Futbola

Euskal selekzioa - Argentina partida ez da jokatuko

Argentinak erabaki du partida ez jokatzea, eta Euskal Selekzioaren Federazioak jakinarazi du haiekin harremanetan daudela daudela "egoera zuzentzeko". Urriaren 13an zen jokatzekoa norgehiagoka.

Euskal Selekzioak jokatutako azken partidako irudi bat. EUSKADIKO FUTBOL FEDERAZIOA
2019ko irailaren 6a
09:54
Entzun

"Kudeaketa zailtasunak" onartu ditu Euskal Selekzioaren Federazioak, baina ez du ezer gehiago esan. Iragarri dute laster agerraldia egingo dutela egindako gestioen eta haietan "lortutako emaitzen" berri emateko.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Futbol Federazioak bilera bat egin zuten abuztuaren  28an Bilbon, eta, horren ostean federazioa, ohar baten bidez, jakinarazi zuen urriaren 13an, igandez, San Mamesen, selekzioak partida jokatu zuela Argentinaren kontra, egun batzuk lehenago Lionel Scalonik zuzentzen duen  taldeak Alemaniaren aurka Dortmunden adiskidantzazko partida bat jokatuko zuela baliatuz.

Bi egun geroago, ordea, zabaldu zen partida airean zegoela, eta gorabeherak zeudela, Argentinak ez zekiela ezer horren inguruan. BERRIAk egun horretan jakin zuen  federazioa horiek bideratzen ahalegintzen ari zela Argentinako Federazioarekin eta partida negoziatu zuten bitartekariekin.

Iazko abenduaren 12an Durango egindako batzarrean, Euskadiko Futbol Federazioak ia aho batez erabaki zuen Nazioarteko (FIFA) eta Europako (UEFA) federazioei eskatzea eskubide osoko kide gisa onartua izatea. Hurrengo egunean iritsi zen Luis Rubiales Espainiako Federazioko presidentearen erantzuna: «Erabat gauzatu ezina da eskari hori». Ordutik ez da berririk egon, baina halako partidekin bide horretan urratsak egiten jarraitu nahi dute, ofizialtasunaren bidean.

Jokatu izan balitz Argentinaren aurkakoa euskal selekzioak FIFAren datetan jokatuko zuen bigarrena izango zen, aurreko urtean Venezuelaren aurka Mendizorrotzan jokatutako partidaren ondoren; aro modernoko 35.a  eta aurten jokatutako bigarrena. Maiatzaren 30ean Panaman jokatu zuen, 0-0 berdinduta.

Panamakoa Javier Clementek euskal selekzioari zuzendutako lehen partida izan zen. Bero eta hezetasun handiko lehia izan zen, eta, ondorioz, ia ez zuen erritmorik eduki. Partida hartako deialdia berritasunez beteta egon zen. Zerrendan zeuden hamazazpi jokalarietatik bederatzik lehen aldiz jantzi zuten selekzio nagusiaren elastikoa: Iago Herrerinek, Aitor Fernandezek, Aihen Muñozek Unai Bustintzak, Jesus Aresok, Daniel Vivianek, Gaizka Larrazabalek, Iñigo Vicentek eta Asier Villalibrek. Zenbait arrazoi tarteko, hainbat jokalari garrantzitsu faltatu izan ziren deialdian: Mikel Oiartzabal, Mikel Merino, Igor Zubeldia, Iñaki Williams, Yuri Berchiche eta Iker Munian, besteak beste. Gainera, berriz ere, ez zen Ipar Euskal Herriko jokalaririk egon deialdian. Ikusteko dago orain ere Clementek zer jokalari duen eskuragarri, FIFAren datak baitira.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.