Txirrindularitza

Euskadi Fundazioak azaldu du Ner Groupen proiektutik kanpo egon dela beti

Ner Groupek jakinarazi duenez, Euskadi Fundazioak enpresa taldearekin zuen akordioa hautsi du.

2013ko urriaren 31
14:26
Entzun

"Sentitzen dugu emandako urratsarengatik zoriondu gaituzten zaleei desilusioa ematea, baina [Euskadi Fundazioaren] erabakia errespetatu besterik ezin dugu egin", dio Ner Groupek atera duen oharrean. Oharraren amaieran diote, "helburu soziala" duen proiektu bat laguntzeko prest izango direla beti.

Urriaren 24ean iragarri zutenez, adostutako akordioan Euskadi Fundazioa aurrerantzean Ner Group taldeak koordinatuko zuela jaso zuten, eta erakundeen onespena bazutela aurreratu zuen Ner Groupek. Modu horretan Euskadi Fundazioak desagertzea saihestuko zuen. Hilaren 3an zehaztu zuenez, 400.000 behar ditu kontinental mailako taldearekin jarraitzeko.

Euren asmoa Fundazioaren etorkizuna koordinatzea zela azaldu dute, "infantil, amateur eta kontinental mailako txirrindularitza herri mailan zabaltzeko giza garapen justu eta jasangarria" gaineratuz. Kirol zuzendari lanetan Jon Odriozola txirrindulari ohia jartzekoak ziren.

Fundazioaren erantzuna

Gaur erantzun dio Ner Groupi fundazioak. Esan du enpresa taldearen proiektutik at egon dela beti, eta bere lana 23 urtez azpikoen taldeak eta maila kontinentalekoak bizirautera bideratu duela. "Testuinguru horretan, zaila da Ner Groupekin akordio batera heltzea, haren zilegizko asmoa proiektu autonomo eta independentea garatzea bazen".

Fundazioak gogorarazi du, haren estatutuen arabera, edozein erabaki bere gobernu organoak hartu eta 1.580 bazkideekin partekatu behar duela. "Horregatik, Ner Groupek Fundazioak zuzendutako proiektuekin lankidetzan aritzeko edozein aukera mahai gainean jarri izan balu, horren balorazioak igarotako astebete eskasa baino denbora gehiago beharko luke", gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.