Dani Garcia. Athleticeko jokalaria

«Ez dugu sormen handiko jokoa, baina aukera asko sortzen ditugu»

Dani Garciaren iritziz, talde sendoagoa dute sasoi honetan. Onartu egin ditu jokoari egin zaizkion kritikak, baina argi du zer egin behar duten: «Jokalariok jakin behar dugu zer den ondo eta txarto jokatzea».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Dani Garciak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1990) taldeari oreka emateko ardura dauka Athleticen. Zuri-gorriak defentsan egiten ari diren aparteko lanaren zutabe nagusietako bat da. Gaizka Garitanorentzat ordezkaezina da. Zelaian erakustea gustuko duen oreka hori zelaitik kanpo mantentzen ahalegintzen da. Presioak gainezka egiten dionean txarto pasatzen du, baina ikasi egin du antsietate arazoekin bizitzen. Ez du erraz amore ematen.

Zortzi puntu lortu dituzue ligako lehen lau partidetan, eta oraindik ez duzue galdu. Taldeari ezin zaio askoz gehiago eskatu.

Tira, Mallorcako partidak ez digu aho zapore ona utzi. Hobeto joka dezakegu. Hala ere, liga hasiera oso ona egin dugu. Ondo hasteak lasaitasuna emango digu.

Horren garrantzitsua al da ondo hastea?

Aurreko sasoian gertatu zitzaiguna ahaztu al zaizu? Gaizki hasi ginen, eta larri ibili ginen. Aurten, lasaiago gaude. Taldeak konfiantza handiagoa du, baikorrago dago. Ondo hastea ezinbestekoa da egunerokoan egiten den lanean sinetsi eta argi gorririk ez pizteko.

Gol bakarra jaso duzue. Defentsan lan aparta egin duzue.

Atea ondo zaintzen duten taldeak daude sailkapeneko goiko postuetan. Ez dugu sormen handiko jokoa egiten, baina aukera asko sortzen ditugu. Atea hutsean mantentzen badugu, erasoan aukeraren bat asmatuko dugu, ziur.

Aurreko denboraldiaren bigarren zatian hasitako bideari jarraika ari zarete.

Arlo askotan hobetu egin dugula uste dut. Hala ere, badugu zer hobetu baloiaren jabe garenean. Kalitate oneko jokalariak ditugu. Baina aurkariak ere jokatzen du.

Zer arlotan egin du taldeak urratsik handiena?

Presioa egiten hobetu dugu, hegaletatik sakonagoak gara, eta aurreko sasoian baino askoz jokaldi gehiago ari gara amaitzen. Defentsan lehen ere oso onak ginen.

Sormenean gabeziak dituzuela aipatzen da sarri. Zuk zeuk ere esan duzu. Ez da erraza, ordea.

Beti eskatzen zaigu ematen duguna baino gehiago: irabazten dugunean, entzuten dugu ez dugula ondo jokatzen. Ez badugu garaipena eskuratzen, irabazteko kapaz ere ez garela aurpegiratzen digute. Badakigu zein talde ordezkatzen dugun. Argi daukagu asko eskatzen zaigula. Baina lasai gaude. Jokalariok jakin behar dugu zer den ondo eta txarto jokatzea.

Athletic da fitxaketarik egin ez duen talde bakarra. Zer iritzi duzu?

Talde ona daukagulako izango da. Gainera, haztegiko gazteak indartsu datoz, eta eurei ere zabaldu egin behar zaie atea.

Gaizka Garitanoren ekarpenak zenbateko garrantzia dauka taldeak izan duen hobekuntzan?

Handia. Taldearen jokatzeko era aldatu du. Merezi duena aitortu behar zaio.

Taldearen proposamena erakargarria ez delako edo etxekoekin gogorragoa izateko joera dagoelako, batzuetan badirudi ez dutela merezi duen moduan baloratzen. Ados zaude?

Nik uste dut guztiok jartzen gaituztela ezbaian. Laugarren postuan gaude, eta, hala ere, jarraitzaileek kritikatu egiten dute taldea. Kontu horiei ezin zaie kasu handirik egin. Entrenatzaileak eskatzen duguna egiten badugu, aurrean egongo gara.

Kritika horiek min ematen dizuete?

Ez, inolaz ere ez. Kritikek hazteko balio digute. Guk badakigu zer egiten dugun ondo eta zer txarto. Joko hobea egin genezake, baina ni pozik nago taldeak erakutsi duen mailarekin.

Aurreko denboraldian, liga aurrean amaitu zenuten, baina zuloan egon ondoren. Duela bi urte beheko postuetan egon zen taldea sasoi guztian. Aurrekariak ikusita, zer eskatu behar zaio taldeari?

Ligan talde indartsuak daude, baina, orain arte bezala jarraituz gero, sailkapenaren erditik aurrera egongo gara. Anbiziotsuak gara. Duela urte batzuetako lekura itzul gaitezke.

Bihar derbia jokatuko duzue Alavesen kontra. Aurkariak aldaketa asko egin ditu: entrenatzaile berria dauka, eta jokalari asko aldatu ditu. Zer iruditzen zaizu?

Alavesek entrenatzaile berria dauka, baina azken urteotako ildo berari jarraipena eman dio. Aurkari gaitza da, gol gutxi jasotzen baititu. Lehia gogorra espero dut. Atea hutsean mantentzen duen taldeak irabaziko du.

Jarraitzaileak oso ondo ari dira erantzuten: Bartzelonaren kontra 47.000 zale egon ziren San Mamesen, eta Realaren kontra, 46.000. Giro oso ona sortzen da aspalditik.

Guretzat oso garrantzitsuak direla konturatu dira zaleak. Eskertzekoa da haien babesa. Asko laguntzen digute.

Taldea ondo ari da, eta zu zeu ere garai gozoan zaude. Futbolari garrantzitsua zara entrenatzailearentzat. Pozik zaude?

Oso gustura ari naiz. Denboraldia indartsu hastea gura nuen, hamaikakoan lekua lortu ahal izateko. Pozik nago, baina, taldeak hobetu behar duela esan badizut, gauza bera pentsatzen dut nire jokoaren inguruan. Anbizioa izan behar dut.

Bigarren sasoia duzu Athleticen. Eibarren zenuen garrantzia hartzen ari al zara?

Zelaian zein zelaitik kanpo beste funtzio bat dut. Eibarren, kapitaina nintzen, eta Athleticen ez dut aginte makilarik. Baina oso gustura nago. Erraza da Athleticen lan egitea.

Nortasun handiko jokalaria zara. Segurtasun handia transmititzen duzu. Hala ere, antsietate arazoak izaten dituzula onartu duzu.

Urteak daramatzat antsietateari aurre egiten. Ez da eguneroko kontua; etorri eta joan egiten da. Presioak gainezka egiten didanean izaten dut antsietatea. Herritar askok dauka gaixotasun hau. Kontrolatzeko gai bazara, ez da oso larria, eta, gainera, indartsuago izaten laguntzen dizu. Ni antsietatea kontrolatzeko gai naiz. Inor ez dadila larritu. Hori bai, kontu horien inguruan normaltasun gehiagorekin hitz egin beharko genuke. Laguntza behar duenak espezialistarengana jo beharko luke.

Zuk antsietatearekin jokatzen duzu, beste jokalari batzuk min hartuta zelairatzen dira... Jarraitzaileek ezagutzen ez dituzten kontu asko daude futbolari baten egunerokotasunean.

Hala da. Gu ez gara bereziak. Inguru guztia guri begira dago, baina horrek ez du ezer aldatzen. Beste edozein herritarrek bere lanean izan ditzakeen arazo beretsuak ditugu. Aurrera egin behar da, eta ahalik eta gehien gozatzen ahalegindu. Ez dago besterik.

Jokalari gazteen artean Ohian Sancet ari da zeresan gehien ematen. Ondo ari al gara kazetariok haren inguruan horrenbeste hitz egiten?

Dohain oso handiak ditu, baina zer hobetu asko dauka. Arlo horietan laguntzen ari gara. Oso ona da, baina jarraitzaileek pazientzia izan behar dute. Sancetek Lehen Mailan debutatzearekin ez dugu ezer egiten. Gorengo mailan jokalari garrantzitsua izatea lortzea da helburua. Garitano zuzen ari da eramaten jokalaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.