Ez da lagunarteko partida soila

Euskal selekzioak Dublinen jokatuko du gaur, 16:30ean, Irlandaren aurka. 2006an lehen partida jokatu zuenetik, bederatzigarrena izango du gaurkoa, etxetik kanpoko laugarrena

Euskal selekzioko jokalariak, 2014ko maiatzaren 10ean, Azpeitian, Irlandari sartutako bi goletako bat ospatzen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko azaroaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Jokalariak oso gogotsu etortzen dira selekziora; ez da lan handiegirik egin behar izaten motibazioa lantzeko». Juanjo Arregi euskal selekzioko hautatzailea (Urnieta, Gipuzkoa, 1964) pozarren dago parean jarri dieten aukerarekin. «Gogorra da aurkaria, Irlanda [30. postuan dago FIFAren zerrendan], berezia da momentua [azken partida izango du gaurkoa Sue Ronan Irlandako hautatzaileak], eta norgehiagoka etxetik kanpo jokatuko dugu». Euskal Herrian 16:30 direnean hasiko da partida, Tallaght estadioan —ETB 1ek zuzenean eskainiko du—. 6.000 ikuslerentzat lekua dago harmailetan.

Euskal selekzioak 2006ko irailaren 2an egin zuen debuta, Irungo Gal estadioan Argentinako selekzioaren aurka jokatutako partidarekin (2-4), eta bederatzigarren lehia izango du gaurkoa. Etxetik kanpo jokatu ditu orain arteko zortzi partidetatik hiru, Argentinan, Estonian eta Katalunian. Iazko abenduaren 26koa da azken norgehiagoka; Kataluniak eta euskal selekzioak Bartzelonan neurtu zituzten indarrak, eta 1-1 amaitu zen partida hura, Naiara Beristainek eta Marta Correderak sartutako golekin.

Liga gehienak bete-betean lehian direnean, ez da samurra izaten taldeek lagunarteko partida bat jokatzeko jokalariak uztea. «Baina oso harrera ona egiten digute beti», zehaztu du Arregik. «Klub bakoitzari jakinarazten diogu zein jokalari nahiko genituzkeen, eta lesioren bat edo beste arrazoiren bat ez badago, behintzat, baiezkoa ematen digute denek». Dena den, jokalari nabarmen batzuk falta dira deialdian: Irene Paredes Espainiako selekzioarekin lehian ari da; Nahikari Garciak, Mariasun Quiñonesek eta Maite Orozek 20 urtez azpikoen Munduko Kopa jokatu berri dute Espainiako selekzioarekin; Ane Bergara, Aintzane Encinas, Maialen Zelaia... jokalari asko gutxi jokatzen ari dira euren taldeetan; eta Vanessa Gimbert min hartuta dago.

Baina pena bat dauka hautatzaileak: «Nekane Diez Athleticeko jokalaria deialdian sartu ezin izana. Kataluniaren aurkako lagunartekoan hartu zuen min, eta gure esku zegoen guztia egin dugu Irlandaren aurka joka zezan. Merezi zuela uste dugu». Baina ezinezkoa izan da azkenean. «Berriz min hartuta, errekuperazio lanaren azken fasean dagoelako oraindik». Eli Sarasola (Ajax), Joana Arranz eta Irantzu Ibarrolarentzat (Oiartzun) oso berezia izango da Irlandaren aurkako partida, debuta egingo dutelako euskal selekzioarekin.

Fisikoki indartsua da Irlandako selekzioa. «Nahiz eta informazio askorik ez daukagun, britainiarren futbola da eurena: indartsua eta fisikoa». 2014ko maiatzaren 10ean elkarren aurka jokatu zuten bi selekzioek, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian, eta 2-0 irabazi zuen euskal selekzioak, Naiara Beristainen bi golekin. «Orduko bideoa badaukagu, aztertzeko. Aurkariari begira egon gabe, ordea, gurea egiten saiatuko gara gu». Selekzioak herenegun egin zuen Euskal Herritik Irlandara arteko bidea, eta entrenamendu txiki bat egin zuten atzo. «Erasoko zein defentsako estrategia jokaldiak lantzeko, bereziki». Bihar itzuliko dira etxera. «Eta, ondorioz, Dublin ingurua ezagutzeko aukera izango dugu partidaren ondoren [barrez]».

Hiru euskal taldeak, larri

Oiartzun, Athletic eta Realekoak dira hemezortzi jokalarietatik hamasei —Sarasola, Ajaxekoa, eta Marta Unzue, Bartzelonakoa, dira bi salbuespenak—, eta denboraldiaren lehen zatian hiru euskal taldeak dezente ari dira sufritzen Espainiako Lehen Mailan. «Hala ere, ez dut uste horrek eraginik izango duenik, selekzio puska daukagulako. Hutsunerik gabe, Espainiako Liga irabaziko genukeela esatera ausartuko nintzateke». Burua estutzen da egoera zailetan. «Eta egia da jokalariek presioa daukatela euren taldeetan. Baina, hain zuzen ere, eurentzat horregatik izango da hain baliagarria arratsaldea, tentsioa pixka bat baretzeko».

Gabonen jiran lagunarteko partida bat jokatu zalea da selekzioa, baina Arregik ez du zehaztu aurten hala izango den edo ez. «Federazioak ez digu jakinarazi, eta oraindik ez dakigu ezer».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.