Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. Piñoi txikiarekin. Fabricio Ferrari. Caja Ruraleko txirrindularia

«Euskal Herriko hiriburua? Nafarroa, ezta? Ez, itxoin...»

Euskal Herria aipatu, eta «festak» erantzun du berehala. Badaki zerbait uruguaitarrak. Hori bai, politika eta kultura kontuak beste baterako utzi ditu.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Olaberria
2013ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
2006an iritsi zen Fabricio Ferrari Euskal Herrira (Santa Lucia, Uruguai, 1985). «Lesakan bizi izan nintzen lehenengo, eta gerora baita Beran, Lezon, Araian, Iturmendin, Altsasun eta Iruñean ere». Nafarroako hiriburuan ari da orain euskalduntasuna barneratzen. Ametsetako bat bete berri du, Caja Ruralekin debuta egin duelako Euskal Herriko Itzulian. Ez hanketan eta ez mingainean, inon ez dauka erdoilik.

Zer esan nahi du Euskal Herria hitzak?

Euskal probintziek osatutako herria. Beti nahasten naiz Euskal Herria, Nafarroa eta saltsa horrekin, baina niretzat dena da Euskal Herria, Nafarroa barne.

Zuretzat zein esanahi dauka Euskal Herriak?

Txirrindulari egin naizen lekua da, eta harrera bikaina egin izan didate beti. Ez naiz hasiko politikaz hizketan, baina hemendik irtendakoan nabari da hau beste herri bat dela; kultura eta gainerako guztia oso ezberdina da.

Nola izena du Euskal Herriko banderak?

Ikurrina.

Eta zein kolore dauzka?

Berdea, gorria eta zuria, ezta?

Euskal Herriak daukan gauzarik onena?

Udako festak [barrez]. Ezin izaten gara joan, baina tentazioa hor egoten da beti. Gastronomia ere bikaina da.

Okerrena?

Euria!

Zenbat biztanle dauzka Euskal Herriak? [3.127.326 iaz]

Hortxe harrapatu nauzu! Hiru milioi inguru? Nire herrialdearen antzekoa dela uste dut.

Leku bat?

Donostia, Iruñea...

Mendirik politena?

Asko daude. Urbasa oso polita da, Jaizkibel ingurua ere bai itsasoa ondoan duela...

Igoerarik politena?

Jaizkibelgoa. Igotzen hasi, eta itsasoa eta Pasaia ikusten diren une hori... Ederra da.

Gogorrena?

Aralarko San Migel.

Zenbat probintzia dauzka Euskal Herriak?

[Barrez] Lau? Ez, itxoin, bost? Ez dakit!

Probintzietako batzuen izenak?

Gipuzkoa, Araba, Nafarroa... Zein falta zaizkit? Bizkaia, Bizkaia, egia!

Euskal Herriko hiriburua?

Hiriburua? Nafarroa, ezta? Ez, itxoin... Beti nahasten naiz horrekin. Ez al da Nafarroa Euskal Herriko... Lauburu hitza ez al dator hortik, lau probintzia izatetik?

Euskarazko hitzen bat?

Eskerrik asko, agur...

Euskaraz ikasi zenuen lehen hitza?

Agur izango zen, ziurrenik.

Ahoskatzeko zailena?

Hitz itsusiak erakutsi zizkidaten hasieratik, eta, beraz, hobe izango da bakar bat ere ez esatea.

Euskara entzun zenuen lehen aldian izan zenuen sentipena?

Oso hizkuntza arraroa zela. Ikasteko oso zaila dela uste dut.

Euskal Herriarekin lotutako bitxikeriaren bat?

Bizitza erdia daramat hemen, eta asko dauzkat, baina, bat-batean esateko... Utz ezazu zuri.

Euskaldunengandik gehien gustatzen zaizuna?

Dena emateko daukaten bokazioa. Euskaldun batekin laguntasuna lortuz gero, asko ematen du parean daukazun horrek. Oso fidelak dira.

Eta gutxien?

Ez dakit... Batzuetan, agian, oso kaskagogorrak direla. Entrenatzen hasi eta aurrera doazela ikusitakoan, harrituta geratzen naiz daukaten borondatearekin. Baina, tira, hori ona ere bada, ezta?

Euskal Herrira etorri izanaz damutzen al zara?

Ez, ez. Inondik inora ere ez. Zoratzen nago lehen egunetik.

Zergatik emango zenioke lagun bati Euskal Herrira etortzeko aholkua?

Oso inguru politak dauzkalako, historia handiko herria delako... Niri gertatu zitzaidan bezala, ziur nago hona datorrena zoratzen egongo dela.

Harritu zaituen ohituraren bat?

Herri bakoitzak dauzka bereak, baina herriko jaiekin geratu nintzen, oro har, harrituta; zeuen kultura gordetzeko daukazuen ahalmenarekin. Altsasuko inauteriak, esaterako, harrigarriak dira. Odolez beteta gora eta behera ibiltzea...

Bizimodua non da hobea, hemen edo zure herrialdean?

Hemen, hemen. Zalantzarik gabe. Uruguai da nire herria, baina hemen hobea da bizimodua.

Nabaritu al duzu krisia?

Bai, nabaritzen da. Baina hau baino okerrago egon den herrialde batetik nator, beraz...

Mutil izen bat?

Josu.

Neska izen bat?

Olatz.

Janari bat?

Hemengoa? Uruguaikoa? Pizzarekin erotu egiten naiz.

Edari bat?

Garagardoa edo coca-cola.

Futbol talde bat?

Ez naiz oso futbolzalea, baina, tira, itxura ona emateko, Osasuna?

Jokalari bat?

Abreu, uruguaitarra denez...

Alderdi politikoren baten izena?

Ez, ez. Ez diet kasurik egiten politika kontuei.

Politikariren baten izena?

Baten bat entzun izan dut; txirrindularitzaren alde dezente egin izan duen batena. Baina izenaren arrastorik ez daukat.

Lehendakariaren eta Nafarroako presidentearen izenak?

Politika, kultura... Pixkanaka, ni akabatzen ari zara!

Telebistako programaren bat?

Vaya Semanita. Goizetan, askotan egoten naiz hari begira.

Euskal idazleren baten izena?

Ez, ez.

Euskal Herriko ikurren bat?

Lauburua eta ikurrina.

Zer esan nahi du tropela hitzak?

Errepideekin zerikusia daukan zerbait da, ezta?

Irteera-k?

Entrada? [Sarrera].

Helmuga-k?

Meta.

Txapelduna-k?

Campeón. Eman eurra ere badakit! [Barrez]

Zein ezizen daukazu tropelean?

Fabri, Uruguayo...

Txirrindulari ez bazina...

Auskalo! Mekanikarekin zerikusia daukan zerbaiti helduko nion.

Gustukoen duzun lasterketa?

Euskal Herriko Itzulia oso berezia da, hemen hazi naizelako txirrindulari gisa. Munduko Txapelketaren eta Donostiako Klasikoaren ondoren, hau da bereziena.

Garaipen bat?

Lortu nuen lehenengoa, agian; Lizarrakoa.

Tropeleko lagunik onena?

Ezingo nuke bakarra aukeratu, taldekideak lagun bihurtu direlako, azkenean. Yelko Gomez, Josue Moyano... Asko daude, asko.

Galtzeko leku bat?

Hainbeste daude... Baina, tira, Txina, erabat ezberdina delako.

Idolo bat?

Ez naiz idolozalea.

Zuretzat oso berezia den momentu hori?

Lesakara, Euskal Herrira iritsi nintzen eguna.

Kirol zuzendari bat?

Erantzun gabe utzi nahiko nuke galdera hau, badaezpada ere.

Txirrindularitza ez den kirol bat?

Txirrindularitza eta txirrindularitza; besterik ez dago niretzat.

Film bat?

La vita è bella.

Musika talde bat?

Denetik entzuten dut.

Ezinezko amets bat?

Aberats izatea. Primitiba asmatzen ez badut, behintzat! Baina, ez dudanez jokatzen, zaila.

Betetzeko moduko amets bat?

Egunen batean Tourrean parte hartzea. Baina, ez pentsa, ez da batere erraza.

Aholku bat?

Euskal Herrira bisitan etortzea.

Zer egiten duzu aisialdian?

Entrenamenduaren arabera, atseden hartu, neska-lagunarengana joan, bueltatxo bat eman, pintxoren bat jan...

Non egongo zara hogei urte barru?

Urte asko daramatzat kontu horri bueltaka. Jakingo banu! Ez dakit, baina txirrindularitzarekin lotura daukan zerbaitetan ibiliko naiz, ziurrenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.