Pablo Orbaizek (Iruñea, 1979) asko neurtzen ditu bere esanak: gauzak esan aurretik ondo pentsatzen ditu, ez baita ur handietan sartu zale. Beretzat zein taldearentzat egokiena dena egiten ahalegintzen da. Denboraldion protagonismoa galdu du, eta taldean duen pisua balia zezakeen bere egoera salatzeko, bainaez du horrelakorik egin. Eta ez du egingo. Ez du balio horretarako.
Partida batzuk galtzeak beste batzuk galtzeak baino min handiagoa ematen du, eta badirudi Realaren kontrakoa ez duzuela oso ondo barneratu.
Bai, normala da. Galtzeak beti ematen dute min. Hala ere, Europako postuetatik hiru puntura baino ez gaude, eta borrokan jarraitu behar dugu. Txapelketa luzea da.
Fernando Garcia Makuak derbiaren ostean egin zituen adierazpenak ez dirudi jokalarien gustukoak izan direnik. Athleticeko presidenteak ezbaian jarri zuen jokalarion profesionaltasuna.
Gure presidentea da. Nagusia. Gehiago edo gutxiago gustatuko zaizkigu haren esanak, baina hark agintzen du. Ni isil-isilik geratuko naiz.
Etxetik kanpo ezinean dabil taldea. Emaitzak jokoaren parekoak dira: oso txarrak biak. Obsesionatzen hasi al zarete?
Ez. Uste dut taldeak hobeto egin ditzakeela gauzak. Laster eskuratuko dugu bigarren garaipena. Ezin gara obsesionatu.
Athleticen jokoak gauza on asko ditu: erritmo bizia, golak sartzeko erraztasuna... Baina ez duzu uste futbola falta zaiola? Joko landuagoa, alegia.
Gauza on asko ditugu, baina beste batzuk falta ditugu. Zuk aipatutako dohainak baliatuta, norgehiagoka asko irabazi ditugu. Entrenatzaileak jokatzeko era baten aldeko apustua egin du, beste barik.
Baina ez duzu uste Athletic gauza gehiago egiteko gai dela?
Hori ez da nire lana. Ni ahalik eta onena ematen ahalegintzen naiz. Bestelako kontuak teknikariaren lanak dira.
Athleticeko jokalariak aspaldian egiten ari diren banakako hutsak onartezinak dira gorengo mailan. Behin eta berriz gertatzen dira, gainera. Zein da zure iritzia?
Banakako hutsak egiten ditugun bakoitzean, futboleko kontuak direla esaten dugu. Aurrelariek bolada txarrak izaten dituzten moduan, defentsan ere hutsak egiten ditugu. Guk gogor egiten dugu lan egoerari buelta emateko, baina ez da erraza izaten.
Zer gertatzen ari zaizuen galdetzen al diozue zeuen buruari?
Ez dut uste Athleticen soilik gertatzen den arazoa denik. Lehen Mailako talde guztiei gertatu zaie. Hutsetatik ikasten ahalegintzen gara.
Denboraldi hasierako aurreikuspenak baikorrak ziren oso. Taldea helburuak bete ezinda geratzen baldin bada, taldearen inguruko giroa gaiztotu egingo da?
Ez dakit zer esan. Emaitzek eragin zuzena dute zaleen animoan. Lasaitasuna izan behar dugu. Realaren kontra txarto jokatu genuen, baina ez dut uste argi gorria pizteko arrazoirik dagoenik.
San Mamesen emaitza onak ari zarete eskuratzen. Baina ez alda arriskutsua hamabosteroetxeko partidak irabazteko premia izatea?
Neurketa guztiak irabazteko asmoz zelairatzen gara. San Mameseko zelaia oso txartodago, eta jakin badakigu asko kostatuko zaigula neurketak irabaztea.
Igandean modako taldeak bisitatuko du Katedrala. Azken denboraldiotako Espanyolik onena izango duzue aurrean.
Oso indartsu dago, eta oso emaitza onak ari da eskuratzen. Ez da erraza Espainiako Ligan lau onenen artean sailkatuta egotea. Beraz, aurkari gogorra izango dugu aurrean.
Espanyolen kontra hasierako ha-maikakora buelta zaitezke. Hala ere, orain arte ohi baino askoz gutxiago ari zara jokatzen. Nola zaude?
Lasai nago. Nik ondo ikustendut neure burua. Oso gutxi ari naiz jokatzen; tira, ez naiz batere jokatzen ari, baina ez naiz kexatzen. Beste askotan ni izan naiz entrenatzailearen konfiantza izan duen futbolaria, etabeste taldekide batzuk egon dira ni egun nagoen egoeran.Lan saioetan ondo jokatzen ahalegintzea da nire esku dagoen bakarra.
Gogorra al da entrenatzea, igandean jokatzeko aukerarik ez dagoela jakinda?
Ohitu egiten zara. Esperantza ez da sekula galtzen, baina nor bere buruarekin gustura geratzeko ezinbestekoa da lana egoki egitea.
Zergatik uste duzu galdu duela konfiantza entrenatzaileak zure jokoan?
Entrenatzaileek 25 futbolariren artean aukeratu dezakete. Ez da lan erraza izango. Ezinezkoa da guztiok jokatzea.
Bada, hamabi jokalarik baino ez dute orain entrenatzailearen konfiantza.
Gure teknikariaren lan egiteko era da. Futbolariok errespetatu egiten dugu haren erabakia.
Elastiko zuri-gorriarekin ia 300 norgehiagoka jokatu dituen futbolari batentzat, errazagoa izango da garai latzetan lasai egotea.
Futbolari bakoitzaren izaera esperientzia baino garrantzitsuagoa da. Gizaseme bakoitza ezberdina da. Jokalari bakoitzak ahal duen moduan egiten dio aurre egoerari.
Taldeko kapitaina ere bazara. Eta, beraz, gauzak ondo egiteko ardura ere badaukazu.
Athleticen ez dauka aparteko garrantzirik kapitaina izateak. Aspalditik ezagutzen dugu guztiok elkar. Beraz, 20 urte izan edo 30 urte izan, garai gozoan dagoenari dagokio garai txarrean daudenei laguntzea. Alde horretatik, Athleticeko aldagela eredugarria da.
Pablo Orbaiz. Athleticeko jokalaria
«Ez dut uste argi gorria pizteko arrazoirik dagoenik»
Athleticen jokoak gabeziak izan arren, «gauza on» asko dituela uste du nafarrak. Erdilari zuri-gorria gutxi ari da jokatzen, baina baliteke Espanyolen kontra hasieratik aritzea bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu