Real Madrilek Tau menderatzen saiatu behar du. Oso denboraldi kaskarra egiten ari da Espainiako taldea, titulurik gabe, eta tituluak irabazteko aukerarik txikiena eduki gabe ere, eta hori mingarria da oso ligako talde aberatsarenarentzat. Baskoniak 0-2 menderatuko balu, iskanbila handia sortuko litzateke Madrilen. Hirugarrena behartuko balu, ez hainbeste. Etxean otso bilakatzen da Real Madril. 15.000 zale sutsu biltzen dira Vista Alegre zezen-plazan, eta epaileak ere alde izango ditu. Lehen partidan arazo franko izan zituzten Reyesek, Van den Spiegelek eta Hervellek faltekin, gaur kontrakoa gerta liteke, eta Splitter eta McDonald izan faltekin komeriak dituztenak.
Bikote horren lana nola oztopatu da Joan Plazaren ardura nagusia. Bien artean 39 puntu eta 18 errebote egin zituzten lehen partidan, eta Baskoniak kanpoko lerroan Rakocevicekin indar handia baitu, Real Madril herren aritu zen. Tauko kanpoko eta barruko jokoa nagusitzen bada, Real Madrilek jai du, eta zeregin garbi batekin kantxaratuko da gaur: Splitter kamustea. Nola egin hori, ordea? Splitterrek ikaragarri hobetu du, eta luzean 2,11 metroko mutil puska izan arren, bizi-bizi mugitzen da saskitik gertu. Kakoa erabiltzen iaioa da, baina parekoa atzean uzten ere bai. Reyesek eta Van den Spiegelek Gasteizen baino txukunago jokatu beharko dute. McDonald ere espero baino hobeto ari da, baina ez da Splitter baino gehiago.
Splitterri markaketa bikoitza egitea irtenbide ona al da? Printzipioz ez dirudi on-ona, Baskoniak Rakocevic daukalako kanpoko lerroan. Serbiarra ez bada,hor daude Mickeal, Vidal, San Emeterio, Teletovic eta Prigioni ere. Splitterren defendatzaileari laguntza ematen dion Real Madrileko jokalariak azti ibili beharko du, Tau eraginkor aritzen bada kanpotik garaiezina delako ia-ia.
Bullock eta Reyesen zain
Real Madrilek asko nabaritu zuen Bullocken eta Reyesen errendimendu apala Gasteizen. Bullockek 15 puntu bakarrik saskiratu zuen, baina partidan sartu gabe zegoela zirudien. Reyesek arazo franko izan zituen faltekin. Mendekua hartu nahiko du gaur, eta kontuz ibili behar dute Splitterrek eta McDonaldek, triskantza handia egin dezakeelako.
Baskoniak 111 puntuko balorazioa izan zuen lehen partidan, eta Real Madrilek 82 baino ez. Kopuru horretan erabakigarria izan zen Bullockek eta Reyesek partida ez jokatu izana: 16 eta 12 puntu, hurrenez hurren. Massey eta Mumbru ohi baino hobeto ibili ziren, eta Van den Spiegel ere txukun erasoko errebotean, baina Sergio Llull, Raul Lopez eta Marko Tomas ez.
Egoera ere nabarmen alda daiteke Taun. McDonald eta San Emeteriok jokatu zutena ongi jokatu zuten, baina Mickealek eta Vidalek, ez hainbeste. Rakocevicek eta Splitterrek askoz zailtasun gehiago izango dituzte gaur 20 puntutik gora joateko, eta komeni litzateke Mickealek, Vidalek eta Teletovicek gehiago laguntzea.
REAL MADRIL- BASKONIA
Real Madril. Lopez, Bullock, Llull, Winston, Tomas, Mumbru, Hervelle, Massey, Reyes eta Van den Spiegel.
Tau Baskonia. Prigioni, Ilievski, Lucas, Rakocevic, San Emeterio, Vidal, Mickeal, Teletovic, Baldo, McDonald eta Splitter.
Lekua. Vista Alegre zezen-plaza (15.000 ikusle).
Ordua. 20:15ean (La2).
Tomas Van den Spiegel.Real Madrileko jokalaria
Lehen partidan ezinean aritu zen Splitterren aurka, baina gaur mendekua hartu nahi du, eta bere lanarekin hirugarren lehia behartu.
«Partida zail asko irabazi ditugu»
A. U.Tomas Van den Spiegelek garaipen zerrenda oparoa dauka (Gante, Flandria, 1978). Bi Euroliga irabazi ditu Moskuko CSKArekin (2006 eta 2008), eta Lazaros Papadopoulos ordezkatzeko fitxatu zuen Real Madrilekin iazko abenduan. ACB liga irabazi nahi du orain. Defentsa arloa da bere dohainik onena, 2,14 metro baita luze. Tiago Splitterrekin ezinean aritu zen, ordea, larunbatean. Brasildarra nola geratu prestatzen aritu direla onartu du, eta oporrak hartzeko batere presarik ez duela dio.
Irabazi edo agur esan, ez duzue beste aukerarik. Eskarmentu handia duzu partida erabakigarrietan, baina Espainian egoera horretan zauden lehen unea da. Presioak itotzen al du?
Itoko bagina, ez genuke jokalari profesional izateko ahalmenik edukiko. Bai ni, bai beste taldekideak, eskarmentu handia dugu, eta zirt edo zart egin beharreko partida asko jokatu ditugu. Presioa egon, badago, galtzen baduzu denboraldia bukatzen delako, baina partidan pentsatu eta saiatzea beste biderik ez dago. Irabazi eta hirugarren partida behartzea, hori da gure helburua. Hirugarren partida horretan finala jokatzeko aukera daukagula pentsatzeak nabarmen arintzen du presioa.
Real Madrilek ez zuen partida txarra egin Gasteizen, jaurtiketen portzentaje txarrak kenduta, baina ez zenuten irabazteko aukerarik izan. Zertan hobetu behar duzue, garaipenaren arrastoan sartzeko?
Batez ere portzentajeak hobetu behar ditugu. Ustez errazak diren saskiratze dezente huts egin genituen. Defentsako errebotean ere gora egin behar dugu. Tauri bigarren eta hirugarren aukerak ematen badizkiozu, jai duzu.
Zuen entrenatzaileak gogotsu jokatu zenutela esan du, eta hori ona dela. Ados al zaude haren iritziarekin?
Erabat. Kemenez sobera ibili ginen partida osoan. Ez genuen inoiz etsi, eta azken laurdenean ere zazpi puntura hurbildu ginen. Normalean egiten ez ditugun hutsak egin genituen erasoan, eta kontzentrazio aldetik hanka sartze txikiak defentsan. Hanka sartze horiei etekin handia atera zien Tauk, erasoko erreboteekin eta saskiratze errazekin.
Kontzentrazio falta horrek falta pila ere eragin zuen. Partidaren bilakaeran erabakigarria izan zen falta pilaketa.
Falten pilaketa arazo larria izan zen, bai. Felipek [Reyes] eta Jeremiah-k [Massey] hiruna zituzten lehen zatia bukatu aurretik, bina partida hasi eta gutxira. Nik neuk eta Axelek [Hervelle] ere bi geneuzkan atsedenaldirako. Zein irtenbide eman? Ez dakit, baina baten bat bilatu beharko dugu, arazo handia delako. Intentsitatea murriztu gabe, ahal bada.
Splitterrek min handia egin zizuen. Nola egin diezaiokezue aurre?
Hori izan da gure ardura nagusia asteko lan saioetan. Intentsitatea aipatu dut lehen; oldarkorrago jardutea da beste bidea. Baloiak jasotzeko aukerarik ez ematea, eta kanpoko lerroko jokalarien laguntza jasotzea, Splitter saskira hurbiltzen hasi eta lehen jauzia ematen duenean.
Jokalari garaia zara. Haserretu egiten zara zure parekoak partida ona egiten duenean, ezta?
Kontua da Splitter oso ona dela, eta jokalari onak geratzea zaila dela. Haserre bai, baina egindakoarekin konforme, hustu egin nintzelako. Halere, Tau Splitter baino askoz gehiago da, beste batzuk ere zorrotz zaindu behar ditugu.
Hori izan liteke, hain zuzen ere, defentsa bikoitzen arriskua: taldekide bat libre uztea. Arriskua hartzeak pena merezi al du?
Partidaren bilakaerak erabakiko du hori, baina Splitterrek larunbateko lan ona errepikatzen badu, haren jokoa geratzen saiatzea izango litzateke lehentasuna.
Gasteizen talde ona duzuela esaten da, baina konfiantzarik ez duzuela zuen ahalmenean. Tauri, aldiz, justu kontrakoa gertatzen zaio: fedea eta konfiantza du sobera. Ados?
Talde barruan justu kontrakoa pentsatzen dugu. Denboraldiko ezaugarriren bat nabarmendu behar banu, zailtasunak atzean uzteko gaitasuna nabarmenduko nuke. Liga erregularrean Tau menderatu genueneko eguna gogoratuko nuke. Galduta genuen partida aurrera atera genuen. Egun hartan konfiantza genuelako egin genuen balentria, federik gabe ez dago ezer. Partida zail asko irabazi ditugu, eta kanporaketa berdintzeko fedea daukagu.
Jende guztiak ahotan ditu Splitter eta Rakocevic, baina Tauko beste jokalari batzuek ere lan ona egin zuten: McDonald, San Emeterio, Prigioni... Zuen taldean asko nabaritu zen normalean puntu gehien saskiratzen dituzten jokalarien errendimendu apala. Nola konpondu arazo hori?
Gu geu gara Lou [Bullock] eta Feliperen talentua onartzen dugun lehenak, baina beti ezin dute izarrak izan. Besteok ere hor gaude, eta haiek ondo zaintzen badituzte, edo egun txarra badute, hutsunea estaltzen saiatu behar dugu.
Gasteizera itzuliko zarete?
Zalantza izpirik gabe, bai.