Triste samar joan da final-hamaseirenetako lehenengo asteburua XVIII. Berria Txapelketan. Besteak beste, bi kanporaketa ziren izatekoak joan den igandean, baina Irurtzun eta Lezamaren artekoa ez zen jokatu, Bizkaiko taldea azken orduan erretiratu zelako, pilotari batzuen lesioak tarteko. Beste kanporaketan, berriz, Ortuellako Danok Lagunak eta Leitzako Aurrera aritu ziren nor baino nor gehiago, eta bizkaitarrek erosotasun handiz irabazi zuten. Hala, final-zortzirenetan Doneztebeko Errekaren aurka ariko da Danok Lagunak. Irurtzunek, bestalde, iazko txapelduna izango du aurrean: Lazkaoko LAPKE.
Espero bezalako gidoia izan zuen Danok Lagunak-en eta Aurrera Leitzaren arteko kanporaketak. Izan ere, lehen bi partidek talde bana izan zuten faborito argia, eta pronostikoek ez zuten hutsik egin oraingo honetan. Kadeteetan, oso bikote boteretsua kantxaratu zuen Nafarroako taldeak, eta Sagastibeltzak eta Telletxeak 22-1 menderatu zituzten Ortuellako Txabarri eta Brull. Bi pilotari leitzarrek etorkizun oparoa dutela argi geratu zen, oso gustagarri aritu baitziren. Txanponak beste aldera egin zuen gazte mailako lehian, eta Danok Lagunak-eko Martinez eta Lopezek 22-2 irabazi zieten Leitzako Arregi eta Martinezi. Azken horiek oraindik ere kadete mailako pilotariak izaki, handi geratu zitzaien partida, eta bizkaitarrak nahierara ibili ziren neurketa osoan.
Gauzak hala, nagusien artekoak erabaki zuen guztia, eta hor ere pronostikoak bete ziren. Leitzarrek hutsune garrantzitsu bat izan zuten, Txoperenak ezin izan baitzuen jokatu, eta bi pilotari gazte kantxaratu ziren: Goikoetxea eta Zabaleta. Bada, ezin izan zuten gauza askorik egin Kortazar eta Lopezen aurka, eta bizkaitarrek 22-6 irabazi zuten. Kortazarren bizitasuna eta Lopezen esperientzia nagusitu ziren.
Ez da kolorerik izan
Ortuellako Danok Lagunak elkarteak eroso irabazi dio Aurrera Leitzari, eta final-zortzirenetarako sailkatu da. LAPKEren kontra jokatuko du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu