Dani Garcia. Athleticeko jokalaria

«Ez dut klubaren deirik jaso kontratua berritzeko»

Dani Garciak lau denboraldi daramatza talde zuri-gorrian, eta teknikari guztien konfiantza izan du. Zaleek ere aitortu diote zelaian egiten duen lana.

ARITZ LOILA / FOKU.
haritz gallastegi
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Egokitzen denari aurre egiteko zalea da Dani Garcia Athleticeko jokalaria (Zumarraga, Gipuzkoa, 1990); aurkaria izan, edo galdera deseroso bat izan. Cadizen kontrako porrotak hoztu egin du taldearen inguruko giroa, baina euskarria baikor agertu da.

Zuen azken partidak aho zapore garratza utzi zuen. Azalpenik badu Cadizen kontra jokatu zenuten partida eskasak?

Partida baten inguruan ilusio handia dagoenean, asko espero denean, eta ez dela betetzen ikustean, mingarria izaten da kolpea. Aurten ilusio handia daukat, eta min egin zidan porrotak. Partida horiek ezin dira galdu. Eta jarraitzaileei ere antzeko zerbait gertatuko zitzaien. Azalpena? Aste barruan landutako ezer ez genuela egin. Ez zen gogo faltagatik izan. Urduri jarri ginen, eta nahi eta ezin aritu ginen.

«Anbizio falta», «erlaxazioa»... talde barrutik kanporako mezua gogorra izan zen.

Ez dut uste anbizio falta daukagunik. Nik gogo handiz ikusten dut taldea. Baina partida batzuetan gauzak ez dira ateratzen. Zergatia aurkitu eta konponbidea jarri behar zaio, beste barik. Gu partida irabazteko arlo guztietan aritu behar dugu bikain. Oso ondo jokatzearekin ez da nahikoa. Bartzelonaren kontra, Cadizen kontra zein Deusturen aurka berdin jokatu behar dugu.

Eta zer egin behar da onena eman ezean jai dagoela barneratzeko?

Jokalariok barneratu beharreko kontua da. Niri entrenatzaile batek esan zidan behin %100 eman ezean jokalari normala nintzela. Ordutik, argi daukat lehiakor zelairatzen ez naizen egunetan, jokalari eskasagoa naizela.

Europako trena hartzeko aukera daukazuen bakoitzean kale egin duzue. Ez zaudete urrun, baina zerbait falta zaizue.

Bai. Batzuetan, ondo jokatzen dugunean, ez dugu ate aurrean asmatzen; eta, beste batzuetan, ez dugu ondo jokatzen. Horregatik esan dizut gure onena eman ezean ezin dugula irabazi. Nik eguneroko lanean sinesten dut. Entrenamenduetan fin aritzen bagara, isla izango du neurketetan.

«Irabazten dugunean beti dago baina bat, eta galtzen dugunean mundua amaitu behar dela dirudi». Zuk esana da. Athleticen inguruan ezkortasuna dagoela iritzi diozu, edo zerbait aldatu da?

Askotan, ereindakoa ematen digute. Txarto jokatuz gero kritikak jasotzea normala da, baina irabazten dugunean beti zerbait egotea ere...

Inguruak larregi eskatzen du?

Jakinekoa da Athleticeko zaleek asko eskatzen dutela. Nik ilusio handia daukat, eta sasoi hasiera ona egin dugula iritzi diot. Baina guztiek ez dute berdin pentsatzen. Hala ere, jokalariak ezin gara horri begira egon. Talde barruko mezuak balio du. Rayoren eta Cadizen kontrako neurketetan izan ezik, gainerako lehia guztietan erakutsi dugun jokoa eta lehiakortasuna dira bidea.

Athletic talde sendoa da defentsan. Baina erasoan zailtasun handiagoak ditu. Zer falta zaizue?

Ez naiz golegilea. Beraz, egin dezakedan gauza bakarra aurrean ari direnei konfiantza eta babesa ematea da. Erasoko jokalariek asmatzen ez badute, atea hutsean mantentzea dagokigu. Azken partidetan ez dugu lortu. Defentsako lana oso landua daukagu, eta ez zaigu asko kostatzen. Baina golak sartzea da futbolean zailena. Orain ez gara asmatzen ari, baina lortuko dugu.

Sasoia amaitzean presidente kargua utziko duela jakinarazi du Aitor Elizegik. Iragarpenak mesede edo kalte egiten dizue?

Athleticen beti daude pil-pilean dauden gaiak. Presidentearen erabakiak ezustean harrapatu gintuen, ez genekin ezer. Baina erabakia harena da. Bestalde, kirol arloan ez digu eragingo. Urte polita daukagu aurretik, eta ezin gara beste kontu batzuekin deskuidatu.

Jokalariek gertutik erreparatu behar diozue klubean gertatzen denari, edota komenigarria da kirol arloarekin zerikusi handirik ez duten kontuetatik apur bat aldentzea?

Informatuta egotea garrantzitsua da. Gure kluba da, eta jakinaren gainean egon behar dugu zer gertatzen den.

Denboraldi bukaeran hauteskundeak egingo dira. Marcelino Garcia entrenatzaileari kontratua amaituko zaio, eta, akaso, ez da prest egongo azken egunera arte zain egoteko. Klubak kontratua luzatu beharko lioke berandu izan aurretik?

Athletic zuzentzeko ez dut entrenatzaile aproposagoa ezagutzen. Iritsi zenetik asko eskatu digu. Jokalari guztiak maila berean jarri gaitu. Bai Marcelino eta bai haren lantaldeko kideak oso teknikari onak dira. Eta ez dut hori esaten jokatzen ari naizelako.

Sei edo zazpi onenen artean sailkatu zaitezketela uste duzu?

Geure buruari maila horretan egoteko eskatu behar diogu. Talde indartsuei aurre egin diegu, eta haien mailan egon gaitezkeela erakutsi dugu. Baina Europarako sailkatzeko ezin da etxean galdu ditugun partidetan kale egin. Akats horiek zuzenduz gero, bide ona hartuko dugu.

Sasoi amaieran kontratua amaituko zaizu. Bi urte gehiago jarraituko duzula argitaratu da. Hala da?

Ez dago ezer.

Ez duzu Ibaiganeren deirik jaso?

Oraingoz, ez. Ez dizut gezurrik esango. Pentsatzen dut mahai gainean izango duten kontu bat dela, baina niri ez dit inork ezer esan. Argitaratu dena gezurra da.

Pozik zaude Athleticen?

Oso pozik. Athleticen jarraitzea gura dut. Baina nik jarraitzeko bi alde jarri behar dugu ados. Barruan daukadan guztia emango dut azken partidara arte. Jarraitzeko aukera ematen badidate, pozik egongo naiz; eta, hala ez bada ere, esker oneko hitzak izango ditut. Iritsi nintzenetik oso ondo zaindu naute.

Laugarren sasoia ari zara osatzen Athleticen. Guztira 120 neurketa jokatu dituzu. Asko dira. Teknikari guztien konfiantza izan duzu. Bada zerbait.

Ez nago kexatzeko moduan. Futbolean hasi nintzenetik entrenamendu guztiak baliatzen ahalegindu naiz taldean lekua izateko. Neurketa txarrak jokatu ditut, baina onak askoz gehiago izan direla iritzi diot.

Entrenatzaileek aintzat hartu zaituzte, baina kazetarien eta zaleen artean iritzi ezberdinak daude zure inguruan. Oro har estimatua sentitzen zara?

Kalean, jarraitzaileekin topo egin izan dudanean, gertutasun handia erakutsi didate. Estimatua sentitu naiz. Hori bai, ezin da denen gustukoa izan. Athleticen jokatzea ez dudala merezi pentsatuko duenik ere egongo da. Baina onartezina iruditzen zait kazetari batek telebistan esatea ez dudala gorengo mailan jokatzea merezi.

Cadizen kontrako porrota ahazteko hurrengo partida irabaztea baino sendagai hoberik ez dago. Levanteren zelaian arituko zarete gaur. Azken postuan dago partidarik irabazi barik, baina ez da erraza izango, ezta?

Cadizek zazpi partida zeramatzan garaipenik lortu barik, eta irabazi egin zigun. Gure onena ematea izan behar da gure lehentasuna. Lortzen badugu, irabaztear egongo gara. Hori esanda, ez dut aurkaria gutxietsi gura. Ondo jokatu dugunean lehiakorrak izan garela azpimarratu gura dut.

Etxetik kanpo ez duzue galdu, baina garaipen bakarra eskuratu duzue. Zer pentsarazten dizu horrek?

Puntu gehiago irabaztea merezi izan dugu. Partida askotan egon gara irabaztear. Partidak areatan irabazten dira, baina area batetik besterako bidea egiteko orduan asko hobetu dugu.

Ezin da elkarrizketa amaitu Orsai taldearen inguruan galdetu barik. Athleticen fundazioak antolatutako Thinking. Letrak eta Futbola jardunaldietan jo berri duzue. Halakoek erakusten dute futbol jokalariak gainerako gazteak bezalakoak zaretela.

Zaletasun osasuntsua da, gainera. Athletic da gure lehentasuna, baina gustuko dugu musika. Futbolak aukera ematen digunean elkartzen gara. Zaleek ondo hartu dute, eta musika munduak ere bai.

Zer ematen dizu musikak?

Futboletik apur bat aldentzen laguntzen dit, txipa aldatzen. Bestalde, bateriarekin baloiarekin bezala gertatzen zait. Entrenatuz gero, hobetu egiten da.

Fito Cabralesek kontzertua emango du San Mamesen udan. Zuek oholtzan egon zaitezketela aipatu da. Hala da?

Fitorekin harremana daukagu. Elkartzekotan gara hark ikus dezan nolako saioak egiten ditugun. San Mames bete baten aurrean gu agertzea ez zen normala izango. Baina batek jakin.

Bukatzeko, noizko Dani Garcia prentsa aretoan euskaraz?

Gustatuko litzaidake euskaraz aritzea, baina, etxean lantzen ez denean, kosta egiten da jende aurrean ausartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.