Javi Gracia. Osasunako entrenatzailea

«Ez dut inoiz zalantzan jarri nire aurretik Osasunan zeudenen lana»

Bi hilabete bete ditu Osasunan. Taldeak gora egin du harekin, baina ez nahikoa jaisteko postuak atzean uzteko. Baikor da, hala ere. Helburua lortzeko «sufritu» egin beharko dutela dio, baina sinetsita dago lortuko dutela.

Taxoare
2013ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Maila eta herrialde askotan entrenatu ostean iritsi zaio Javi Graciari jaioterriko taldearekin Lehen Mailan debuta egiteko aukera. Erronka zaila duela jakitun da, baina gogoz gainezka dago. Ez du alferrik galdu nahi eman dioten aukera.

Bi hilabete bete dituzu Osasunan. Ze balorazio egiten duzu?

Une gozoagoak izan ditugu... Min egin digu azken bi partidak galdu izanak. Bi lehia horien aurretik hobera egiten ari ginen sentipena genuen: zelaian hobeto ari ginen, eta emaitzak ere hobeak ziren. Baino hau luzea dela ere bagenekien, eta Anoetako partidaren ostean eta batik bat etxean Almeriarekin galdu ostean berriz larri gaude, puntu premia latzarekin. Akatsak larrutik ordaintzen ari gara.

Anoetan 5-0 galdu ondoren ere jokalariak baikor zeuden, egun txar bateko kontua zela eta taldea egunetik egunera hobeto zegoela sinetsita. Almeriaren aurkako partidak zalantzak areagotu ditu?

Almeriaren aurka gutxienez ez galtzeko merituak egin genituela uste dut. Anoetakoa partida, berriz, arraroa izan zen. Jokalari batekin gutxiagorekin minutu asko egin genituen, geldikako jokaldietan oso gaizki aritu ginen, eta guk baino askoz jokoa egin beharrik gabe Reala 2-0 aurreratu zen. Bat gutxiagorekin geratu, eta Griezmannek hirugarren gola sartu zuenean hurrengo partidan pentsatzen hasi nintzen, eta aldaketek ere argi utzi zuten hori. Azken bi golak ez ditut aintzat ere hartzen. Almeriaren aurka ongi aritu ginela uste dut. Atzean sartu zen Almeria, baina, halere, gola ssartzeko aukera on dezente izan genituen, eta euren atezaina izan zen partidako jokalaririk onena. Oso porrot mingarria izan zen guretzat. Hori ukatzerik ez dago.

Bi hilabete hauetan denetarik izan da. Zein izan da unerik onena? Eta txarrena?

Astea joan eta astea etorri hamaikakoak baldintzatu dizkidan lesioak izan ditugula izan da okerrena, eta horretan Sisiren lesioa larria izan da txarrena. Onena, aldiz, partida askotan defentsan erakutsi dugun sendotasuna izan da, Bartzelonaren aurka golik ez jasotzea izan zen horren adibiderik onena. Hala ere, azken partidetan aurkariek oso gutxi eginda jaso ditugu golak.

Zure hitzak ez zirela behar bezala ulertu esan duzu behin baino gehiagotan, baina Getafen zure lehen partida amaitu berritan taldearen «sasoi txarraren» inguruan esandakoen damurik ba al duzu?

Nik badakit zer esan nuen, eta zein zen nire asmoa. Horregatik ezin naiz damutu, inolako asmo txarrik gabe egindako adierazpenak izan baitziren. Errotik moztu nahi dut polemika hori, ez dut gaiaz gehiago hitz egin. Ez dut inoiz zalantzan jarri nire aurretik Osasunan zeudenen lana. Lan ona egin zuten, meritu handikoa, eta ezagutzen nauenak badaki nik ez nukeela inoiz hori zalantzan jarriko. Ez dut azalpen gehiago eman nahi.

Toni Ruizen —Jose Luis Mendilibarren prestatzaile fisikoaren— erreakzioarekin harrituta geratu zinen?

Ez dut nik baloratu behar hori, errespetu handia diot gu iritsi aurretik prestatzaile fisikoa zenaren lanari, baita entrenatzailearenari ere bai. Benetan diot, asko baloratzen dut hemen egin zuten lana, eta ez da nire asmoa inor kritikatzea.

Juan Solla zure prestatzaile fisikoari antzeko egoera bat egokitu zitzaion Cadizen.

Bai, egia da, eta horregatik diot. Nik badakit zer den entrenatzaile batentzat kargutik kendu eta gero, jada klubean ez zaudenean, klubak zu egitea arazoen erantzule, eta hori ez da bidezkoa. Botatzen zaituztenean asko sufritzen dela badakit, eta ez da bidezkoa esatea arazo guztien erantzulea bota duten lantaldea dela , ez.

Iritsi zinenean baino aldarte hobean ikusten dituzu jokalariak orain?

Nahiago dut ez erantzutea horrelako galderei, jokalarien sasoi mailaz esan nuenak sortu zuen zalaparta ikusita, orain jokalarien aldartearekin ere antzeko zerbait gertatu ahal baita. Baietz esaten badut, lehen animikoki hondoa jota zeudela ondorioztatuko dute batzuk, eta nahiago dut horri ez erantzutea. Azken porrotak min egin digu, ez genuen espero eta ez genuen merezi, eta horrexegatik une honetan ez dugu aldarterik onena.

Lehenhitz egin dugu Anoetako porrotaz. Jokalari gisa gozatu zenuen zelai horretan, baina entrenatzaile gisa...

Ez da zelairik aproposena, ez. Oraingoz, ez, behintzat. Osasunarekin bertara joan nintzenean bigarren bisita nuen entrenatzaile gisa, eta 5-0 galdu genuen. Lehen bisita are eta gogorragoa izan zen, dena dela. Irabazten hasi, eta 4-1 galdu nuen Cadizekin, eta partida haren ostean bota egin ninduten. Oroitzapen onak ekartzen dizkit Anoetak, baina berriro diot, oraingz, entrenatzaile gisa ez da nire zelairik kutunena.

Philippe Montanierrek Reala uzteko erabakia jakinarazi zuenean zure izena ere agertu zen zenbait komunikabidetan hura ordezkatzeko hautagaien artean. Horren berririk izan zenuen?

Hedabideetan agertu zela badakit, baina beste ezer ez dakit, ni Almeriarekin Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzen ari nintzen orduan, eta buru-belarri nire lanean sartuta nintzen. Igoera lortu, eta han jarraitzeko asmoa neukan orduan.

Zer gertatu zen Almerian ez jarraitzea erabakitzeko?

Urte gogorra izan zen, baina helburua lortu genuen. Igoera lortu eta lauzpabost egunera eskaini zidaten jarraitzea, baina presidentearekin eta kirol zuzendariarekin bilera bat izan eta gero ez nindutela behar bezala baloratzen sentitu nuen. Ez zen diru kontua. Nik jarraitzea nahi zutenik ez nuen sentitu, ez dut esan nahi hala ez zenik, baina nik ez nuen hori sentitu behintzat. Han jarraitzeko, erabat gustukoak ez nituen zenbait gauza onartu egin beharko nituen, eta, hori egin ordez, joatea erabaki nuen. Nire lana ondo egindako ustearekin, zorterik onena opa nien, eta kito.

Entrenatzaile aldaketak ere ez dira lehen bezainbeste izaten orain krisi ekonomikoa dela eta. Erabaki arriskutsua hartu zenuen langabezian geratzea erabakita.

Nire ustez, sasoia talderik gabe hastea baino arriskutsuagoa da konbentzitzen ez zaituen proiektu batean hastea. Neure buruari zor diodan errespetuari kale egingo nioke, gainera. Eta horrek ez ninduen lasai utziko. Futbolari profesional gisa hamabost urteko ibilbidea egin nuen, eta ez nuen zalantzarik izan hara eta hona ibiltzeko. Gustura non egongo nintzen aukeratzen saiatzen nintzen, ez nion beste ezeri begiratzen. Realetik Vila-realera joan nintzen, Bigarren Mailako talde batera. Jende bat harrituta geratu zen, Lehen Mailan jarraitzeko aukera ere banuen eta, baina zalantzarik ez nuen izan, hori egin behar nuela sentitzen nuen eta. Gainera, zorionez, Lehen Mailara igotzea lortu genuen, eta Vila-real asko hazi da harrezkero. Entrenatzaile gisa ere antzeko ibilbidea egin dut, gazte mailakoekin lanean hasi nintzen, Bigarren B Mailan Pontevedrarekin bi igoera fase jokatzea lortu nuen gero Cadizekin igo aurretik. Greziara joan nintzen gero, Almeria Bigarren Mailan hartu eta Lehen Mailara igo aurretik. Pauso guztiak egin ditut, inork ezer oparitu gabe. Entrenatzea asko gustatzen zait, ez dut beldurrik hara eta hona ibiltzeko, eta uneren batean talderik gabe geratzeko ere ez. Ni neu izateari ez diot inoiz uko egingo toki batean egon ahal izateko. Zoriontsuagoa naiz horrela.

Lehen Mailan estreinako aldiz ariko zinela esan nizun Getafen jokatu bezperan, eta Greziako Lehen Mailak ez al duen balio erantzun zenidan.

Greziako futbola ezezaguna da hemen, baina niretzat erronka handia izan zen hara joatea. talde on batera nindoan. Denboraldi ona egin berri zuen Lehen Mailan Olympiakos Volouk, eta Europa Ligan lehiatzeko aukera ere bagenuen. Jokalari onak nituen, greziarrak, frantziarrak, argentinarrak...Entrenatzaile gisa hazten jarraitzeko talde ona zela erabaki nuen. Gauzak berehala okertu ziren. Ez ziguten Europa Ligan lehiatzen utzi bulegoetako arazoengatik, eta berehala utzi nuen taldea. Kerkyra talde igo berriak eman zidan aukera orduan, eta mailari eustea lortu genuen. Esperientzia ona izan zen, Lehen Mailan nire debuta izan zen, eta Olympiakos, Panathinaikos, Aris edo PAOK bezalako taldeen aurka aritu ahal izan nintzen.

Greziako esperientziarekin gustura geratu zinela dirudi.

Oso esperientzia ona izan zen, bai. Asko ikasi nuen. Kirol arloan eta arlo pertsonalean zoragarria izan zen. Herrialdea une latzak igarotzen ari zen, baina bikain hartu gintuzten, jende zoragarria zen. Bi taldetan egon nintzen, eta biak herri turistiko dotoreetan zeuden, Corfuko irlan eta Voloun. Zoragarri egon nintzen. Kontratuei buruz eta diruari buruz hitz eginez gero, kobratu al nuen agindutakoa edo ez... hori beste kontu bat da.

Hiru jardunaldi bakarrik jokatu zirenean Osasunak deitzeak harritu egin zintuen?

Iruñean nengoen, eta banekien giro nahasia zegoela, eta Liga hasiera kaskarraren ondotik aldaketa egon zitekeela. Oso azkarra izan zen, eta hori harrigarria zen, baina gutxi gorabehera Osasunaren inguruan giroa zein zen banekien, esames ugari entzuten zirelako eta horregatik ez ninduen hainbeste harritu.

Besteak beste, Osasunako zuzendari bat zure lehengusua zela eta Mendilibar ordezkatzeko hautagai nagusia zeu zinela ere entzungo zenuen. Mingarria da lehengusuarengatik deitu dizutela pentsatu ahal izatea jendeak?

Familia ez dut nik aukeratu, eta nik baino curriculum eskasagoarekin izan dute hainbat entrenatzailek Lehen Mailan aritzeko aukera lehengusu beharrik gabe.

Zure ama pozik izango da, behintzat, hainbeste urteren ostean zu berriz Iruñean izanda.

Bai, 17 urterekin joan nintzen Iruñetik, eta, 43 urterekin itzulita, ama pozik izango ez da, bada! Nire seme-alabek ere eskertu dute. Nik ere bai, baina Taxoaretik kanpo denbora gutxi egiten dut nik, eta nik neuk baino gehiago gozatzen dute Iruñean egotea nire familiakoek. Nire hiria da Iruñea, eta hemen biziko naiz Osasuna utzi eta gero ere. Orain hemen nago, gero beste norabait joan ahal naiz lanera, baina Iruñea beti izango da nire hiria.

Inoiz ez ziren aritu Osasunan. Athleticen harrobian hasi eta Valladolid, Reala, Vila-real, Kordoba... Zure hiriko taldean ezer berezirik sentitzen al da?

Egon naizen toki guztietan langilea eta arduratsua izan naiz, baina hemen are eta erantzukizun handiagoa daukadala uste dut. Gehiago sufritzen dela ere esango nuke.

Denbora askorik ez daramazu Osasunan, baina etxekoei aukera ematea jendeak asko eskertzen duela ikasi duzu jada. Gehiegi akaso?

Ez dakit gehiegizkoa den ala ez, logikoa iruditzen zait jendeak hori nahi izatea, baina baldintza ezberdinak ere aintzat hartu behar dira eta errealitateak askotan beste norabide batzuetan jartzen gaitu. Une honetan, jokalari nafar gutxi ditut lehen taldean. Malagan, batere nafarrik gabe ere hasi genuen norgehiagoka.

Bitxia da, baina partida hura irabazi egin zen, lehen zati ikusgarria jokatuta.

Ez dut uste nafarrik gabe aritzearen ondorioa izan zenik, baina jokalariekin legez jokatu nahi dut,eta, horregatik, ez dut aintzat hartzen nafarrak diren ala ez eta gazteagoak edo zaharragoak diren.

Jose Garciaren estreinakoak ilusio handia piztu du zaleen artean.

Asko pozten nau Joseren debutak, baina jokalariak berak partida amaieran garbi esan zuen aldagelan: «Bai, bai, oso ondo, baina galdu egin dugu». 16 urteko jokalari bat lehen taldearekin jokatzen ikustea garrantzitsua da, baina irabaztea da garrantzitsuena.

Futbolari on bat izateko itxura guztia dauka.

Ezaugarri dotoreak ditu, eta gazte mailetan ere erakutsi du hori. Zelaian egon zen minutuetan, gainera, futbolaria izan nahi duela erakutsi zuen. Ezin dugu ahaztu, dena dela, 16 urte dituela.

Hori kudeatzea zure lana da.

Denon artean lagundu behar dugu Jose. Bide zuzenetik joan behar du, batzuetan atzerako biderik ez da izaten futbolean eta.

Taldearen egoeran 16 urteko jokalari bati aukera ematea esanguratsua da, dena dela. Hori ez da azken jardunaldian ezer jokoan izan ez eta gazteari sari gisa aukera bat ematea bezala?

Beharrak bultzatuta etorri da Joseren debuta, erasoan hutsune asko izan ditugu lesioen eta zigorren ondorioz, eta erasoko jokoan asko lagundu ahal digulako izan du aukera Josek.

Lehen taldeko jokalaria da zuretzat Jose dagoeneko?

Ikusiko dugu, taldearentzat eta harentzat onena dena egiten saiatuko gara. Ondo entrenatzen badu, eta jokatzen duenean maila ona ematen badu 16 urte dituelako ez da kanpoan geratuko dena dela. 16 urte dituen ala 32 dituen berdin zait, betiere bere ekarpena egiten badigu.

Reala, Almeria eta zure talde ohiekin amaitzeko, Valladoliden aurka jokatuko duzue hurrengo partida ligan.

Bitxia da bai, ea hirugarrengoan garaipena iristen den. Bi urte egin nituen Valladoliden, eta oso oroitzapen onak ditut, hango kapitaina ere izan nintzen, baina batik bat nire bizitzako fitxaketarik onena egin nuen han: nire emaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.