Judith Sans. Bera Berako jokalaria

«Ez dago Bera Bera baino toki aproposagorik ikasteko»

Bera Bera eta Ro'Casa, Espainiako Ohorezko Mailako lehen bi sailkatuak, elkarren aurka ariko dira gaur, Bidebietan (19:00). Judith Sans ziur da «sufritu» egingo dutela. Baikor dago, halere.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2015eko urriaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baloi bat eskuetan duela. Hala gogoratzen du betidanik bere burua Judith Sansek (Asco, Herrialde Katalanak, 1994). Ez da gutxiagorako, 5 urterekin hasi baitzen eskubaloian jokatzen. Asco, Amposta, La Roca del Valles, Castelldefels (Herrialde Katalanak) eta Alcobendas (Espainia) izan ditu geltoki bide horretan. Donostian dago orain, Bera Beran, «izugarri gustura».

Sei partida jokatu eta seiak irabazi dituzue. Balorazioak ona izan beharra du derrigorrean.

Hala da. Oso ondo hasi gara, eta bete egin ditugu sasoi hasierako helburuak: batetik, berriok egokituta gaude jada; bestetik, bide horretan jokatu ditugun partida guztiak irabazi ditugu.

Ro'Casa, Atletico Guardes eta Porriñoren aurka jokatuko duzue, hurrenez hurren. Hain justu, sailkapenean zuen atzetik dauden hiru taldeak dira.

Aste zailak izango dira, baina jokalarioi halako partidak jokatzea gustatzen zaigu, gure onena ematea eskatzen dutenak. Partida gogorrak bezain politak izango dira.

Gaur Ro'Casa jasoko duzue Bidebietan, zuekin batera orain arteko norgehiagoka guztiak irabazi dituen talde bakarra. Nolako lehia espero duzu?

Izugarri gogorra. Une oro egon beharko dugu adi-adi, eta gurean ez hutsik egin. Sendo egon beharko dugu erasoan, bizi-bizi atera kontraerasoan, eta baloirik ez galdu geldikako erasoan.

Sasoi honetan, jokatu duzue jada elkarren aurka, Espainiako Superkopan, Bidebietan. Gol bakarragatik irabazi zenuten. Antzeko partida espero duzue?

Orduko partida eta gaurkoa oso bestelakoak izango dira. Superkopakoan, oraindik ez geunden erabat egokituta. Hala ere, irabazi egin genuen. Horrek ez du esan nahi faboritoagoak garenik. Aitzitik, ziur gaude sufritu egingo dugula. Oso talde ona da Ro'Casa.

Titulu horrek konfiantza handia eman zizuen?

Bai. Denboraldi-aurrean ez genituen oso emaitza onak lortu, eta titulu hori irabazteak sekulako indarra eman zigun. Nire kasuan, gainera, lehen titulua izan zen, eta ilusio handia egin zidan.

Defentsako lanak berez du izugarrizko garrantzia, baina gaur, are gehiago. Ro'Casa da ligan gol gehien sartu duen taldea: ia 33 partidako.

Oso argi dugu irabazten badugu gure defentsari esker irabaziko dugula.

Ro'Casaren lehen lerroak ia 17 gol sartu ditu partidako.

Maria Lujan, Davinia Lopez, Almudena Rodriguez... Lehen lerro oso indartsua du Ro'Casak.

Zuk izango duzu haiei aurre egiteko lanaren ardura handi bat.

Hala da. Anak [Ana Isabel Martinez] eta biok oso adi egon beharko dugu beti. Elkarrekin egon behar dugu, aurrera egin, eta aurkariak ukitu, eroso jaurti ez dezaten. Metro eskas bat utziz gero, akabo.

Defendatzaile ona zarelako zaude Bera Beran.

Bai, eta oraingoz uste dut ondo ari naizela. Anak eta biok oso ondo ulertzen dugu elkar, eta horrek, noski, mesede handia egiten dit.

Erasoan ere ondo ari zara: ia lau gol sartu dituzu partidako.

Bai, baina gusturago aritzen naiz defentsan. Lan hori da nire indargunea.

Maria Nuñezek utzitako hutsunea bete behar duzu. Ez da lan samurra; Bera Beran sekulako errendimendua izan zuen.

Badakit hemen arrasto handia utzi zuela. Maria oso jokalari osoa da: ona da defentsan, ona da erasoan... Nik agindu dezakedana da barruan dudan guztia eta gehiago emango dudala.

Zer sentitzen da ligako talde onenak deitzen zaituenean?

Sekulako ilusioa. Niretzat ohorea da Bera Beraren gisako talde batean jokatzea. Titulu guztiak irabazteko borrokatzen da, Europan ari da, Eli Pinedoren gisako jokalariak ditu... Ez dago ikasteko toki aproposagorik, eta nik hori egin nahi dut, ahal dudan guztia ikasi.

Aurkezpenean aitortu zenuen «Montse Pucheren gogortasuna» ezagutzeko irrikan zinela. Ezagutzen duzu jada?

Bai [barrez]. Arlo psikologikoan, entrenatzaile perfektua da. Jokalari izan zenez, ezin hobeto daki zer pasatzen zaizun burutik. Arlo teknikoan, berriz, oso entrenamendu gogorrak egiten ditu; lehertuta bukatzen dugu. Baina konturatzen zara merezi duela horren gogor entrenatzeak. Pistan berehala nabari da koska bat gorago gaudela.

Zer eskatzen dizu Puchek?

Une oro adi-adi egotea eta ez dezagula baloi bat galdutzat eman. Ahal dugunean kontraerasora ateratzeko ere eskatzen digu.

Izan dituzun entrenatzaileekin alderatuta, oso ezberdina da?

Zortea izan dut bi emakumezko entrenatzailerekin egin dudalako lan: Dolores Martinekin Castelldefelsen eta Montserekin Bera Beran. Jokalari izandakoak dira biak, eta hori asko igartzen da.

Jokatu duzun taldeekin alderatuta, aldaketa nabaritu duzu?

Bai. Entrenamenduen intentsitatea, bakoitzak bere buruari eskatzen diona... Hau erabat profesionala da.

Kluba eredu da alor askotan.

Hala da. Castelldefelsen ez genuen soldatarik jasotzen; Alcobendasen bai, baina atzerapenekin. Hemen, ordea, egunean jasotzen dugu soldata.

Zein iritzi zenuen Bera Beraz?

Bada, aurkari moduan talde izugarri gogorra zela.

Eta orain?

Egia esan, ustekabea hartu dut. Pentsatzen nuen taldekideen arteko tratua ez zela horren gertukoa izango, baina kontrakoa da, oso gertukoak dira, bai taldekideak, bai klubeko kide guztiak; beti daude prest laguntzeko.

Eskubaloian jokatzeaz gain, ikasi egiten duzu?

Bai, erizaintza, EHUn.

Ondo zainduta zaudete.

Ana medikuntza ari da ikasten, eta Esther [Arrojeria], Maite [Zugarrondo] eta hirurok, erizaintza. Esku onetan gaude, bai [barrez].

Nola daramazu?

Nekeza da. Ikasi, atseden hartu eta entrenatu. Horra nire egunerokoa. Ondo antolatu ezean, zaila da bi gauzak bateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.