KIROLA

Euskaltel-Euskadiren agurra

Abenduaren 31n bere jarduera etengo du Basque Cycling Pro Team fundazioak, eta, horrenbestez, baita txirrindulari talde profesionalak ere.

2013ko abuztuaren 20a
21:19
Entzun

"Euskaltel-Euskadik bigarren babesle bat behar zuen txirrindulari taldeari eutsi ahal izateko, eta lortu ez duenez, taldeak ezin izango du jarraitu 2014an". Hala dio Euskaltel-Euskadik bere webgunean eskegitako agiriak: bigarren babesle baten bila zebilen Euskaltel, horrek bakarrik ezin diolako 7 milioi euroko ekarpen minimoa eskatzen duen proiektuari eutsi. Urtea amaitu arteko kirol-egutegiari eutsiko dion arren, 2014an ez da Euskaltel-Euskadi txirrindulari talderik izango. "Egun tristea" da gaurko Euskaltel proiektuarentzat: "Izugarri atsekabetzen gaitu ez enpresaik ez erakunderik ez agertu izanak munduko eliteko txirrindularitzaren aitzindari izan den talde honen aldeko apustua egiteko prest".

Uztailean jakinarazi zuen Basque Cycling Pro Teamek, txirrindulari talde profesionalari eusteko sortu zen fundazioak, egoera zaila zela, eta gaur eman du taldeak agurraren erabakiaren berri. Erabakiak ez du inor harritu; izan ere, instituzioek 3 milioi eta erdiko diru-laguntza kendu zioten iragan urtean. Euskaltelek kopuru hori urtebetez jarriko zuela esan zuen orduan, zazpi milioi guztira. Urtebete igarota, eta hiru urterako World Tour lizentzia badu ere, ez du beste babeslerik lortu zuzendaritzak, eta taldearen desagerpena ekarri du horrek.

Txirrindulariek beste taldeekin negoziatzeko baimena bazuten ere, edozein erabaki hartu aurretik taldearekin hitz egitea adostu zuten, azken orduan babeslea topatuko zutenaren itxaropenarekin. Espainiako Vueltaren aurretik hartu behar zuten erabakia, txirrindulariek beste talde bat bilatzeko denbora izan zezaten. Lortu ez dutenez, txirrindulari guztiak libre geldituko dira, eta geroa airean dutela lehiatu beharko dute Espainiako Vuelta. Ez da erakusleio makala, dena den, eta taldeko oilarrei —Mikel Nieve, Igor Anton, Mikel Landa, Ion Izagirre, Gorka Izagirre eta Samuel Sanchez— eskaintzak faltako ez bazaizkie ere, ziur duten ahala erakutsi nahiko dutela. Agirian azaldu duenez, berehala hasiko da Euskaltel taldekideen askatasun-gutuna negoziatzen. 

Euskaltelek baieztatu duenez, "gogotik ahalegindu da" hainbat enpresekin harremanetan jarri eta negoziatzen, "aukera guztiak azken punturaino agortzen". Agirian Euskaltelek "EAEko gizartearekin duen konpromisoa" nabarmendu nahi izan du, eta horien artean, txirrindulari taldearen bidez sortutako lanpostuak izan ditu hizpide: horren arabera, 550 lagunentzako enplegua sortu du zuzenean, eta beste 3.500ena, zeharka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.