FRANTZIAKO TOURRA

Euskaltel-Euskadiren mendia da Luz Ardiden

Pirinioetako eski estazio horretara iritsiko da gaur lasterketa. 2001ean Roberto Laisekak irabazi zuen han, eta 2011n, igo zuten azken aldian, Samuel Sanchezek. Aurrez, 1990an, Indurain gailendu zen.

Roberto Laiseka, 2001ean Luz Ardidenen irabazten. EFE
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 14a
13:29
Entzun

Zaila da Luz Ardiden (1.719 metro) entzun-irakurri eta Euskaltel-Euskadirekin ez lotzea. Azkeneko 20 urteotan hiru aldiz iritsi da Frantziako Tourra Pirinioetako eski estazio horretara, eta bitan talde laranjako txirrindulariren batek irabazi zuen: 2001ean, taldeak lasterketan debuta egin zuenean, Roberto Laisekak; eta 2011n, Samuel Sanchezek. 2003koan ere protagonista izan ziren Euskaltel-Euskadikoak, Iban Mayo eta Haimar Zubeldia bigarren eta laugarren helmugaratu baitziren, Lance Armstrongengandik 40 segundora. Eta artean olatu laranja existitu ez baina jada ikurrinak Pirinioetako mendateetako bide bazterretan barra-barra ikusten zirenean, 1990ean, Miguel Indurainek irabazi zuen. Tourraren 18. etapa Luz Ardidenen bukatuko da gaur.

Hamahiru kilometro pasako igoera da, eta %7,6ko batez besteko pendiza dauka. Pirinioetan badira aldapa tenteagoak, baina min egin ohi duen igoera da, kilometro bakar batek ere ez duelako atsedenerako unerik eskaintzen, eta, batez ere, Tourmalet (2.115 metro) igarota iristen baitira txirrindulariak. Hala izan da historikoki —1985ean igo zuten estreinakoz, eta Pedro Delgadok irabazi zuen—, eta gaur ere Tourreko mendate mitikoenetako bat igo eta jaitsi ondoren ekingo diote Luz Ardideni.

Laisekaren musuak

Igandea zen, eta egunotakoa kontuan hartuta gezurra badirudi ere, eguraldi oso ona egun zuen uztailaren 22 hartan. Telebistaren aurrean egoteko baino, hondartzarako giroa zegoen. Eguzkiak Luz Ardideneko bazterrak ere berotu zituen, eta han lasterketa iritsi zain zeuden euskal zaleek izen bat zerabilen ahoan: Roberto Laiseka 32 urteko ziklista beteranoa. Izan zitzaketen, bai, horretarako arrazoiak. Espainiako Vueltan etapak irabazia zen ordurako —Abantosen 1999an, eta Ordino-Arcalisen 2000n—, eta Tour hartan erakutsia zuen sasoiko zegoela.

[youtube]https://youtu.be/Ew18HBPpieY[/youtube]

Chamrousse-ko kronoigoeran, Alpeetan, laugarren izan zen, eta Luz Ardidenera iritsi baino bi egun lehenago, Ax-les-Thermeseko etapan, Plateau Bonascre lakarrean gora, atzean utzi zituen Armstrong, Ullrich, Beloki eta enparauak. «Kilometro bat falta izan zait Cardenas [garailea] harrapatzeko». Bigarren azkenean. Hurrengo egunean, Saint Lary Soulanera bidean, ahalegindu zen berriro, baina giharretako arazoak zirela medio, azkenean 28 minutura helmugaratu zen. «Non dago Laiseka?», galdetzen zuten Pla d'Adeteko maldetan zain zeuden euskal zaleek.

Hurrengo egunean ez zuten hori galdetu behar izan. Hanka onekin zegoen Laiseka. Tourmaleten, artean biserarekin —2003tik da derrigorrezkoa kaskoa erabiltzea—, Garzellirekin batera aurrera egiten ahalegindu zen, baina faboritoen tropeltxoak gainera heldu aurretik irentsi zituen. Aurretik zen eguneko ihesaldia. Hasi ziren Luz Ardiden igotzen, eta tropeltxoaren burua hartu zuen Guerinik, Ullrichen taldekideak. Atzean jarri zitzaizkion alemaniarra, Armstrong liderra, Chaurreau.... Eta gainera iristeko 11 kilometroren faltan iritsi zen Laisekaren erasoa. Ezin geldirik egon. Ihesaldian zebiltzan guztiak harrapatu eta pasatu zituen; azkenekoa, Belli, italiarra.


Laiseka bostekoa ematen Armstrongi, podiumean. EFE

Azkeneko lau kilometroak bakarrik osatu zituen, su batean, su betean, eta noizbait aitortu izan du une horretan bazekiela irabaziko zuela, faboritoei minututik gorako aldea ateratzen zielako helmugarako hiru kilometroren faltan. Baina azken 100 metroetara iritsi arte, ez zen hasi garaipenarekin gozatzen. Orduan bai, orduan eskuak heldulekutik askatu, eta zale guztiei musu bat eskaini eskuin eskuarekin, beste bat ezkerrarekin, aitaren egin, berriro musuak bi eskuekin, besoak zerura, eta aitaren berriro Laisekak— hezur eta haragi: 1,84 metro luze, eta 63 bat kilo puntuan zegoenean—, bizikleta gainean dotorea ez baina historia egin zuen igotzaile petoak: Euskaltel-Euskadiri estreinako garaipena eman zion Tourrean. «Tourreko etapa bat irabaztea baino gauza handiagorik ez dago», adierazi zien kazetariei, malkoei eutsi ezinik.

Sanchezek, hirugarrenean

Ziklista garaile bat izateko, harritzekoa zen Samuel Sanchezek Tourrean garaipenik ez edukitzea. Hirugarren aldia zuen lasterketan: 2008an zazpigarren izan zen nagusian, eta 2010ean laugarren. 2011n podiuma zuen helburu, eta etapa garaipenen jokoan sartzeari ere ez zion muzin egiten, errematatzailea izaki. 2010ean lortzekotan izan zen, baina Andy Schleck-ek esprintean aurrea hartu zion Morzine-Avoriazeko helmugan.

Podiuma helburu, bai, baina lehen etapan erori eta denbora galduz gero, askoz ere zailagoa dena. Horrenbestez, atzetik aurrerako lasterketa egin behar izan zuen Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, eta Tourreko lehen mendiko etapan, Luz Ardidenekoan, mugitzeko baimena eman zioten beste faboritoek.

Tourmaleten behera jo zuen Gilbertek, eta hari jarraitu zion Sanchezek. Aurretik zen eguneko ihesaldia, eta hor zihoan Ruben Perez taldekidea. Itxaron egin zion Euskaltel-Euskadiko liderrari, eta mendatearen lehen maldetan gurpilean eraman zuen. Nolanahi ere, espainiarrak aintzat hartu behar zuen lasterketa burua —Roy eta Geraint Thomas— bi minutu pasara zuela, eta atzean, faboritoak, ez zeudela urrutiegi: 40 bat segundora.

Erritmo bizian jarraitu zuen gorantz, harrapatu zituen aurretik zituenak, eta Vanendert izan zuen lagun azkeneko zazpi kilometroetan. Minutu pasa ingurura zituen faboritoak. Alde horri eutsi zion, atzean sua piztu zen arte. Frank Schleckek aurrerantz jo zuen, eta helmugarako 300 bat metroren faltan Sanchez eta Vanendert harrapatzekotan egon. Orduan eman zuen azken kolpea Euskaltel-Euskadikoak, eta azken metroetan gozatu ere egin ahal izan zuen, eta amorruz ospatu garaipena. Hamar urte geroago, laranja berriro garaile Luz Ardidenen. Eta berriro malkoak: «Umetako ametsa bete dut».


Sanchez, 2011n Luz Ardidenen garaile helmugaratzen. EFE

Indurain eta Pirinioak

Tourrean lortu zituen lehen bi etapa garaipenak Pirinioetan zakuratu zituen Indurainek: Cauteretsen (1989) eta Luz Ardidenen (1990). Bi Tour horietara joan zen Delgadorentzat lan egitera, baina bigarrenean, batez ere, espainiarra beherantz zihoala eta nafarra gorantz zihoala ikusi ahal izan zen. Banesto taldean zeuden, eta baieztatu daiteke Luz Ardideneko etapako azken kilometroetan taldean zituzten rolak aldatu zirela, lasterketak berak, bataren zein bestearen ahalak, hala erabakita.

Chiappucci liderra atzeratzeko, taldekideak lanean jarri zituen Lemond faboritoak, 1989ko Tourraren garaileak. Gainerako bospasei kilometroren faltan, ordea, estatubatuarrak berak hartu zuen tropeltxoaren ardura —aurretik zuen Martinez, eguneko ihesaldikoa—, eta erritmoa bizitu. Lejarretak eta Indurainek bakarrik eutsi ahal izan zioten. Delgadok podiuma zuen jokoan, baina nafarrak ez zion itxaron.

Lejarretak helmugatik bizpahiru kilometrora eman zuen amore, eta Indurainek Lemond atzeratu ahal izan zuen azken metroetan, baliatuz ia uneoro tiraka aritu zena estatubatuarra izan zela.


Indurain, 1990ean Luz Ardidenen irabazten. Movistar Team

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.