Unicaja. McIntyre (12), Almazan (3), Fitch (26), Freeland (13), Archibald (7) —hasierako bostekoa—; Rodriguez (3), Tripkovic (8), Blakney, Sinanovic (4), Rubio (12) eta Blanco (4).
Bizkaia Bilbo Basket. Jackson (16), Warren (9), Mumbru (6), Mavroeidis (12), Banic (13) —hasierako bostekoa—; Fisher, Hernandez-Sonseca (2), Hervelle, Vasileaidis (12) eta Blums (2).
Markagailua. 26-14, 47-26 (atsedenaldian); 70-47 eta 92-72.
Epaileak. Bertran, Araña eta Martinez. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 9.200 ikusle inguru Martin Carpena pabiloian.
Akabo bolada, eta akabo azken hilabetean irabazitako izen on guztia. Bilbo Basketek astindu handia jaso zuen Malagan, eta oso kostata irabazitako talde arriskutsuaren ospea galdu hogei minutu eskasean. Nekeagatik izan liteke, edo asmatu ez zutelako, baina bizkaitarrek jarrera baldarra erakutsi zuten lehen zatian, eta garesti ordaindu zuten zabarkeria hori. Galtzeko moduak eta moduak baitaude, eta atzokoa itsusia izan zen oso. 21 puntuko aldea zeukan atsedenaldia iristerako Unicajak, 47-26, eta ezinezko egin zuen bilbotarren erreakzio oro.
Galtzen hasi, eta bi taldeen arteko puntu aldea ere galdu zuen Katsikarisen taldeak. Hemezortzi puntugatik irabazi zioten joanekoan Unicajari, eta hogei puntugatik galdu atzo. Oraingoz bi garaipeneko aldea mantentzen du Bilbo Basketek Unicajarekiko, baina ibil dadila kontuz, bi taldeek liga erregular bukaeran balantze bera baldin badute Unicajak aurrea hartuko liokeelako bizkaitarrei.
Partida hasierak norgehiagoka parekatua izango zela erakutsi zuen. 7-6 aurreratu zen Unicaja, Chris Warrenek jokaldi ikusgarria egin ostean, baina hortik aurrerakoa gurutze bidea izan zen euskaldunentzat. Unicajako Fitch berotzen hasi zen, eta errenkadan lau puntu saskiratuta, 11-6 aurreratu zuen taldea. Hasiera baino ez zen izan, Bilbo Basket puntuak egin ezinik aritu baitzen hiruzpalau minutuan. Unicajak, aldiz, erraz saskiratzen zuen, eta 20-8 aurreratu zen. Eskerrak etxekoak falta asko egin zituztela, sei puntu lortu baitzituen Bilo Basketek faltak behartu ostean.
Lehen laurdena bukatuta, desastrea hobetzeko tartea egon bazegoen: 26-14. Unicajak, ordea, argi erakutsi zuen sasoi puntu onean dagoela, eta konfiantzarekin dagoela, defentsan muga-mugara iristeko gertu. Bizkaitarren eraso oro zen trabatua, argitasun gutxikoa, eta Katsikarisen taldeak erasoko errebotearen bidez lortzen zuen saria. Beste bide guztietatik ezin, zailtasun asko eman zizkiolako Unicajak.
Erasoan asmatu ezin, eta defentsan ere galduta. Freeland eta Sinanovic nahierara aritu ziren saskipean, eta haiek asmatzen ez zutenean, Fitchek hartzen zuen erantzukizuna. Zaparrada handi samarra izan zen, eta Unicajak hogei punturaino handitu zuen aldea. Katsikarisek ezin zuen sinetsi taldea ematen ari zen itxura kaskarra, azken hilabetean ikusi zuena gogoan, eta burumakur joan zen aldageletara. 21 puntuko aldeari buelta ematea zaila delako, baina jokalariek erakutsitako jarrerarekin, ezinezkoa.
Puntu aldeari eutsi ezin
Bigarren zatiak hari berbera izan zuen. Bilbo Basketek behin bakarrik jaitsi zuen hogei puntuko langa, partida bukatzeko bost minutu falta zirela, baina Unicajak batere arazorik gabe irabazi zuen, eta hemezortzi puntuko aldea. Izan ere, joaneko partidan alde hori izan zuen Bilbo Basketek, eta azken laurden osoa alde horretatik jaitsi ez jaitsi borroka soila izan zen. Eta lan horretan ere, etxeko taldea izan zen garaile.
Besteak beste, Fitch zenbaki bikainak egiten tematu zelako eta Bilbo Basketen ahalegin oro zapuztu zuelako. Estatubatuarrak 26 puntu saskiratu zituen, lau hiruko tartean, eta parean izan zituen guztiak erotu. Bukatu da bolada ona, eta onena Malagako porrota ahaztea eta berriro gora bidean jartzea. Bilbo Basketek hamasei partida irabazteko aukera zuen lehen aldiz. Kanaria Handian izango du aukera. Plaza zaila.
Unicaja 92. Bizkaia Bilbo Basket 72
Ez bosgarren eta ez ezer
Astindua jaso du Bilbo Basketek Malagan, eta aspaldiko partidarik txarrena jokatu; puntu aldea ere galdu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu