Burumakur dago Miarritze. Top 14ko azken postutik atera ezinik dabil, eta Heineken kopan, jokatu dituen hiru partidetatik bi galdu ditu. Azkenekoa, joan zen astean izan zen, Italian, Trevisoren aurka(30-26). Porrotak metatu ahala, miarriztarren buruetan galderak pausatzen ari dira. Nola egin zulo beltzetik ateratzeko? Zendako iritsi gara egoera honetara? Zer egin entrenatzaileekin? Jokalariekin?
Orain arte, Miarritzen dena ifrentzuan egin da. Munduko Koparen kudeaketa txarra, gazteen ezina, Munduko Kopatik iritsitako jokalarien sasoi eskasa, porroten eragina... Gaurko partidarekin bere denboraldiaren zentzua hartu nahi du berriz Agilerako taldeak. «Burua berriz zuzen ezarri behar dugu», dio Imanol Hariñordoki kapitainak. «Ez dugu partida zaborretara botako. Dena eginen dugu irabazteko», gaineratu du. Hain zuzen ere, garaztarra lehiara itzuliko da gaur.
Joan zen asteko porrotaren ondorioz, bat baino gehiago hasi da galdetzen Miarritzen ea ez den hobeto Heineken kopa ahanztea eta Top 14an mailari eusteko lehian indar guztiak gordetzea. Azken egunetako panoramak zentzu horretara bultzatzen du, gainera. Lehen lerroan min hartuta daudenen zerrenda harrigarria da: August eta Terrainen hutsuneei Barcellarena erantsi behar zaie. Coetzeek errugbiari agur erran dio, eta haren ordezko Van Stadenek ez du Heineken kopan jokatzerik. Marconnetek atsedena behar du, eta ondorioz Watremez, Hegi eta Kodelarekin ariko da Miarritze. Gibelean, Yachvili gabe aritu beharko du, berriz ere.
Gauzak ilun egon arren, gaur aukera ona dauka Miarritzek Heineken kopan bizirik segitzeko. Horretarako, jardunaldi aproposa du. Italiarrei derrigor irabazi behar die, ahal bada erasoko puntuarekin. Bizkitartean, Ospreysek etxean Saracensi irabazten badio, multzoko lehen postua lortuko du Miarritzek. Kasu horretan, etorkizuna bere eskuetan izanen luke Ospreys eta Saracensen aurkako azken bi partidak jokatu aitzin. Egoera txarra den arren, fite zuzentzeko modukoa da. Jokalariek horretan sinestea falta da, eta suspertzea gauzatzen hastea. Haien eskuetan dago.
MIARRITZE-TREVISO
Lehiaketa. Heineken kopako ligaxkako laugarren jardunaldia.
Miarritze. Watremez, Hegi, Kodela; Carizza, Taele; Guyot, Lauret, Hariñordoki (kapitaina); Lesgourgues, Peyrelongue; Bolakoro, Traille, Bosch, Ngwenya; eta Balshaw.
Benetton Treviso. Rizzo, Ceccato, Cittadini; Pavanello (kapitaina), Van Zyl; Minto, Zanni, Barbieri; Botes, Burton; Benvenutti, Pratichetti, Sgarbi, Nitoglia; eta McLean.
Epailea. Peter Fitzgibbon (Irlanda).
Sailkapena. Miarritze hirugarren da bosgarren multzoan (zazpi puntu) eta Benetton Treviso laugarren (sei puntu). Saracens da lider (hamar puntu) eta Ospreys bigarren (zazpi puntu) Lekua. Agilera (12.500 ikusle).
Ordua. 21:00 (C+ Frantzia).
Multzoko beste partida. Ospreys-Saracens (Gaur, 21:00etan).
Ez dago erdibiderik
Miarritzek ordainekoa eman nahi dio gaur Trevisori Agileran, Heineken kopanLapurtarrek multzoko lehen postua lor dezakete, erasoko puntua lortuta irabazten badute eta Saracensek galtzen badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu