Jose Angel Valdes. Realeko jokalaria

«Ez dakit ziurtasunez zergatik ez dudan gehiago jokatu»

Nahi eta espero baino askoz gutxiago ari da jokatzen Jose Angel, hein handi batean Alberto de la Bella bikain ari delako. Ukatu egin du neguan Reala utzi nahi zuela esan izana, baina aitortu du gutxi jokatuta aintzat hartu behar dituela beste aukera batzuk.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Jose Angel Valdes (Gijon, Espainia, 1986) Realeko atzelariarentzat ez dira samurrak izan lehen itzuliko hilabeteak. Bi neurketa baino ez ditu jokatu hasieratik, eta Anoetan, esaterako, hiru partidatan baino ez du parte hartu. Mallorcaren aurka ez zuen bere egunik onena izan, baina Erromara itzuli aurretik Donostian ortzadarra ateratzen dela ere ikusi nahi du.

Zer sentitu zenuen Mallorcaren aurkakoan aldaketa eskatu eta zelaia uzteko garaian?

Pozik bukatu nuen gehienbat, talde modura emandako erantzun sendoagatik, eta noski, irabazteagatik. Hasieratik jokatu gabe denbora askotxo neramanez, nahikoa egin nuela esango nuke.

Epaileak Mallorcako Javi Marquez kanporatu zuen erabaki zorrotz bategatik. Handik gutxira zuri ere baloiak besoan jo zintuenean okerrena pentsatu al zenuen?

Bai. Mallorcako aulkian zeudenen erantzuna ikustean urduritu egin nintzen, eta une batez, ziur nengoen bigarren txartel horia aterako zidala. Zorionez, oker nengoen. Haiei min egin zien jokalari bat gutxiagorekin aritu beharrak, eta horrek lanak erraztu zizkigun. Ordu arte, lehia parekatua ari ginen jokatzen. 11 11ren aurka aritu izan bagina, ziur ez zatekeela horren samurra izango.

Jokaldi hark nahastu egin al zintuen?

Aurkariari hanka sartzeko garaian neurtu egin behar izan nuen neure burua. Banekien Mallorcakoak epailea behartzen ari zirela nire jokaldiaren harira, eta edozein huskeria nahikoa izango zela aldageletarako bidea hartzeko.

Ez duzu entrenatzailearen arreta lortu lehen itzulian. Horrek gauzak bikain egiteko egonezin moduko bat eragiten al du?

Ez dakit ziurtasunez zergatik ez dudan gehiago jokatu. Nik ez diot entrenatzaileari zergatiei buruz sekula galdetuko, eta hark ez dauka zertan azalpenik eman. Alberto de la Bellaren alde egin du, eta egia esateko, lan ederra ari da egiten.

Atzealdeko lanean serioago egotea eskatu al dizu behin eta berriz Philippe Montanierrek?

Bai, etengabean. Hala ere, ez digu hegalean gora egiteko trabarik jartzen. Horrela hobe. Nire ezaugarriak direla eta, nahi gabe erasora aterako nintzateke aldian behin, nahiz eta entrenatzaileak kontrakoa agindu.

Zure esku egon al da neguko azokan Reala uztea?

Ez. Ez dut inoiz esan Reala utziko dudanik. Egia da txapelketako talde batek [Getafe] niregatik galdetu zuela, eta ulergarria da jokatzen ez duen batek bestelako aukera horiek aintzat hartzea. Lorenek [Lorenzo Juarros Realeko Kirol zuzendaria] argi esan zidan, ordea, beharrezko ikusten zuela nire parte hartzea aurrerantzean. Pozik nago Donostian jarraitzeagatik. Gehiago jokatu nahiko nuke; aulkian geratzeak min ematen dit, baina ez daukat ezeren damurik. Agintari eta taldekideen babesa sentitzen dut.

Zer egiten duzu zelaitik gogoa ateratzeko?

Neska-lagunak izugarri laguntzen dit. Harekin nagoenean, gauza askori buruz hitz egiten dugu, baina inoiz ez futbolaz. Kokoteraino bukatzen dut. Play Station-ean jolasteak ere mesede egiten dit. 1 Formulako bideo jokoak ditut gustukoen.

Hainbeste maite al dituzu autoak?

Bai, ikaragarri. Futbolaren eta1 Formularen artean hautaketa egiteko eskatuko bazenit, estutasun batean jarriko nindukezu. Autoek berotu egiten bainaute. Haurra nintzenean piztu zitzaidan zaletasuna, eta Fernando Alonsoren agerraldiak bizitu egin zuen nire grina.

Kartingetara joan zalea al zara?

Duela aste gutxi izan ginen Olaberrikoan. Taldeko bazkaria egin eta segidan joan ginen. Gozagarria da.

Bizkorrena izango zinen, ala?

Bai, zera! Beste hiru gutxienez aurretik izan nituen. Antoine Griezmann izan zen bizkorrena egun hartan.

Donostiak ba al du Gijonekin inolako antzik?

Bai. Alde Zaharrak, esaterako. Nire txokorik gogokoena da. Maiz joaten naiz, eta nire inguruko jendea beti eramaten dut bertara. Benetan hiri atsegina da Donostia.

Asturieraz mintzatzeko gai al zara?

Ez naiz moldatzen nahi bezain ongi. Ulertu, ulertzen dut, eta aitak eta aitonak hitz egiten dute. Ez da euskaraz bezainbeste egiten, halere.

Eskolan ikasi al zenuen?

Hautazko ikasgaia da. Ikasi egin nahi izan nuen, eta oinarrizko ezagutza daukat.

Zer ikasi zenuen Sportingen Manuel Preciadoren esanetara egon zinen urteetan?

Balioak erakutsi zizkidan, portaera egokia izaten. Zelaitik kanpoko kontuez asko ikasi nuen harekin. Unean unekoa bizi zuen hark, etorriko zenarekin itsutu gabe. Pentsaera hori baliagarri izango zaigu hemendik aurrerakoan. Ez dugu sailkapenarekin itsutzeko asmorik, eta hamasei puntu izango bagenitu bezala jarraituko dugu lehian.

Espainiako gazte mailako talderen batean ezagutu zenuen Asier Illarramendi.

Bai, eta harrituta utzi ninduen haren jokoak. Beti jokatu behar duen horietakoa da. Ez dagoenean, haren falta sumatuko dugu, ziur.

Hasi al zara pentsatzen hurrengo denboraldian non jokatu nahi duzun? Erromarekin duzu kontratua.

Ez, ez. Hilabete asko geratzen dira horri buruz hitz egiten hasteko. Ez dut baztertzen hemen jarraitzea, baina ez dakit Realak nik jarraitzea nahi izango duen. Alde guztien nahia zein izango den aztertu beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.