Ez ditu nahi pistan

Nazioarteko Atletismo Federazioak eutsi egin dio Errusiako atletei nazioartean lehiatzeko jarritako debekuari. Beraz, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak asteartean esaten duenaren zain, ez dira ariko Rion.

Julen Etxeberria.
2016ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nazioarteko Atletismo Federazioko (IAAF) Kontseiluak ez du errukirik izan Errusiarekin, eta, atzo, aho batez erabaki zuen joan den azaroan herrialde horretako atletei nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko ezarritako debekuari eustea, herrialde horrek dopinaren inguruko sistema bati bide eman diola argudiatuta. «IAAFeko kideok erabaki dugu Errusiako atletek ezin dutela lehiara itzuli ikusleen konfiantzari minik egin gabe». Sebastian Coe IAAFeko presidentearenak dira hitzak.

IAAFeko Kontseiluak ez zuen zalantzarik izan. 24 kideek bozkatu zuten debekuari eustearen alde. Aitortu zuten Errusiak «pauso batzuk» eman dituela, baina ez nahikoak. 44 baldintza bete behar zituen, eta, IAAFen arabera, «asko» izan dira bete ez dituenak.

Dopinaren Aurkako Erresuma Batuko Agentziak (UKAD) Errusiaren jardueraz Munduko Agentziarako (WADA) egindako txostena hartu du oinarritzat IAAFek erabakia hartzeko. Horren arabera, UKADi «ezinezkoa» izan zaio Errusian bere lana ondo egitea. Hala, otsailetik maiatzera, lehiaketaz kanpoko 1.191 kontrol egiten saiatu zen UKAD, eta 455 bakarrik egin ahal izan zituen. Egin ezin izan zituzten ehundik gora kasuetan, kirolaria ez zegoen egon behar zuen tokian. Askok, gainera, gune militarretan egongo zirela esan zuten, jakinda Errusiako soldaduek ez zietela utziko pasatzen dopinaren aurkako ikuskatzaileei. Adibide bat besterik ez da, baina oso esanguratsua.

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) du orain azken hitza, hark baitu eskumena erabakitzeko nor doan eta nor ez doan Olinpiar Jokoetara. NOBk ezohiko goi bilera bat egingo du datorren asteartean, eta, ustez, egun horretan hartuko du erabaki bat debekuaren inguruan. Bi dira aukerak: bata, IAAFek jarritako debekuari eustea. Hori erabakiko balu, lehen aldia litzateke halako herrialde boteretsu batek ezingo lukeena dopinagatik Olinpiar Jokoetan lehiatu. Jelena Isinbaieva, Anna Txitxerova, Sergei Xubenkov, Ivan Ukhov... atleta garrantzitsu asko geratuko lirateke Rio de Janeiron lehiatzeko aukerarik gabe. Horietako gehienek jada iragarri dute epaitegietara joko dutela Olinpiar Jokoetatik kanpo geratuz gero. Errusiak ere argi utzi du ahal duena egingo duela bere atletak Brasilen egon daitezen. «Atleta, entrenatzaile eta espezialista batzuen jarrera desegokiak gure kirolari askoren ametsa zapuztu du», esan zuen atzo Vitali Mutko Errusiako Kirol ministroak.

Baina badago beste aukera bat. NOB aztertzen ari da inoiz dopinarekin nahastuta egon ez diren atleta errusiarrei lehiatzen uztea. Ikusteko dago zer erabakiko duen NOBk, baina lehenbailehen izan beharra du, hilabete eta erdi bakarrik falta baita Olinpiar Jokoak has daitezen —abuztuaren 5ean hasiko dira—.

ARDren dokumentala

Auziak 2014ko abenduaren 3an du abiapuntua. Egun horretan, ARD Alemaniako telebista kateak Dopinaren inguruko txosten sekretua: nola ekoizten ditu Errusiak bere irabazleak izeneko dokumentala eman zuen. Bertan, agerian geratu zen dopina hedatuta zegoela Errusiako kirol osoan, eta Moskuko gobernuak dopinaren kontra borroka egin ordez hura sustatu eta babestu egiten zuela. Zenbait kirol agintariren aurka egiten zuen dokumentalak. Diru truk dopin kasuak ezkutatzea leporatu zen.

Berehalakoa izan zen WADAren erantzuna: auzia ikertzeko batzorde independente bat sortu zuen. Ikerketak emaitza beldurgarriak eman zituen. Haren arabera, Errusiak bide eman zion dopina ahalbidetzeko sistema bat izateari, positiboak ezkutatuta, positibo emandako atletei estortsioa eginda eta legez kanpoko substantziak erabili izanaren agiriak deuseztatuta. Hain zen larria azaleratutakoa, eskaera zehatza egin zion IAAFi eta NOBi: debeka ziezaiela Errusiako atletei nazioartean aritzea; besteak beste, Rioko Jokoetan. IAAFek azaroaren 13an jarri zuen indarrean debekua.

Zazpi hilabete pasatxo joan dira, eta Errusiak izan du nahikoa denbora merituak egiteko. Ez ditu egin, ordea. Adibidez, WADAk aste honetan bertan jakinarazi du bere erakundeko ordezkariek hamaika trabarekin egiten dutela topo Errusian: atletek eta segurtasun zerbitzuek zailtasunak jartzen dizkiete analisiak egiteko, poliziak ere estu hartzen ditu, eta poliziak laginak zituzten kaxak ireki izan ditu aduanan.

Hori gutxi balitz bezala, ez du etenik izan Errusiako kirolarien positiboen boladak. Batetik, meldonium botikarekin emandakoak daude; 52, guztira. Bestetik, azken bi Olinpiar Jokoetan, Pekinen eta Londresen, gordetako laginen azterketek azaleratutakoak daude. 54 kirolarik eman dute positibo, eta horietatik 22 dira Errusiakoak. Ez da NOBren errukia lortzeko modurik onena. Asteartean askatuko da korapiloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.