Euskal taldeen aurkariak: Leganes, Girona, Mancha Real eta Mallorca

Espainiako Kopako final-hamaseirenetako partidak urtarrilaren 4tik 6ra jokatuko dira. Partida bakarrera izango dira kanporaketak

Realeko jokalariak, Zamorari sartutako goletako bat ospatzen. M. MONTESINOS. / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Leganes-Reala, Mancha Real-Athletic, Girona-Osasuna eta Eibar-Mallorca. Horiek dira euskal taldeen kanporaketak Espainiako Kopako final-hamaseirenetan. Neurketak urtarrilaren 4tik 6ra jokatuko dira, partida bakarrera.

Panaderia Pulido eta Zamora kaleratu ostean, Leganes izango du aurrean Realak. Han ari dira talde txuri-urdinean ibilitako hiru jokalari: Ruben Pardo, Asier Riesgo eta Jon Bautista. Asier Garitano zen taldeko entrenatzailea, baina kaleratu egin zuten, emaitzengatik.

Espainiako Superkopa jokatu duenez, Athletic salbuetsita egon da lehen bi kanporaketatik, eta jakina zen maila apaleko talde bat egokituko zitzaiola. Mancha Real izango da. Espainiako taldeak Granada utzi zuen kanpoan aurreko kanporaketan.

Osasunak sufritu egin zuenDeportivo kanpoan uzteko, eta oraingo honetan Gironaren aurka jokatzea egokitu zaio. Herrialde Katalanetako talde hori Bigarren Mailan ari da, eta behetik gora egin du denboraldi honetan. Dagoeneko zortzigarren postuan dago, eta hiru puntura ditu igoera postuak. Cristian Stuani da haien jokalari izarra.

Eibar izango da etxean ariko den bakarra: Mallorca hartuko du. Denboraldi honetan itzuli da Lehen Mailara, eta indartsu hasi zuen sasoia. Horrek sailkapenaren erdialdean egotea ahalbidetu dio.

Realak ligako partida gaur

Kopako kanporaketa hori baino lehen, Ligako neurketak izango dituzte euskal taldeek. Realak gaur jokatuko du, Vila-realen kontra (16:15, La Liga). Txuri-urdinek onbidera itzuli nahi dute, ligako azken hiru neurketak galdu baitituzte. Hori lortzeko funtsezko bi jokalari berreskuratu ditu Imanol Alguacilek: Mikel Merino eta David Silva. «Jokalari garrantzitsuak dira, baina haiek gabe ere galdu genituen partidak. Haien ekarpena handiagoa da taldeari esker». Aurkariaren inguruan, zera adierazi zuen: «Sekulako taldea dute, eta aurrera egin dute Txapeldunen Ligan. Dena esanda dago».

Bihar jokatuko du Athleticek, San Mamesen, Betisen aurka. Atzo jakin zen Iñigo Martinez eta Unai Simon ez direla arituko, positibo eman baitute COVID-19an. Bi jokalariak bakartuta daude, baina osasun onean. Zuri-gorriek asteazkenean ere ligako partida dute, Real Madrilen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.