Ez da aurkari bera

Laboral Kutxak erraz irabazi zion Neptunas Klaipedari Euroligako estreinako partidan, baina Lituaniako taldeak gora egiten du etxean

DJ White eta Tornike Xengelia, Donatas Zavackas Neptunasekoarekin lehian. DAVID AGUILAR / EFE.
Julen Etxeberria.
2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Laboral Kutxa Baskoniako inguruari oroitzapen onak datozkio burura Neptunas Klaipeda izena entzundakoan. Ez da harritzekoa, Lituaniako taldearen aurka jokatutakoa izan zen sasoi honetan bizitako lehen egun ona. Gutxi izan direla kontuan hartuta, normala da erraz ez ahaztea.

Gasteizko taldeak 88-69 irabazi zion Neptunas Klaipedari joan zen urriaren 15ean, Buesa Arenan, Euroligako estreinako jardunaldian. Denboraldi honetako lehen garaipena izan zen, ordu arte jokatutako hiru norgehiagokatan galtzaile izan baitzen Laboral Kutxa: Bartzelonaren kontra Espainiako Superkopako finalerdietan eta ACB ligako lehen jardunaldian, eta Unicajaren aurka ligako bigarren saioan.

Gaur berriro ariko dira gasteiztarrak eta lituaniarrak elkarren aurka, bigarrenen kantxan, ligaxkako seigarren jardunaldian. Hilabete pasatxo pasatu da Buesa Arenan jokatutako partida hartatik. Ezer gutxi aldatu da Laboral Kutxaren jarduna. Eskasa da oraindik ere. Estatistikak hor daude. Beste bederatzi partida jokatu ditu, eta gehiago izan dira galdutakoak irabazitakoak baino: lau irabazi ditu, eta bost galdu. Horrek, noski, izan du ondoriorik. Neptunasen aurkako lehia amaituta aldagelarako bidea pozik egin zuen Marco Crespi jada ez dago Gasteizen. Zuzendaritzak, Josean Kerejeta Baskoniako presidenteak hobeto esanda, orain astebete kendu zuen kargutik entrenatzaile italiarra, Izar Gorriak Laboral Kutxa bere zaleen aurrean lotsagarri uzi ondoren —hogei punturen aldeaz nagusitu ziren serbiarrak (66-86)—.

Hamiltonen ordez, Begic

Ibon Navarrok ordezkatu du Crespi, behin-behinean. Klubak ez du oraindik jakinarazi italiarraren ordezkoa, baina egunek aurrera egin ahala, handituz doaz Ibon Navarroren aukerak. Entrenatzaile gasteiztarrak jada zuzendu du lehen aldiz taldea partidabatean. 79-62 irabazi zion Laboral Kutxak Gipuzkoa Basketi derbian, joan zen igandean. Navarrok bere grina kutsatu zion taldeari.

Gaur ere gogoz aritu beharko du, Neptunas Klaipeda inon arriskutsua bada, etxean da. Ligaxkan irabazitako bi partidak etxean irabazi ditu: Izar Gorriari (83-81) eta Valentziari (94-87). Olympiakosek, multzoko liderrak, berriz, ederki sufritu zuen (81-85).

Lamont Hamiltonek ez du gaur jokatuko, zuntz haustura bat baitu ezker hankako behatz batean. Ikusteko dago ea gehiago jokatuko duen ere. Klubak lotua du haren ordezkoa: Mirza Begic 2,20 metroko pibot esloveniarra. Litekeena da gaur bertan jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.