Ez da entrenamendua

Batita Ducassou da faborito gaur, Mathieu Ospitalen aurka, buruz buruko finalean. Biak Panpi Ladutxeren aginduetara prestatzen dira

Batita Ducassou eta Mathieu Ospital, finalerako pilota aukeratzen. BOB EDME.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Trinketak urteko partidarik garrantzitsuena du gaur, eta, ohikoa denez, Moderne Baionako trinketan jokatuko da (11:00). Batita Ducassouk (Itsasu, Lapurdi, 1991) eta Mathieu Ospitalek (Hazparne, Lapurdi, 1993) buruz buruko finala jokatuko dute. Ezusteko finala da, inor gutxik espero baitzuen Ospital txapelerako lehian. Ducassou, berriz, bai, hirugarrenez jarraian iritsi da finalera, eta, duela bi urte egin bezala, irabazten saiatuko da. Bera da, bide batez faborito handia.

Bi finalisten artean ez dago sekreturik. Biak Panpi Ladutxek prestatzen ditu, eta makina bat entrenamendutan neurtu dira. Bien botileroa da Ladutxe, baina gaur harmailetatik ikusiko du partida. Ostegunean egin zuten pilota aukeraketa, eta, Ospitalek esan zuenez, ez da oroitzen Ducassouri inoiz irabazi izanaz. Entrenamenduetan ezin jakin, baina txapelketan bai ezetz. Ospitalek iaz jokatu zuen lehenbizikoz txapelketa, eta aurten neurtu da aurrenekoz Ducassouren aurka. Finalerdietako ligaxkan izan zen, eta itsasuarrak 40-17 irabazi zion.

Eskarmentua Ducassouren aldekoa da. Txapela irabaztea zer den badaki, eta hainbat final jokaturikoa da buruz buru zein binaka. Ospitalek, berriz, ez. Ducassouk aukeraketan nabarmendu zuenez, baina, Ospital oso lasaia da, ez du uste Moderneko harmailak goraino beteta ikusteak eragingo dionik. Kirioek, agian, ez dute finala baldintzatuko, baina sakeak bai. Moderneko partean beirazkoak dira, eta sakatzaile onek min handia egiten dute. Ducassouk berak, 2015ean txapeldun izan zenean, hamabost tanto egin zizkion saketik Larralderi.

Finaleko izen handia, dena den, Ospital da. Festan inor gutxik espero zuen gonbidatua, eta espero zuen gutxietako bat Ducassou zen, hala adierazi baitzuenaurkezpenean. Izan ere, Ospitalek bide ikusgarria egin du, eta txapelketa honetan hiru txapeldun ohiri irabazi die. Kanporaketetan Ezkurra II.ari (40-33), eta Waltaryri (40-24) irabazi zien; eta ligaxkan, Bilbao (40-28) eta Larralderi (40-35).

Ducassou, berriz, ligaxkako bi partidak irabazita sailkatu da finalera —Bilbaok, min hartuta, bere partida bertan behar utzi zuen—. Gauzak hala, bi estiloren arteko talka espero da gaur. Ospital aurrelari oso zehatza da, pilotari bizi ematen diona. Ducassou, berriz, atzelari indartsua, buruz buruko lehietan espezialista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.