Beste bi aldapa beldurgarri jarri ditu Katuxa taldeko igotzaile finak Aiako igoeraren parean, hiru aldapen gogortasuna islatze aldera. Italian, Tirreno-Adriatikoko igoerarik itoena batetik: Montelupone (1,75 kilometro, %13,9ko batez besteko aldapa eta %17,4ko batez bestekoa azken 800 metroetan); eta Belgikan, Fleche-Walloneko azken pareta beldurgarria bestetik: Huy (1,3 kilometro, %9,3ko batez besteko aldapa eta %19ko zati bat). «Gogortasunari dagokionez, Aia eta Montelupone, agian, koska bat gorago daude, pendizak Huykoak baino gogorragoak direlako». Bi gogorrenak alde batean jarrita, podiumeko lehen bi koskak zehaztu behar. «Niri Monteluponeko igoera gogorragoa egin zitzaidan, baina gai izango balira Euskal Herriko Itzuliko etapa hori Aian bertan amaitzeko... Oso-oso gogorra litzateke».
Hamahiru kilometro daude Aiako aldapa beldurgarria amaitzen denetik helmugaraino. «Eta bakarrik ia ezinezkoa da iristea. Atzean bospasei txirrindulari elkartuz gero, erraza da aurrekoa harrapatzea, Oriorainoko jaitsiera pedalei eman beharrekoa baita. Nik nahiago nuke Aian bertan, edo, gehienez, jaitsi eta bertan amaitzea, Txankako azken zirkuitu hori sartu gabe». Kataluniarraren hitzetan, ezaugarri horrexek kentzen dio ikusgarritasuna Aiako igoerari. «Montelupone eta Huy erabakigarriagoak dira horretan». Rodriguezen ustez, etapa Aian bertan amaituko balitz, ezinbestekoa litzateke aldapa hori lehen bosten edo hamarren artean igotzen hastea. «Baina orain bi urte gertatu zen bezala, hamahiru kilometro horietan aurrekoekin bat egiteko aukera izango dute 20-25. postuan doazenek». Katuxakoak tristura puntu batekin eman du azalpen hori.
Igoeren gogortasunaren araberakoa izaten da txirrindulariek aukeratzen duten garapena. «Gaizki oroitzen ez badut, Monteluponen eta Aian 27 hortzeko koroa jarri nuen». Baina etaparen lehian sartu behar ez dutenentzat aholkutxo bat ere badauka Katuxakoak. «Gomendagarria da horiek 29 hortzeko koroa jartzea». Hortzak, koroak eta garapenak ahaztuta, ordea, kritikatxo bat egin dio Rodriguezek Aiako igoerari. «Badauka akats bat. Euskal zaleak izugarriak dira, baina pena da orain bi urte gertatu zena gertatzea». Zaleen bultzadez ari da hizketan kataluniarra. «40. txirrindularitik atzera bultzatuz igotzea normala da, aurreko 110 kilometroetan lanean aritu denak bestela ezingo lukeelako igo. Baina lasterketa jokoan daukatenak ezin dira ukitu». Italiako zaleek hori zorrotz betetzen omen dute. «Han lasterketa burua izugarri errespetatzen da».
Errespetua edo neurriak
Itzuli bateko aldaparik gogorrenean txirrindulari bati eman diezaioketen laguntzarik txikienak asko alda omen ditzake gauzak. «Aldaparik gogorrenean hamabost metroko bultzada txiki bat jasoz gero, litekeena da hankak bere onera etortzea, eta indartzea». Hori ez dela bidezkoa eta mesedez aurrean doazen txirrindulariak errespetatzeko eskatu die Rodriguezek euskal zaleei.
Zaleek idatzi gabeko lege hori errespetatu ezean, antolatzaileek berez hartu beharko ez lituzketen neurriak hartu beharko dituztela adierazi du Rodriguezek. «Baina hesiak jartzeak ikuskizunari kalte egiten dio. Zaleek ondo pasatu dezatela, animatu gaitzatela, jo dezatela txalo, garrasi egin dezatela, baina ez daitezela sartu lasterketan». Ulertzen du momentu horietan asko berotzea. «Baina lehen 20-30 txirrindulariak onenak dira, eta euren kabuz igo behar dute aldaparik gogorrena ere». Antolatzaileek soka jarriko dute igoera guztian, orain bi urteko kexarik egon ez dadin.
Montelupone lehen aldiz igo zutenean askok jarri behar izan zuten oina lurrean, eta Aian ere antzera ibili ziren asko eta asko 2008an. Antolatzaileak muga-mugan dabiltzala pentsa liteke horrekin? «Ez, ez. Oso zaila da txirrindulari batek oina lurrean jartzea. Gauza askok egin behar dute bat horretarako». Bi kasu horietan, behar ez zen garapena edukitzeagatik sufritu omen zuten hainbeste txirrindulariek. «Anglirun edo Mortirolon, adibidez, orain jada ez da horrelakorik gertatzen. Orain jendea ez da joaten igoera horietara 39-23ko garapenarekin». Montelupone igo zuen lehen aldian 25 hortzeko koroa jarri omen zuen, ezjakintasunagatik. «Eta orain askok 29koa jartzen dute, pentsa».
Joaquim Rodriguezek gustuko du Euskal Herriko Montelupone, eta gaurko etapan bere alde egiteko eskatu du. «Bai, bai, badaezpada ere jarri nire izena porran». Abisua bota du, eta ez da garaipenetik urruti ibiliko.
«Oso-oso gogorra zen aldapa hura, eta bizkarrez erori nintzen»
Aldapa gogorrak, gogor-gogorrak eta muturrekoak igo behar izan ditu Joaquim Rodriguezek bere kirol ibilbidean. «Baina aldaparik gogorrena lasterketatik kanpo igo dut». Azkar zuzendu du esandakoa. «Igotzen saiatu naiz, ez baitut igotzerik lortu. Oso-oso gogorra zen aldapa hura, eta bizkarrez erori nintzen». Barrez hasi da, eta berehala argitu du zergatia. «Espainiako Vuelta prestatzen ari nintzen, eta Andorrara joan nintzen, Incles haranera. Embalirara bidean, Soldeu herrira iritsi baino lehen, baserri bat dago ezkerrean, eta hortik gora igotzen saiatu nintzen».Egoskortu eta saiatu nahi duenak hantxe dauka neurriko pareta. «Gora iristen ari nintzela ezin nuen gehiago, eseri egin nintzen eta bizikletaren aurreko gurpila altxatu egin zitzaidan». Espainiako Vuelta prestatzera joan. «Eta ia-ia lesionatu egin nintzen». Aldapa hark zenbateko pendiza daukan galdetuta... «Ez dakit, baina %30etik gorakoa, seguru. Hori da igo dudan aldaparik beldurgarriena. Tira, igo ez dudana». Jaitsieran ere sufritu egin omen zuen.