Euskal Herriko Kirola. Izana izen bihurtu dute euskal kirolariek. Atzo aurkeztu zuten kirolaren eremu zabala egituratzea xede izango duen erakundea. Besteak beste, Irati Anda eskalatzaileak, Iker Acero surflariak eta Arkaitz Goñi arraunlariak eman diote babesa egitasmoari.
Adierazi dutenez, EH Kirola erakundea «askotarikoa» eta «irekia» izango da: «Kirola maite eta Euskal Herriko zazpi lurraldeen esparrua onartzen duten guztien etxea izan nahi dugu».
Mikel Troitiño surflariaren esanetan, munduko beste edozein nazio bezala lehiatzeko sortu dute erakundea. Kirolaz gain, Euskal Herriarekiko sentimenduak batzen dituelako abiatu dute ekimena. Banatu, aldiz, Espainia eta Frantziako zatiketa administratiboak: «Euskal Herriaren zatiketa administratiboak euskal kirola zatitu egiten du». Troitiñok esan duenez, salbuespenak salbuespen euskaldunek ez dute zazpi lurraldeetako kirolariak biltzen dituen liga nazionalik. Horregatik, kirol federazioek hutsik utzitako zuloak betetzeko egingo dute lan: «Euskal Herriko Kirola ez doa dagoenaren aurka, dagoen hutsunea betetzera baizik».
2009ko abenduan Kirol Haerria ekitaldiaren bitartez jarri zuten lehen harria. «Donostiako belodromoa jendez bete zen, eta 2.000 kirolarik baino gehiagok babestu zuten ekitaldia», esan du. Azpimarratu duenez, ordutik egin duten barne hausnarketaren ondorio da jaio den erakundea.
Dena dela, egungo egora ez da egokiena euskal selekzioen alde borrokatzeko, sortzaileen hitzetan: «Orain dauden federazioek ordezkatzen dituzten lurralde eremuak ez datoz bat euskaldun multzoaren osotasunarekin». Izan ere, federazio horien eskumena mugatua da, Espainiako edo Frantziako egitura administratiboaren barruan daudelako. «Kirolean ere gure herri sentimenduaren adierazpena izateko mugak jartzen dizkigute», jakinarazi dute.
Hori dela eta, ofizialtasuna izango du helburu zabaldutako ateak. Batetik, erakundearen bidez euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatuko dute: «Gure kirolari eta kluben Europarako zein mundurako irteera zuzena izan nahi dugu». Eta, bestetik, kirol guztietako mailetan euskal liga eta txapelketa nazionalak antolatzeko asmoa errealitate bilakatzea.
Gaineratu dutenez, nazioarteko federazioekin lehiaketak «zuzenean» kudeatzen saiatuko dira. «Halakorik ezean, nazioarteko txapelketa alternatiboak egingo ditugu».
Troitiñoren arabera, erakundeak lotuko duen sarea oraindik osatu gabe dago: «Federazio bakoitzak bere dinamikak ditu, baina badira hamar bat kirol dinamikan sartzeko prest daudenak». Horregatik, euskal kirola sustatzeko ahaleginetan jarraituko dutela nabarmendu du. «Gauzak ez badira behar bezala egiten horretarako egongo gara gu».
«Partida luzea»
Irati Anda eskalatzailearen ustez, partida luzea izango da: «Badakigu partida luze eta gogor baten erantzukizuna hartu dugula, baina ezin izan da golik sartu baloia birarazi gabe».
Haatik, Euskal Herriko kirol eragile guztiekin elkarlana abiatzea izango da egingo duten hurrengo urratsa.
Troitiñok aitortu duenez, federazioek kirolarien eskaerei erantzuten ez dizkieten gabeziak bete nahi dituzte. Gaur egungo egitura ohikoetatik urruntzen diren proposamenak jasotzean federazio eta klubak beldurtu egiten direla pentsatzen du. «Gu ez gatoz arauak jartzera, kirolarien nahiak betetzera baizik», dio.
Surflariaren aburuz, aski ezagunak dira, besteak beste, selekzio nagusiko futbolarien ase gabeko eskakizunak. Hori dela eta, eskaera eta baliabideak beste kiroletara zabaltzeko gizartearen babesa ez zaiela faltako sinetsita daude Euskal Herria Kirol elkarteko kideak. Ekimenaren berri zabaltzeko, www.ehkirola.org webgunea ireki dute. Kirolaren etxea.
Euskal kirola, erakunde
Euskal Herriko Kirola erakundea sortu dute, kirol guztietan euskaldun gisa lehiatu eta egituratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu