Pilota

Euskal Pilotako Nazioen Ligaren antolatzaileek «historikotzat» jo dute txapelketa

Euskadiko Federazioa nazioartekoan onartu izana defendatu du Cazaubonek aurkezpenean. Ekainaren 1etik 6ra jokatuko dute txapelketa, Gernika-Lumon. Euskal selekzioa lehen aldiz ariko da Nazioarteko Federazioak antolatutako txapelketa batean.

Nazioen Liga. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Xavier Cazaubon, Elixabete Etxanobe, Ibone Bengoetxea eta Joxe Mari Mitxelena, gaur, Bizkaia frontoian, aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
Bilbo
2025eko maiatzaren 26a
14:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurkezpena hasi aurreko keinuak oso adierazgarriak ziren: pozez eta konplizitatez beteriko bostekoak, besarkadak eta musuak nonahi. Eta aurkezpena hastean, hitz bat behin eta berriro hizlarien artean: historikoa. Horrela aurkeztu dute gaur Esku Pilotako Nazioen Liga, Bilbon, Bizkaia frontoian.

Ekainaren 1etik 6ra jokatuko dute zesta-puntako txapelketa hori, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai pilotalekuan. Eta bada historikoa, euskal selekzioa lehen aldiz ariko baita Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean. Abenduaren 28an Nazioarteko Federazioak Euskadikoa eskubide osoko kide gisa onartu izanaren emaitza da. Eta nekez izan zezakeen estreinaldi hoberik euskal selekzioak, etxean jokatuko baitu aurreneko txapelketa.

Ikusmin handia piztu du aurkezpenak, eta, horren erakusle da hainbat erakundetako ordezkariak izan direla Bizkaia frontoian. Lauk hitz egin dute, txapelketa elkarlanean antolatu duten lau erakundeetako ordezkariek: Xavier Cazaubon Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidenteak, Joxe Mari Mitxelena Euskadiko Federazioko presidenteak, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Cazaubonek esan du «hunkituta» dagoela 34 urteren ostean Nazioarteko Federazioa berriro Gernikara itzuli delako, han jokatu baitzen zesta-puntako lehen munduko txapelketa, 1991n. Azpimarratu duenez, «elkarlan bikaina» egin dute horretarako. «Batzuek idazmahaietara eraman nahi gaituzte, baina pozik nago gaur kantxa batean gaudelako, eta kirolaz ari garelako hitz egiten: hau da, munduko hamar puntistarik onenek Gernikan jokatzeaz, Filipinen eta AEBen itzuleraz, eta lehen hutsik zeuden Jai Alai frontoiak orain beteta egoteaz eta sekulako giroa edukitzeaz».

63 federaziok osatzen dute Nazioartekoa, baina, Cazaubonek azaldu duenez, «aurki» 73 izango dira. Euskadikoa da sartu den azkena, eta Nazioartekoaren buruak erabaki hori defendatu du. «Gehitzeko garaia da, baita aldatzekoa ere. Elkarrekin hartutako erabaki bat izan da, eta, pilotaren mesederako egin da, ez inoren interesen mesedetan. Euskadiko Federazioa onartuta, Nazioartekoa etxera itzuli da. Garai batzuetan Euskadiren falta sumatu du».

Mitxelenak ere aitortu du «egun pozgarria eta hunkigarria» dela. «Herri baten nahia, desioa eta ametsa egia bilakatu da. Badakit gustatuko litzaigukeela zazpi senideek elkarrekin jokatzea, baina hiruk jokatuko dugu; ez da makala lortu duguna. Gauzak ondo egiteko aprobetxatu behar dugu».

Eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari, «apustu egin baino gehiago» egin baitu. Baita Bizkaiko Foru Aldundiari ere. «Jaurlaritzarengatik eta aldundiagatik izan ez balitz, ez ginen hemen egongo». Cazauboni mintzatu zaio. «Mila esker Nazioarteko Federazioari, eta, batez ere, gu haren kide izatearen alde bozkatu zuten herrialde horiei: gure kirola da euskal pilota, guk asmatu genuen. Oso eskertuta gaude nazioartekoaren ordezkari guztiekin, gugan sinetsi eta txapelketa hau antolatzeko aukera emateagatik. Guretzat ez dago ezer handiagorik; hauxe nahi genuen. Zuei esker erakuts diezaiokegu mundu osoari gai garela txapelketa bat ondo antolatzeko, ondo jokatzeko eta itxura oso ona emateko».

Bengoetxeak, berriz, «mugarritzat» jo du euskal selekzioa lehen aldiz Nazioarteko Federazioaren txapelketa bat jokatzea eta txapelketa hori Euskal Herrian jokatzea. «Gizarteak apustu hau egiteko eskatu zigun, eta guk erantzun egiten diogu gizarteak eskatzen duenari. Lortu dugu. Euskal selekzioa gure herriaren sinboloa eta erreferentea izango da nazioarteko lehiaketetan. Gure kirolariak gure ordezkariak izango dira munduan, eta gure identitatea eta nortasuna zabalduko dituzte nonahi. Historikoa da une hau, eta ilusioz eta harrotasunez biziko dugu».

Etxanobek, azkenik, nabarmendu du euskal pilota «oso errotuta» dagoela Bizkaian, eta txertatuta dagoela «nortasun kolektiboan». «Gure nortasuna indartzeko eta sustatzeko balio du. Gernikan jokatuko da, eta Gernika sinboloa da guretzat; ezin ginen kanpoan geratu. Sari itzela da euskal herritarrentzat».

NAZIOEN LIGA

SELEKZIOAK
Gizonezkoak: A multzoa: AEBak, Espainia eta Mexiko. B multzoa: Euskal selekzioa, Filipinak eta Frantzia.
Emakumezkoak: euskal selekzioa, Espainia, Frantzia eta Mexiko.

PARTIDAK
Ekainak 1: 11:00. AEBak-Mexiko (G). 12:00. Mexiko-Frantzia (E). 13:00. Filipinak-Frantzia (G).
Ekainak 2: 18:30. Espainia-Mexiko (E). 20:30. Inaugurazio ekitaldia. 21:15. Euskal selekzioa-Frantzia (E). 22:15. Euskal selekzioa-Frantzia (G).
Ekainak 3: 19:00. Espainia-AEBak (G). 20:00. Espainia-Frantzia (E). 21:00. Euskal selekzioa-Mexiko (E).
Ekainak 4: 18:00. Espainia-Mexiko (G). 19:00. Euskal selekzioa-Espainia (E). 20:00. Euskal selekzioa-Filipinak (G).
Ekainak 5: 21:00. Finalerdiak (G).
Ekainak 6: 12:00. Hirugarren eta laugarren posturako partida (G). 21:00. Finala (E). 22:00. Finala (G).

ETB1ek zuzenean emango ditu ekainaren 2ko, 5eko eta 6ko jardunaldiak, eta ETB4k ekainaren 4koa.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.