Euskaltel-Euskadi hiru egun barru jarriko da martxan. Taldeak lau eguneko egonaldia egingo du astelehenetik aurrera Derion (Bizkaia). Datorren urtean taldean ariko diren kide guztiak elkartuko dira bertan, tartean elastiko laranja soinean jantzita lehiatuko diren 29 txirrindulariak. Ziklista horiek lehen pedal kolpeak emango dituzte elkarrekin sasoiko lehen entrenamenduetan. Entrenatu ez ezik, bilerak ere egingo dituzte taldeko kirol zuzendariekin, datorren sasoian izango duten egutegia eta prestaketa zehazteko. Guztiek, txirrindulariek eta zuzendariek, dute lan dezente egiteko, eta horien artean bat nagusiki: guztiak taldera egokitzea. Ez da lan samurra izango, zalantzarik gabe, aldaketa urtea izango baita 2013a Euskaltel-Euskadirentzat.
Berrikuntzak dira nagusi Euskaltel-Euskadin hurrengo sasoiari begira. Hala, UCI World Tourrean, txirrindularitzako maila nagusian, toki bat ziurtatzeko, bederatzi atzerritar fitxatu ditu: Juan Jose Lobato espainiarra, Tarik Chaufi marokoarra, Aleksandr Serebriakov errusiarra, Ricardo Mestre portugaldarra, Ioannis Tamuridis greziarra,Steffen Radochla eta Andre Schulze alemaniarrak eta Jure Kocjan eta Robert Vrecer esloveniarrak. Horiei bi euskal txirrindulari gehitu behar zaizkie: Garikoitz Bravo eta Jon Aberasturi.
Bost joan, 11 etorri
Horiei guztiei tokia egiteko, berriz, bost txirrindulari faltako dira: Amets Txurruka, Iban Belasko, Alan Perez, Pierre Cazaux eta Victor Cabedo. 11 fitxaketa horiek eta taldean jarraitzen duten hemezortzi txirrindulariek osatuko dute 2013ko Euskaltel-Euskadi: Samuel Sanchez, Igor Anton, Mikel Astarloza, Jorge Azanza, Pello Bilbao, Ricardo Garcia, Gorka eta Ion Izagirre, Mikel Landa, Egoi Martinez, Miguel Minguez, Mikel Nieve, Juanjo Oroz, Ruben Perez, Adrian Saez de Arregi, Romain Sicard, Pablo Urtasun eta Gorka Verdugo dira taldean jarraitzen dutenak. 29 txirrindulari guztira. Denak hasiko dira lanean astelehenetik aurrera.
Euskaltelek lau eguneko egonaldia egingo du astelehenetik aurrera
Datorren urtean taldean ariko diren 29 txirrindulariak eta zuzendariak elkartuko dira, sasoia zehazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu