Euskal Herriko Itzulia eta Klasikoa arriskuan daudela ohartarazi dute

Antolatzaileek diote Eusko Jaurlaritza aurrekontuaren %60 soilik emateko prest agertu dela

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Arriskuan daude datozen urteetako Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa, Euskadi Txirrindularitza Antolatzaileak atzo jakinarazi zuenez. Finantzaketa falta da horren arrazoi bakarra. 2009az geroztik, Eusko Jaurlaritza arduratzen zen bi lasterketa horiek diruz laguntzeaz. Bi erakundeek hiru urterako hitzarmena sinatu zuten urte hartan bertan, eta 2012. urtera luzatzeko aukera zegoen. Iazko maiatzean elkartu ziren bi aldeak aukera horretaz hitz egiteko, baina, egoera ekonomiko zailak bultzatuta, akordioa bertan behera uzteko erabakia azaldu zuen Jaurlaritzak. Jaime Ugarte Euskadi Txirrindularitza Antolatzailea erakundeko presidentearen arabera, «beste babesle bat aurkitzeko konpromisoa agertu zuen Jaurlaritzak, baina oraindik ez dugu haren erantzunik jaso».

Jaurlaritzaren ezezkoa jasota, antolakuntza bere kasa hasi zen babesle bila. Joan den astezkenean, «itxaropenik gabe» geratu ziren; ezetz esan zien azken aukera izan zitekeen babesle batek. Minduta agertu zen Ugarte. «Guztia antolatuta daukagu, dena prest dago; finantzaketa ere bai. Falta zaigun bakarra da Sari Nagusiaren lizentzia ordaintzea». Lizentzia hori lortu ezean, bi probak UCI World Tourretik kanpo gera litezke.

Egoera zein larria den ikusita, Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendariarekin bildu ziren joan den asteazkenean, Gasteizen. Ugarteren arabera, Sari Nagusiaren %60 soilik ordaintzeko prest agertu zen Jaurlaritza. «Aurrekontu horrekin, ezinezkoa da 2012ko Itzulia eta Klasikoa antolatzea», esan zuen Ugartek, etsita.

2013koak ere, kolokan

Datorren urteko Itzulia eta Klasikoa ere aurtengoaren bide berean dira. UCIk herenegun itxi zuen2013ko lizentziak eskatzeko epea, baina antolatzaileak ezin izan ziren aurkeztu. «Ez dakigu zer egin 2013an, 2012an bi probak egiten ez badira», adierazi zuen Ugartek. Apirilaren 2tik 9ra bitarte egitekoa da Itzulia, eta abuztuaren 14an Donostiako Klasikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.