Carmen Martin. Itxakoko jokalaria

«Ez diogu mugarik jarri nahi geure buruari»

Txapeldunen Ligan lehendabiziko esperientzia du sasoi honetakoa Carmen Martinek. Nekatuta dagoela onartu du, baina Europan aurrera egiteko gogoz. Krim mendean hartu bertze helbururik ez du.

edurne elizondo
Iruñea
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Bere buruari anitz eskatzen diola onartu du Carmen Martin Itxakoko hegalekoak (Almeria, Espainia, 1988). Eta hasieran kosta egin zitzaiola duen guztia ematea. Baina orain kontent da bai bere lanarekin, bai taldearen lanarekin. Txapeldunen Ligako finalerdiak eskura ditu Lizarrako taldeak, eta aukera profitatzeko prest da Martin.

Lehen sasoia duzu Itxakorekin. Zer moduzkoa izaten ari da esperientzia?

Nire jokoan garapena gertatu dela uste dut. Akaso anitz eskatzen diot neure buruari, baina hasieran ez nintzen hagitz fin ibili. Orain bai, orain eman dezakedana ematen ari naizela sentitzen dut.

Kosta egin zitzaizun talde berrira egokitzea?

Zailena herrira egokitzea izanen zela uste nuen, beti bizi izan bainaiz hiri handiagoetan. Baina ez dut inolako arazorik izan, egia erran. Eta taldekideekin ere hasieratik ongi moldatu naiz. Errusiarrak kenduta, jokalari gehienak lehendik ere ezagutzen nituen. Ambrosekin ere, gustura nago.

Txapeldunen Ligako finalerdia eskura duzue. Espainiako Kopako eta Superkopako txapelak jantzi dituzue jada, eta ligan lider zarete. Eska daiteke gehiago?

Hagitz kontent gaude. Ligan lau puntuko aldea dugu, eta horrek lasaitasuna ematen digu. Argi dugu, hala ere, ezin dugula hutsik egin. Txapeldunen Liga, berriz, hagitz esperientzia polita izaten ari da niretzat. Jokatzen dudan lehen aldia da, eta ahalik eta gehien gozatu nahi dut. Txapelketa ederra da, baina gogorra ere bai. Eskubaloiak dena hartzen du gure bizitzan orain.

Zuen multzoko buru zarete. Harritzen zaitu emaitzak?

Nik uste dut lehen ligaxkan ez genuela hagitz ondo jokatu. Hala ere, multzoko buru sailkatu ginen hurrengo faserako. Eta bigarren ligaxkan ongi ari garela uste dut, gure jokoak hobera egin duela, nahiz eta aurkariak lehen fasean baino gogorragoak izan. Partidak irabazten ari gara, eta, hainbatetan, nagusitasun handiz, gainera.

Bigarren ligaxkan, hain zuzen ere, Krimen aurkako lehen partida izan da galdu duzuen bakarra. Errebantxarako partida izanen da biharkoa?

Krimen kontrako lehen partida hartan ez ginen ongi aritu. Etxetik kanpo jokatu genuen, eta bigarren ligaxkako lehen partida izateak txarrerako eragin zigun. Orain buruan dudan gauza bakarra da Krimen aurka etxean irabazten badugu Txapeldunen Ligako finalerdietan izanen garela, eta, ondorioz, irabazi bertzerik ezin dugu egin.

Finalerdiak eskura. Non da zuen muga?

Guk, oraingoz, ez diogu geure buruari inolako mugarik jarri nahi. Ahalik eta urrutien ailegatu nahi dugu Txapeldunen Ligan. Esperantza hori badugu. Guk dena nahi dugu. Baina, noski, horretarako urratsez urrats egin behar dugu aurrera, eta lehen urratsa Krimen aurkako partida izanen da.

Nolakoa da aldagelako giroa orain?

Txapeldunen Ligan Oltchim hartu genuen mendean azken jardunaldian; beraz, izugarri kontent gaude denak. Argi dago aurrera egiten dugun neurrian helburuak ere gero eta garrantzitsuagoak direla. Lehiaketa, halaber, gero eta gogorragoa da. Baina argi dugu denok merezi duela lanean jarraitzea. Ez dakigu noiz izanen dugun aukera berriz orain egiten ari garena egiteko, eta, noski, dugun guztia eman behar dugu. Hori argi dugu.

Motibaziorik ez duzu falta, ezta?

Ez. Nekatuta nago, baina aurrera jarraitzeko gogoz. Aukera profitatu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.