Lehenik eta behin, Arrateko igoeran bildu den jendetza aipatu nahiko nuke. Izugarria izan da. Benetan. Inguru horretako zaleek ez dute hutsik egiten. Euskal bizikletari oparia egiten zaio Euskal Herriko Itzuliko etapa hau hor amaituta, eta erantzuna ederra izaten da. Merezi du urtero etapa bat hor amaitzea.
Taldeari dagokionez, goizean oso argi geneukan helburua: talde handi bati ihes egiten ez uztea, atzetik errazago kontrolatu ahal izateko. Hala ere, harrituta geratu gara, Caisse d'Epargnek hasiera-hasieratik hartu duelako lasterketaren ardura. Amurrion liderraren maillota nahita galdu zutela uste genuen, baina Valverde lider egon balitz bezala aritu dira lanean. Gu, noski, ezkutatu egin gara, Oscar Freire azken igoeran atzean geratuko zela aitzakia gisa jarrita. Robert Gesink aurrean eraman dugu, eta itzuliaren hasieran esan nuen moduan, ez du hutsik egin.
Samuel Sanchezekin batera, igoeran berak hartu du ardura. Segundo bakarrera dago sailkapen nagusian, eta kontuz berekin. Erlojupean ez da txarra. Ez dakit orain bi urte ez ote zuen bosgarren amaitu Orioko erlojupekoan. Oso indartsu dago, eta edozer gauza egiteko gai da. Podiumetik ez da jaitsiko, eta adi berekin. Hala ere, argi dago Valverde ere oso indartsu dagoela, eta ez da erraza izango.
Aiako igoera klasiko itxura hartzen ari da pixkanaka. Ikusmin izugarria egongo da igoeran, eta ikusgarria izango da, baina arriskutsua ere bai. Nahikoa da arazo mekanikoren bat izatea, erortzea edo oreka galtzea, ordura arte egindako guztia galtzeko. Polita da igoera, ados nago horrekin, baina oso arriskutsua da. Ikuskizunaren eta arriskuaren artean dagoela esango nuke.
Eta Gesinkekin kontuz ibiltzeko esan dizuedanez, podiumerako kiniela egiten hasiko naiz. Valverderi begira daude gehienak, baina nik Chris Horner jarriko dut koskarik altuenean, Valverde bigarrenean eta Robert [Gesink] hirugarrenean.
EUSKAL HERRIKO ITZULIA. Kontuz Gesinkekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu