begiratu nahi. Gozatzen ari naiz zelaian». Bi urte Real Madrilen igaro arren, dagoeneko ehun partidako langa igaro du elastiko txuri-urdinarekin, eta beste hainbeste betetzea espero du. «Beste inon baino hobeto nago Realean». Arantzarik ez, baina pena badu bere garaian Realarekin ezin izan zuelako jokatu Txapeldunen Liga. «Ederra litzateke bizitzak beste aukera bat ematea».

Zer aldatu da denbora gutxian guztia hain ondo joateko?

Zaila da azaltzen hainbesteko eraldatzea. Liga hasieran zalantza batzuekin hasi ginen, eta sentitzen genuen gurekin konfiantzarik eza ere bazegoela inguruan. Baina sinesten genuen aukerak geneuzkala, eta lagundu egin zigun Las Palmasi hain ondo irabazteak. Ordutik, ona da dinamika. Lau garaipen daramatzagu jarraian, baina, batez ere, jokoa ari da ona izaten. Horrek balio digu.

Baina zein da arrazoia dinamika hain ona izateko?

Eusebio da gertatzen ari denaren errudun nagusia. Entrenatzaile kargua hartu, eta behea jota zegoen taldea altxatzea lortu du. Jokalarioi konfiantza falta zitzaigun, ilusioa galduta bezala geunden, eta hark lehen egunetik esan zigun erabat sinesten zuela gugan. Bakoitzaren ezaugarriak aztertu zituela eta sinetsita zegoela zerbait ederra lor genezakeela. Bere joko proposamena azaldu zigun, konbentzitu ere bai, eta pixkanaka fintzen ari gara.

Meritua Eusebiorena da, beraz?

Meritua guztiona da, baina Eusebio da gidaria. Joan den sasoian behetik gora egin genuen, eta lan hura ongi etorri zaigu denboraldi honetarako. Oinarria landu genuen, eta orain emaitzak azaleratzen ari dira. Jokalari guztiok gure maila onenetik gertu gaude, eta hori taldeak eskertu egiten du, indartsuagoa delako. Gainera, egiten ari garen jokoa polita da. Baloia oinetan edukitzea hobea da ez izatea baino, eta gustua ematen du Realarekin jokatzeak. Gozatzen ari naiz.

Estiloa negoziaezina al da?

Bai, guk era horretan jokatzen dugu. Hala sentitzen gara erosoen. Horrek ez du esan nahi baloirik ez daukagunean sufritu egin behar dugunik. Era guztietan jakin behar dugu jokatzen. Oraindik ere arlo askotan hobetu behar dugu, eta okerretatik ikastea tokatzen da.

Okerrak Athleticen aurkako derbian izan ziren, eta hirugarren golean zuk galdu zenuen baloia. Nolako gorputzaldia geratu zitzaizun?

Txarra. Inori ez zaio gustatzen galtzea, eta halako partidetan, gutxiago. Neurketa oparitu genuela iruditu zitzaigun. Arriskuak hartu genituen, eta okerreko erabakiak izan ziren. Oso garesti ordaindu genuen. Haiek ongi egiten ari ziren presioa, eta ez genuen jakin izan lehia irakurtzen. Baina geroztik bideoak aztertu ditugu, eta lezioa ikasi ere bai. Akaso, derbia galdu izan ez bagenu, hurrengo lau partidak ez genituzkeen jarraian irabaziko. Okerretatik gehiago ikasten da.

Azken lau partidetan maitemindu egin du Realaren jokoak. Non du muga taldeak?

Ez dauka mugarik. Oinak lurrean edukitzea komeni da; hori garbi dugu. Oraindik liga hasi besterik ez da egin, eta mundua geratzen zaigu aurretik. Egia da ongi jokatzen ari garela, baina futbola animo aldartea izan ohi da askotan, eta txanponaren beste aldea ere irits daiteke. Beraz, lanean jarraitu behar dugu.

Galanta litzateke bosgarren garaipena jarraian Bartzelonaren aurka lortzea, ezta?

Bai, baina oso zaila izango da. Ilusioz eta gogotsu gaude partidarako, beti baita motibagarria Bartzelonaren aurka jokatzea. Hori bai, badakigu gauzak oso ongi egin beharko ditugula irabazteko, eta, horrez gain, zortea lagun izan beharko dugu. Azken sei partidetatik bost irabazi dizkio Realak Anoetan, baina estatistika horiek ez digute ezertarako balio. Askoz baliagarriagoa zaigu azken jardunaldietako joera baikorra. Bide horri eutsi behar diogu.

Bartzelonak ere Realaren antzera jokatzen du, nahiago baitu baloia oinetan izan. Estilo lehia bat izango da partida?

Ez dakit. Zelaiak jarriko du bakoitza dagokion lekuan. Munduko jokalaririk onenak ditu Bartzelonak, eta edozein eratara joka dezake. Kontraerasora ere bai. Horregatik, erne ibili beharko dugu. Gainera, haiek badakite Anoeta zelai gaiztoa dela, eta motibatuago etorriko dira. Guretzat ere balio bikoitza luke haiei irabazteak.

Ehun partidako langa igaro duzu Realarekin, eta hori bi sasoiz Madrilen egon zinela. Pozik, ezta?

Niretzat ohore handia da kopuru horretara iristea. Realaren lehen taldera jauzi egitearekin bat pentsatzen duzu momentuaz gozatzea, baina, pentsatzen jarrita, izugarria da ehun partida baino gehiago jokatuak izatea. Nire laugarren denboraldia da lehen taldean, eta entrenatzaile guztiek konfiantza izan dute nigan. Oso eskertuta nago. Madrildik bueltatu ondoren gozatzen ari naiz, eta espero dut beste hainbeste neurketa eta gehiago jokatzea.

Ehun partida pasa, eta gol bakarra...

Oso negatiboa da irakurketa, bai, eta gehiago izatea gustatuko litzaidake. Baina, tira, sekula ez naiz izan golegilea. Gazte mailatan dezente sartzen nituen, baina handik aurrera, ez. Realaren bigarren taldean ere bizpahiru besterik ez nuen sartu hiru denboralditan. Eta Realarekin, bakarra. Gainera, inor ez zen ohartu gola sartu nuenik ere. Jendeak esaten dit gehiago sinetsi behar dudala nire aukeretan gol gehiago sartzeko. Espero dut aurrerantzean zenbakiak hobetzea, okertzea ia ezinezkoa baita.

Gazterik egin zenuen debuta, gazterik joan zinen Madrilera, baina jada ez zara hain gaztea. Zein da zure lekua taldean?

Gaztea naiz, 26 urte baititut, baina egia da gazteagoak datozela behetik. Lehen lan saioetako ariketetan-eta beldur apur batekin aritzen nintzen, baina orain ez zait halakorik bururatu ere egiten. Poztu egiten nau ikusteak Zubieta fruituak ematen ari dela, Realak hortik bizi beharra baitauka. Beteranoon lana da gazteei laguntzea eta haien gidari izatea, eta ahal dudan neurrian hori egiten dut. Belaunaldi aldaketa baten partaide izaten ari gara.

Lehenago, Labaka, Aranburu eta beste ziren beteranoak. Gazteek egiten al dizute kasurik?

Bai, bai. Egia da nortasun handiko gazteak dauzkagula taldean,eta hori lagungarria da zelaian, baina aholkuren bat ematen diedanean errespetuz eta adi entzuten didate. Nik ere asko dut gazteengandik ikasteko.

Damutzen al zara kirol ibilbidean emandako pausoren batez?

Ez. Sekula ez naiz damutu ezertaz. Bizitzan erabaki asko hartu behar izaten dira, eta nik konbentzimendu osoz hartu izan ditut guztiak. Orain, nahi nuen tokian nago, eta ez dut beste ezertan pentsatzen. Gainera, Real Madrileko ibilbideak pertsona eta futbolari moduan hobetzeko balio izan dit. Orain, arlo taktikoak hobeto kontrolatzen ditut, eta pertsonalki ere helduagoa naiz. Lehen, partidak hasi eta buka guztia nik egin nahi izaten nuen, eta oso nekatuta heltzen nintzen azken minutuetara.

Ligan baloi gehien berreskuratzen duen jokalaria zara. Zer iruditzen zaizu datu hori?

Minutu guztiak jokatzen ditut eta! Alde batetik, ona da hori, ongi kokatuta egoten naizelako. Baina lasterka gehiegi egiten dudan seinale ere izan daiteke. Hori bai, datu horrek esan nahi du taldearen defentsako lana ona dela; alegia, jokalari guztion elkartasuna behar bezalakoa dela. Elkar lagundu eta babesten badugu; errazagoa egiten zaigu baloia berreskuratu eta berriro ere jokatzen hastea.

Zer eskatzen dizu Eusebiok?

Joan den denboraldian, behin eta berriz esaten zidan ez egiteko hainbeste lasterka; hobeto kokatuta egoteko, gero metro gutxiago egiteko. Partidaren hurrengo egunetan estatistika guztiak jakinarazten dizkigute, eta sarri ikusten dut kilometro asko egiten ditudala. Uste dut hobetzen ari naizela arlo horretan.

Zer moduz sentitzen zara Zurutuzaren alboan?

Oso ondo. Taldea ondo dago oraintxe; baloia izaten saiatzen gara, eta hori da gure helburua. Aspalditik ezagutzen dut Zurutuza, oso lagunak gara, eta bikain hartzen dugu elkar zelai barruan. Jokalari guztiok gaude maila onean.

Eta zu zeu inoizko mailarik onenean al zaude?

Ez dakit, ez dut uste. Baina pentsatzen dut nire jokorik onenera gerturatzen ari naizela astero. Eusebioren proposamenak mesede egiten dit, gozatzen ari naiz, eta hori igarri egiten da. Futbolean jokatzen segitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.