Ez du inor harritu

Kaikuk irabazi du San Miguel ligako zazpigarren estropada, erakustaldia emanez Ribamontaneko eremu berrianHondarribia hirugarren izan da, Urdaibairen atzetik, eta ligako lehen postuari eutsi dio

Ez du inor harritu.
Aitor Manterola Garate.
Pedreña
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Kaikuk hirugarren bandera astindu zuen atzo aurtengo San Miguel ligan. Pedreñak antolatutako estropada izan zen, alboko Ribamontan al Mar herriko eremu berrian (Kantabria, Espainia). Ez zen inor harritu irabazi zuenak irabazita. Ezta nola lortu zuen ikusita ere. Erakustaldia eman zuen, aurreko bi banderak lortu zituenean bezala.

Sekulako taldea dauka Jose Luis Kortak, eta orain arteko lana aztertuta, harritzekoa ere bada bandera gehiago pilatuta ez izatea. Atzo, asmatu egin zuen bete-betean, eta hori gertatzen denean, ez dauka aurkaririk ligako egungo txapeldunak. Azkeneko txandan lehiatu zen, ligako beste hiru onenekin batera: Urdaibai, Hondarribia eta Tiran. Hasi eta buka nagusitu zen Kaiku. Arraunean ondo egiteko erritmo egokia hartu zuen, eta arraunlarien indarra baliatuz, gozo joan zen Bizkaitarra trainerua. Une oro aurkariak txopan zituela, gero eta urrutiago.

Atze alde horretan, bitan banatu zen hirukoa. Urdaibaik eta Hondarribiak egundoko lehia izan zuten. Kanporako luzeetan gehiago zen Bizkaiko taldea, baina barruranzkoan gipuzkoarrek aldea jan zioten. Bigarren ziabogan aurretik zen Hondarribia, baina hortik aurrera Urdaibaik irabazi zuen bien arteko borroka. Azken luzean, ikusgarria izan zen borroka, bi traineruak muturra zeinek sartuko, eta azkenean, bizkaitarrak izan ziren bigarren.

Hondarribiak, bere aldetik, hirugarren bukatu zuen, eta postu bera egokitu zitzaion estropadako sailkapenean. Horrenbestez, lehen postuari eusten dio, baina Kaikuk puntu bakarrean utzi zuen bien arteko aldea.

San Pedroren lan bikaina

Bigarren txandan, San Pedrok erakutsi zien atzea San Juani, Astillerori eta Castrori. Pasaiako bi ontziek sekulako lehia izan zuten estropadaren erdira arte. San Juan gaizki hasi zen, baina okerrak zuzentzea lortu zuen, eta borrokan murgildu zen San Pedrorekin. Baina hirugarren luzetik aurrera, moreen kolorea bizitu egin zen. Sekulako lana egin zuen Gabi Larrinagaren taldeak. Txanda erraz antzean menderatu zuen, eta lan horren saria hau izan zen: laugarren izan zen atzo. Azkeneko txandako azkenari, Tirani, aurrea hartzea lortu zuen.

Eguneko beste lan ona Pedreñak burutu zuen. Erraz nagusitu zen aurreneko txandan. Zaleen aurrean dotore zuzendu zituen orain arteko egindako okerrak. Joan zen igandeko kezkak alde batera utzi ditu neurri batean, azken-aurreko lekuaren jabe egiteko itxurarik ez baitzuen eman. Eguraldiak lagundu izan balio, gorago bukatuko zuen, eta ez bederatzigarren bakarrik. Izan ere, haizeak behera egin zuen txandak jokatu ahala.

Lehen txanda horretan, ikusgarria izan zen bigarren lekua lortzeko lehia. Zumaia eta Portugalete estu ibili ziren. Ia estropada osoan, zumaiarrak aurretik ibili ziren lauzpabost segundoko aldeaz, baina azken luzean, Portugaletek pare bat segundoko abantaila lortu zuen. Hala ere, azkeneko txanpa ikusgarrian, Zumaiak hartu zion aurrea.

Gaur, zortzigarren estropada jokatuko dute Pasai San Pedron (12:30, ETB1). hiru txanda izango dira, atzoko emaitzen arabera antolatuta. Berezia da eremua, kai barruan izango delako, eta batez ere, ziaboga kopuruagatik, bost eman beharko dituztelako.

Galizia, Euskotren ligan

Euskotren ligako hirugarren jardunaldia ere jokatu zuten eremu berean, eta Galizia izan zen azkarrena. Zumaiak egin zuen bigarren, Getaria-Tolosak hirugarren eta San Juanek laugarren. Bitan banatu behar da atzoko lana: lehen luzean gertatu zena, batetik, eta bigarrenean jazo zena, gero. Kanpora joaten Zumaia moldatu zen ondoen, bospasei segundoko aldea izan zuelako Galiziarekiko. Baina ziabogara gerturatzeko bidean, zumaiarrek norabidea aldatu behar izan zuten. Galizia aurretik zen buelta ematen, eta horrela amaitu zuen. Sailkapenean, Galizia eta Zumaia berdinduta daude. Gaur, Pasai San Pedron dute estropada (12:00), bi ziabogetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.