Ustaritz Aldekoaotalora. Dinamo Tblisiko jokalaria

«'Euskal Herria eta Georgia, lehengusuak!', esaten didate hemen»

Athletic utzi eta atzerrira joatea zuen «lehentasun» Aldekoaotalorak, eta hiru hilabeteko langabeziaren ostean, Georgiara joan zen. Damurik ez du, kontratua bi urtez luzatu eta Txapeldunen Ligan jokatu baitu.

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Bazkalostean jaso du deia, Tblisin.«Janari georgiarra goxoa da. Pizza eta ogiaren arteko batzuk prestatzen dituzte, gaztarekin... Egositako haragi xehetu poltsa batzuk ere saltzen dituzte; goxoak daude haiek ere. Baina tira, kirolarien dieta beti berdina da». Izan du jada herrialdea ezagutzeko aukera Ustaritz Aldekoaotalorak (Abadiño, Bizkaia, 1983). Iragan sasoia Georgian bukatu zuen, eta beste birako berritu du. Gaur hasiko dute liga, baina oraindik ez zaio pasa Txapeldunen Ligatik kanporatuak izanaren atsekabea.

Txapeldunen Ligatik kanporatu berri zaituzte, zer moduz?

Pena pixka batekin. Bagenuen aurrera egiteko ilusioa, Steaua Bukaresten aurka egokitu zitzaigulako. Bagenekien zaila izango zela, aurkaria ere izen handikoa zelako, baina guk ere talde ona daukagu eta %50ean zegoen kontua. Etxean galdu genuen kanporaketa (0-2), penalti bat huts egin eta aurretik jartzeko aukera galduta. Gero, garaipenaren bila joategatik ordena galdu genuen. Bukaresten ere aukera asko izan genituen, baina ez zen posible izan eta orain Europa Liga dugu.

Nolakoa da Georgiako liga? Estadioak, taldeak...?

Taxuzko hiru estadio daude, eta besteak apalagoak dira. Gurea oso ona da... baina ez dute zer ikusirik Espainiako Ligakoekin. Lau talde on daude, ligako tituluagatik lehiatzen direnak, baina gero, maila jaitsi egiten da.

Espainiako Ligarekin alderatuta?

Ez dakit zer esan. Ez da erraza... Europako talde batzuekin jokatu dugu eta ez daude hain urrun. Alderatzera behartuz gero, Espainiako Ligako 2. Mailako goiko taldeekin alderatuko nituzke.

Nolakoa da zure taldea? Georgiako talde ezagun bakarra da.

Jokalari interesgarriak ditugu. Georgiako selekzioarekin jokatzen duten lau, kataluniar bat, Xisko, Boli Kostako bat, txekiar bat... tira, talde polita dugu.

Eta antolakuntza? Hedabideak?

Hedabide aldetik asko igartzen da. Hemen beste liga batzuei kasu egiten zaie: Errusiakoari, Espainiakoari... Alde handia dago hemengo ligako edo Europako txapelketetako partidak jokatzearen artean, batez ere ikusle kopuruan. Ligakoetara ez da hainbeste jende joaten; Europakoetan, aldiz, bete egiten da. Kanpoko taldeek ikusmin handia sortzen dute.

Ezaguna al zara kalean?

Ez. Jarraitzaile sutsuentzat bai, baina normalean ez. Alde horretatik, lasai ibil zaitezke.

Bilbon baino lasaiago orduan?

Alde horretatik bai [barrez]. Baina ni gustura bizi nintzen Bilbon. Faltan sumatzen dut, baina hemen ez nago txarto. Baina lagunak, familia, bizitza... Baina tira, hori beti egongo da hor, eta orain hau baliatu behar dut beste esperientzia bat bizitzeko.

Nola iritsi zinen Dinamora?

Kasualitatez iritsi nintzen. Talde barik egon nintzen denbora luze, eta nire lehentasuna atzerrira joatea zen. Beste esperientzia bat nahi nuen. Leeds Unitedekin (Ingalaterra) proba egin nuen, eta ez zuten erabakirik hartu. Nekatu egin nintzen, proba gehiago nahi zituzten eta hara joan beharra zegoen, neronek ordaindu... Horretan nengoela, itxaroten, neguko merkatuan,Georgiatik eskaintza heldu zitzaidan ordezkari baten bitartez, eta hemen bukatu nuen. Niretzat gauza berri bat zen; mapan bilatu behar izan nuen; urrun dago... Baina hemen beste euskal herritar bat zegoen, Mikel Alvaro, orain Azerbaijanen dagoena, hari deitu, eta ondo egin zidan berba taldearen inguruan. Ez nindoan bakarrik, eta gaizki irtenez gero, beti zegoen kontratua eteteko aukera. Orain oso gustura nago.

Uste baino hobeto?

Bada, bai. Gogoan dut lehen eguna: gauez iritsi ginen eta parajeak ikusita, «nora etorri naiz?», pentsatu nuen. Hiria zahartua ikusten nuen... Baina gero, taldekideekin harremanetan hasi, gauzak eraikitzen ari direla ikusi, herria goraka doala, jatetxe onak daudela, komertzioa ere badagoela... Apurka gora doala ikusten duzu.

Zer moduz tratua bertakoekin?

Hizkuntza oso zaila da. Zailena. Ahoskatzeko ere zaila. Ni ingelesarekin moldatzen naiz, eta ulertzen zaituzte. Ingeles traketsa eginez gero, errazago ulertzen zaituzte. Klubeko jendearekin harreman ona daukat, baina pixka bat itxiak dira... Hizkuntza muga bat da, eta kideekin konfiantza badaukat, elkarri adarra jotzeko moduan, baina kaleko jendearekin harreman gutxi dugu.

Georgiako eskoletan euskal herritarren jatorria han dagoela ikasten dute.

Bai. Ni euskal herritarra naizela esatean zera esaten didate: 'Georgia eta Euskal Herria, lehengusuak, lehengusuak!? Eurek esaten dute georgierak eta euskarak hitz asko komunean dituztela, baina aizu, nik ez diot antzik hartzen. Ez dakit bada... Agian oso hitz bereziak izango dira, nork jakin.... Jende askok esan dit. Nik badut taldekide bat duela urte batzuk Athleticen aurka Txapeldunen Ligan jokatu zuena, eta hark 'Etxeberria, Guerrero, Urzaiz' esaten dit...

Ikerlari batzuen arabera, Georgiatik omen dator euskara.

Begira, hau azaldu didate: guk Artxanda dugu Bilbon, eta georgieraz urrun dagoela edo halako zerbait esan nahi du. Bada eurek badakite Artxanda gure mendi baten izena dela.

Bikotekidearekin joan zinen; hura zer moduz?

Hasieran antzera geunden, dena desberdina... baina orain gustura, taldeko beste bikotekide batzuekin harremana du, eta ondo. Hona egina dago.

Futbolean kanpora joatea jada ez da gauza arraroa. Ezta lurralde exotikoetara joatea ere.

Ez, eta gero eta gehiago gertatzen ari da. Espainiako Ligatik jokalari asko irteten ari da, krisi ekonomikoak eraginda. Nire kasua desberdina da, jokatzeko irrikan nengoelako, eta aukera hau izan nuenean ez nuelako askorik ere pentsatu. Baina tira, agian beste herrialde batera joateko aukera eduki izan banu, ez nintzen hona etorriko. Baina orain, hemen nagoela, ez dakit aldatuko nuen.

Dirua Europako ekialdean dagoela dirudi.

Georgian baino gehiago, Ukrainian eta Errusian. Taldeko kideek esaten didate han diru asko dagoela, soldata onak... Hemen Errusiako ligari kasu handia egiten zaio, eta «horrek ez dakit zenbat irabazten du», esaten dizute. Aberatsek erosi dituzten taldeak dira. Hemengoek ondo ezagutzen dituzte.

Georgiako jokalarien helburua Errusiara joatea da?

Ahalko balute, joango lirateke. Horixe nahi dute, hemendik irten eta liga hobe batera joan. Baina berdin Errusiara edo Europako beste liga batera.

Nola pasatu zenuen talderik gabeko bolada hura? Futbolari gazte bat langabezian...

Ez nintzen geldi egon. Egunero Iruñera joaten nintzen lan fisikoa egitera. Zentrum-en, hiru orduko saioak egiten nituen, eta arratsaldean Durangoko kulturalarekin entrenatzen nintzen joko erritmoa ez galtzeko.

Langabezia kobratu al zenuen?

Ez, ez.

Ez zenuen eskaintzarik jaso Espainiako Ligan jarraitzeko?

Bigarren Mailan bai, baina lehentasuna atzerrira joatea zen. Geroago, ezer ez zela irteten ikusita, izan nuen eskaintza horiek ez hartu izanaren damua. Baina lehentasuna kanpora joatea zen. Racing eta Huescara joateko aukera izan nuen... Baina beste esperientzia bat nahi nuen. Israelgo ,eskaintza bat ere izan nuen, baina negoziazioak porrot egin zuen.

Minez irten zinen Athleticetik? Athletic entzun eta zer datorkizu burura? Sei denboraldi izan ziren...

Une onak datozkit burura. Debuteko partida, San Mameseko partida gehienak... Oroitzapen onak dira. Athletic uztea beti da gogorra, horren pena badut, baina bestela, oroitzapen onak. Taldekide onak izan ditut, baina zerbait kenduko banu, azken denboraldi-aurrea kenduko nuke. Ez nintzen taldearen parte sentitu. Askotan taldea ordu batean entrenatzen zen, eta gu, alboraturikoak, beste ordu batean. Taldea normal entrenatzen bazen, gu atezainak berotzen ibiltzen ginen. Hori entrenatzailearen gauza zen. Garai gogorrak izan ziren, baina hilabete pasa izan zen bakarrik. Hala gertatu izanaren pena dut.

Itzultzeko ilusiorik bai?

Inoiz ezin da esan ez zarela itzuliko, baina nik 30 urte dauzkat, eta Athleticetik orain dela gutxi irten naiz. Aukera izanez gero, beste talde batera edo... Orain zail ikusten dut. Hemen bi urterako kontratua dut; Athleticek nire postuan ez du gabeziarik; gaitz ikusten dut... baina tira, futbola apetatsua izaten da.

Nola ikusten duzu Athletic berria?

Ni ez nintzen Valverderekin egon, baina Athleticen egon zenean lan oso ona egin zuen. Baina denbora eman behar zaio. Jokalari berriak ditu eta fitxaketa onak egin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.