Lorenzo Juarros, 'Loren'. Realeko kirol zuzendaria

«Ez dugu iraultzarik egingo udan»

Mailari eusteko helburua bideratuta utzi eta Europako txartela urrun geratu ostean, datorren denboraldiari begira lanean ari da Loren. Euren maila eman ez duten hainbat jokalarik taldetik ateratzeko arriskua badutela baieztatu du.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2015eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Berandu baina seguru. Zuzendaritzako bilera batetik irten berritan azaldu da hitzordura Lorenzo Juarros Loren Realeko kirol zuzendaria (Mambrillas de Lara, Burgos, 1966). «Egun on» esan baino lehen, barkamena eskatu du. «Sentitzen dut atzerapena. Badakizu, jada etorkizunari begira lanean ari gara, eta luze joan zaigu». Hori bai, bilerako estresak azkar demonio joan zaizkio, Realak 1986-87ko sasoian Espainiako Kopa irabazi zueneko argazkiaren pean jarri denean. «Haiek bai garaiak!», esan du irribarretsu. Bera ere argazkian ageri da. Badaki epe motzera halakoak errepikatzea oso zaila dela, baina ez du deus baztertu. «Gu hil baino lehen ikusi ahal izango dugu berriz halako argazki bat, ziur».

Zer moduz joan da bilera?

Arazorik gabe. Zuzendaritzan sarri egin ohi ditugu batzarrak, batez ere Realari buruz hausnartzeko, eta ez da konplikaziorik egon. Mailari eusteko helburua nahiko bideratuta daukagu, eta Europara sailkatzeko miraria beharko dugu. Horregatik, jada hurrengo sasoian jarria dugu begirada, erabaki garrantzitsuak hartzeko garaia da, eta lanean ari gara. Ezin nezake ezer aurreratu.

Triste. Etsita. Pozik. Nola zaude taldearen martxa ikusita?

Balorazioa ez da ona eta, ondorioz, pozik egotea ezinezkoa da. Ilusio handia genuen sasoi hasieran, nola ligan hala Europan. Lehen kolpea Krasnodarren aurka jaso genuen, Europako Ligatik at geratuta. Taldeak konfiantza galdu zuen guztiz. Ligan ere gaizki ibili gara. Ez dut eskatzen Valentziaren edo Sevillaren parean egon beharko genukeenik, errealista naiz, baina zerbait gehiago espero genuen. Orain, David Moyesen eskutik, egia da hobeto gaudela. Beraz, denboraldia zapore gozoxeagoarekin amaituko dut.

Zein izan da arazoa? Udako planifikazio txarra, fitxaketekin asmatu eza, lesioak...

Gauza guztiek eragin dute. Hasteko, Illarramendi, Griezmann zein Bravo galtzeak pisua izan du. Taldeak kalitatea galdu du. Hori ikusita, udan bestelako sistema baten alde egitea erabaki genuen. Ez zaigu ondo atera. Autokritika egiten dut. Fitxaketek ez dute uste bezain ongi funtzionatu, eta lesioekin zorte txarra izan dugu. Txarregia. Vela min hartuta heldu zen denboraldi-aurrera, gero Rulli eta Finbogasson lesionatu ziren. Eta sasoi osoan arazoekin dabiltza Zurutuza, Mikel Gonzalez, De la Bella eta beste hainbat jokalari. Arazoak arazo, ur handietatik atera gara, eta hori ona da. Gaizki pasatu dugu, ez pentsa.

Realaren azken urteotako bilakaerak etena izan al du?

Azken urteotan loraldia izan du taldeak, eta normala da tartean-tartean etenak egotea. Gure hitz magikoa Europa izan da aspaldian, eta Europako Ligarako izugarrizko ilusioa geneukan. Urrunera heldu nahi genuen. Krasnodarren aurka galduta, kolpe latza jaso genuen; lur jota geratu ginen, eta kosta zaigu ederki burua altxatzea. Orain hobeto sentitzen gara, eta hurrengo sasoira islatzea da gure xedea.

Erabaki zaila izan al zen Jagoba Arrasate kargutik kentzea?

Oso zaila. Edonork pentsa dezakeen baino zailagoa. Azken unera arte izan genuen itxaropena taldeak hobetuko zuela edo. Baina ez. Ezinezkoa izan zen. Min egin zigun Arrasate bota behar izateak, batez ere etxekoa zelako, eta entrenatzaile ona, gainera, baina ez genuen izan beste erremediorik. Berak guztiz ulertu zuen erabakia, zintzo portatu zen, eta publikoki eskertzen diot.

Moyes aurreikuspenak betetzen ari al da?

Guztiz. Egoera txarrean hartu zuen taldea, eta puntuak ahalik eta azkarren batzea zen helburua. Realak jokoan ez du distirarik, eta denok nahiko genuke taldeak hobeto joka dezan, baina Moyesi ezin zaio ukatu eskatutakoa bikain bete ez duenik. Jokalariak gustura daude, eta aurrerantzean gora egingo dugu ziur.

Lehenago ere inoiz saiatu al zineten Moyes fitxatzen?

Inoiz ez. Egia da begiz joa nuela aspalditik, gustuko entrenatzailea nuelako, baina ez genuen halako ahaleginik egin. Hura fitxatzea ez zen erraza izan, baina mereziko du. Hori espero dut.

Berak hartu al du aginte makila, eta zu itzalpean geratu?

Hori irakurri dut leku batean baino gehiagotan, baina gezurra da. Gainera, Ingalaterrako Ligan bertan ere gero eta kirol zuzendari gehiago daude taldeetan, eta lehengo kontuak atzean geratzen ari dira. Badakit Toshack Realean zegoenean hark erabakitzen zituela fitxaketa kontuak, baina Moyesekin ez da hala. Guztion artean hartzen ditugu erabakiak. Moyes etorri arren, nik lehengo lan berbera egiten jarraitzen dut. Gertu daukat Moyes, eta berak ni ere bai. Behar nauela uste dut, berarentzat guztia berria delako. Hori bai, bakoitzak bere espazioa du. Asko ikasten ari naiz berarengandik.

Etorkizunari begira lanean ari zaretela aitortu duzu. Zer espero behar da?

Aldaketa handirik ez, behintzat. Hori ez da gertatuko. Moyesi berari ere argi eta garbi utzi genion lehen bileran zein den gure klubaren filosofia, eta badaki ezin duela iraultzarik egin. Ez dauka horretarako asmorik. Jokalari asko euren maila onenetik urrun daude, eta baloratu beharko dugu zer egin haiekin. Beste batzuei kontratua amaituko zaie. Behin-behineko erabaki batzuk hartuak ditugu, baina aldaketak egon daitezke oraindik. Horregatik, isilik egon beharra daukat.

Etsipenak jota al zaude jokalari batzuen jarduna ikusita?

Etsipenak jota ez nuke esango; baina egoerarekin haserre samar, bai. Jarraitutasun ezagatik edo lesioengatik, gutxi azaldu dira, baina ezin gara erotu. Ezin dugu ahaztu haiekin sailkatu ginela Txapeldunen Ligara eta maila onekoak direla. Ziur nago jokalari horiek ere nahi dutela egoera aldatzea. Nik ez dut nahi inor egonkortzerik Realean. Egunero gogor lan egin behar dute. Horregatik, entrenatzailearekin hitz egin behar dugu erabakitzeko zer egin bakoitzaren etorkizunarekin, hark dakielako ongien jokalarien egunerokotasunaren berri.

Zubikarai, Elustondo, Ansotegi eta Estradari kontratua amaituko zaie. Zer diozu?

Ez daukagula erabakita haien etorkizuna. Horietako batzuekin hizketan ari gara. Pazientzia behar dugu.

Nola dago Rulliren kontua?

Lehen bezala. Haren ordezkariekin hizketan jarraitzen dugu, baina ezer sinatu gabe gaude. Harremana ona da, jokalariak berak ere Donostian segitu nahi du, baina kontu batzuk zaildu egin zaizkigu. Besteak beste, Argentinarekin egin du debuta, eta horrek konplikatu egin du kontua. Dena den, baikor naiz. Atezain bikaina da.

Finnbogason fitxaketa ona izan al da?

Oraingoz, ez. Hori guztiok dakigu. Ez da ematen ari guk espero genuena. Lesioak izan ditugu; ondorioz, minutu gutxi ere bai, eta zortea falta izan zaio. Azken partidetan hobekuntza txiki bat nabaritu diot, eta horrek itxaropena piztu digu. Gogoan ditut Kodro, Nihat edota Kovacevic. Haiek ere hasiera zaila izan zuten, eta begira noraino heldu ziren. Beraz, eduki dezagun pazientzia Finnbogasonekin. Emango baitu berea.

Talde handiren batek jo al du Realaren atea jokalariren baten bila?

Ez, eta hobe horrela, lehen ere baditugu-eta hamaika buruhauste. Jokalari onak baditugu, Vela eta Iñigo Martinez esate batera, baina ez dugu deirik jaso. Ez neguko merkatuan, eta udan ere hala segitzea espero dugu. Taldeak ongi ez funtzionatzeak abantaila txiki batzuk baditu, bistan denez.

Harrobia osasuntsu dago?

Lehen taldeak eman ez digun poza eman digu. Zubieta ongi funtzionatzen ari da. Hori bai, jokalariek ez dute erraza lehen taldera igotzea. Dena den, gu aukerak emateko gaude.

Gustura zaude zure lanarekin?

Hori beste batek epaitu beharko luke, baina zenbakiek ez diote gezurrik. Egungo zuzendaritza batzordeak sei urte darama lanean, eta emaitzak onak dira, nola ekonomikoak hala kirol arlokoak. Klubaren filosofia zaintzen saiatzen gara beti. Hobetu beharreko gauzak edukiko ditugu, ziur, baina balorazioa ona da.

Zer moduz hartzen dituzu kritikak?

Nire lanaren parte dira. Lorik ez didate kentzen. Hemezortzi urte egin nituen jokalari gisa, eta ongi dakit zer den kritikak entzutea. Hala ere, kritikak entzuteko, nahiago dut jokalaria izan kirol zuzendaria baino. Guztiz babestuta sentitzen naiz nire ingurukoengandik, eta horrek du garrantzia. Segiko dudan edo ez? Ez dakit. Baina gustura ari naiz lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.