Iaz, Simone Moro eta Ali Sadpararekin batera tontorrera iritsita, Alex Txikon aurrena izan zen Nanga Parbat neguan eskalatzen. Eta aurrena izan nahi du Everest neguan eta oxigenorik gabe igotzen ere. Carlos Rubio mendizalea izango du bidelagun, eta haiekin batera joango dira Aitor Barez eta Pablo Magister mendizaleak ere. Azken bi horiek bideko ibilerak grabatzea izango dute eginkizun, espedizioarekin filme bat egiteko asmoa baitute.
Xerpak kontratatuko dituzte, baina ez dituzte beraiekin izango bide osoan. Bost joango dira, eta Khumbuko urjauzira arteko bidea prestatzeko lana izango dute —izotz bloke ugariko gunea da, beheko kanpalekua aurrenarekin lotzen duen bidean; eskailerak eta sokak prestatu behar izaten dira—. Handik aurrera, beharrezko dituzten prestaketak beraiek egitea aurreikusten dute. Denera, lau kanpaleku jartzeko asmoa dute.
1980ko neguan Krysztof Wielicky poloniarra igo zen munduko mendirik garaienera, baina, oxigeno potoekin eta hogei bat laguneko taldearen babesarekin egin zuen. Azken 23 negutan ez da inor saiatu Everestera igotzen.