Ez da izango azkena

Raul Garciak ez du baztertu datorren denboraldian Osasunan jarraitzea, eta aurreratu du noizbait berriz ere elastiko gorritxoarekin jokatuko duela.

Iruñea
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Santanderren amaituko du denboraldia Osasunak bihar, eta jokalari batentzat baino gehiagorentzat Osasunarekin partida bat jokatzeko azken aukera izango da. Callejak, Raitalak eta Roversiok ez dute jarraituko Osasunan datorren denboraldian, esaterako. Beste jokalari batzuentzat ere agurreko partida izango da. Eta Raul Garciaren kasuan ere hala izango dela dirudi. Atletico Madrilek utzita ari da, eta sasoi amaieran Espainiako hiriburuko taldera itzuli beharko du, nahiz eta ez dirudien han jokatzeko aukerarik izango duenik. Zizur Nagusikoa pozik dago Iruñean. Hamar gol sartu ditu eta goleko zortzi pase eman ditu. Aspaldian ez bezala gozatu du futbol zelaian, eta orain agur esateko ordua iritsi zaio, baina datorren denboraldian Osasunan jarraitzea ez du baztertzen erdilari nafarrak. Datorren denboraldian ez bada hurrengo denboraldiren batean Osasunara itzuliko dela seguru dago, gainera.

«Ez dakit datorren denboraldian izango den ala aurrerago izango den, baina seguru nago noizbait berriro elastiko honekin jokatuko dudala. Aurreko sasoian ere ez nuen uste orain hemen izango nintzenik, eta hemen nago. Datorren sasoian ere egon naiteke, beraz», adierazi zuen atzo Taxoaren eman zuen prentsaurrekoan. Joan den udan Osasunara utzita bidali aurretik Atletico Madrilek kontratua luzatu zion badaezpada, eta orain Madrilera itzuli beharrean da. Europa Ligako txapeldunaren multzoan tokia egitea zaila izango du, baina beste talderen bati saldu eta negozioa egin nahiko du Atletico Madrilek —bere garaian 12 milioi euro ordaindu zizkion Madrilgo taldeak Osasunari—. Osasunan egin duen denboraldi bikainaren ostean, talde batek baino gehiagok fitxatu nahiko dute, eta argi dago diru aldetik Osasuna baino talde indartsuagoak izango direla.

Garciak, baina, badaki etxean bezala inon ez dela egongo, eta horrek ere baldintzatu dezake erabakia, azken finean jokatu nahi duten taldeetan jokatzen baitute futbolariek gehienetan. Halere, gogoratu du dena bere esku ez dagoela: «Nork bere etorkizuna erabaki dezakeela egia da neurri batean, baina beste edozein lanetan bezala futbolean ere kontratu bat kontratu bat da, eta jokalari batek talde batean egon nahi izan arren akordiorik lortzen ez bada, ez dago zereginik. Hemen beti ondo egon naizela esan dut beti. Behar nuen guztia eman dit Osasunak beti, baina dena ez dago nire esku. Gauza asko hartu behar dira aintzat. Ikusiko dugu».

Bere etorkizunarekin baino kezkatuagoa da Raul Garcia Osasunaren etorkizunarekin, dena dela. Datorren denboraldian berak Osasunan jokatu ala ez, gorritxoak Europan lehiatzen ikusi nahi ditu, eta, horretarako, bihar El Sardineron irabaztera derrigortua da Iruñeko taldea. Partida horretan jarri nahi du arreta guztia, jokoan daukatena gauza handia baita. «Ez da jendeak uste bezain erraza izango, baina irabazten ahaleginduko gara eta ea gero beste emaitzak gure aldekoak diren. Azken partida da eta jende askoren ametsa betetzea lor dezakegu. Beste gauzez hitz egiteko astirik izango dugu gero», zehaztu du.

Datorren sasoian Europan lehiatu ahal izateko, Santanderren irabazteaz gain, Levantek, Mallorcak eta Atletico Madrilek egiten dutenaren zain geratu beharko dute nafarrek. Hiru talde horietatik bik azken jardunaldian ez irabaztea beharko dute Jose Luis Mendilibarren jokalariek, eta bitxia izango da, baina bere klubak, Atletico Madrilek, azken partida ez irabaztea nahi izan beharko du Raulek Osasunarekin helburua lortu ahal izateko. «Pozik nago Europako Liga irabaztea lortu dutelako, eta orain ea besteoi ere zerbait uzten diguten. Hargatik, kolore batzuk defendatu behar dituzte. Europako Ligan aritzea ziurtatu dute, eta Txapeldunen Ligan aritzeko aukeraren bila ariko dira Vila-realen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.