Frantziako Tourra aipatu, eta Gorka Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1987) ez du beldurrik sentitzen. Aurten egingo du debuta hiru asteko lasterketarik sonatuenean. Baina ibilbideak ez dio buruko minik sortu. «Ia-ia begiratu ere ez diot egin». Mendiko etaparik gogorrenak bertatik bertara ikustera ere ez da joan. Erotu gabe, ilusioari bere bidea egiten utzi nahi dio. Argi dauka Samuel Sanchez taldeburuari laguntzea izango dela bere eginbeharra. Baina lasterketaren handitasunarekin gozatu nahiko luke ormaiztegiarrak, «ihesaldien jokoan sartuta».
Frantziako Tourra. Zer sentitzen da han egongo zarela jakinda? Ilusioa, errespetua, beldurra, ezinegona?
Lehenik eta behin, errespetua. Hori beti sentitzen da; izan Frantziako Tourra edo izan beste edozein lasterketa. Eta, bestalde, ilusioa aipatuko nuke. Tourra telebistaz ikusi izan dut beti, eta Pirinioetan bertan ere izan naiz, txirrindulariak bertatik bertara ikusteko. Hunkigarria da zirku horretan partaide izateko aukera edukitzea.
Jakina zen bederatziko horretan sar zintezkeela, baina noiz berretsi zizuten albistea?
Suitzako Tourra bukatzear zela, azkeneko egunean, nahikoa seguru esan zidaten Tourrean egongo nintzela. Aurretik banekien joateko aukera neukala, baina beste txirrindulari batzuk ere bazeuden, eta beti behar izaten da zuhurtzia pixka bat. Ez zen komeni guztiz sinestea ere; baina, zorionez, albiste bihurtu zen zurrumurrua.
Albistea jaso eta nori deitu zenion lehenengo?
Lehenik eta behin, neska-lagunari, gurasoei eta etxeko guztiei deitu nien. Baietz, bederatzikoan nengoela esan nien, eta izugarrizko poza hartu zuten denek. Handia da etxeko bat munduko itzulirik garrantzitsuenean egotea.
Iaz iritsi zinen Euskaltel-Euskadira, eta Tourrerako bederatziko in- dartsuan sartuta zaude jada. Gorako bide horretan ez al zoaz oso azkar?
Ez nuke esango oso azkar noanik. Nire ibilbidea aztertuta, gazte-gaztetatik pausoka-pausoka joan naiz goraka, gelditu gabe, beti aurrera begira. Zorte apur bat eduki dut, agian, jarritako helburu gehienak betetzea lortu dudalako. Urtetik urtera geroz eta txirrindulariago sentitzen ari naiz, bai fisikoki eta bai buruz. Eta esperientzia pilatzen ere ari naiz. Hau beste pauso bat da, eta, horregatik, ez dut uste azkarregi noanik.
Zure ibilbide arrakastatsu horretan zer esan nahi du Frantziako Tourrean lehiatzeak? 23 urte besterik ez daukazu.
Ez dakit zer esan nahi duen, baina nik ez diot begiratzen adinari. 23 urte dauzkat; egia da, gaztea naiz. Eta bigarren denboraldia dut Euskaltel-Euskadin. Baina, Tourraz gain, lasterketa askotan parte hartzen dugu denboraldian zehar, eta denok ezagutzen dugu elkar; gutxi gorabehera badakigu zein diren bakoitzaren maila eta lekua.
Zer eskatu dizu Igor Gonzalez de Galdeanok? Eta zer eman dezakezula uste duzu zuk? Lan egitea bakarrik izango da zure jarduna?
Denoi eskatu diguna eskatu dit niri ere. Samuel [Sanchez] podiumeko lehian sartzeko moduan dago, eta berari laguntzea izango da lehentasuna; ondoan egotea eta momentu zailetan laguntzea. Eta lasterketan sartuta egotea izango da nire lana, ihesaldien jokoan sartuta egotea, helmugara iristen saiatzea eta aukera txikiei zukua ateratzen asmatzea.
Atzera begiratuta, Luxenburgoko Itzuliko etapa garaipena, Ordiziako klasikoko garaipena, Donostiako Klasikoko eta Cancer Council Classiceko tarteko helmugetako saria, Suitzako Tourreko lan bikaina... Emaitza horiek hainbesteko eragina izango zutela uste al zenuen?
Lasterketetako emaitzak alde batera uztea gustatzen zait. Pasatakoa pasata dago, eta ez du ezertarako balio batean emaitza ona lortu dudan edo ez gogoratzen ibiltzeak. Gehiago edo gutxiago, emaitza horiek eragina edukiko zuten, noski; bereziki, iaz lortutako bi garaipenek. Baina orain ere erregulartasun polita daramat, eta, azken finean, dena hartu behar da kontuan.
Atzera begiratzea ez zaizula gustatzen esan duzu, baina Muebles Ordizia taldean lehen pedalkadak eman izan ez bazenitu, ez zenuen aukerarik izango 2011n Tourrean lehiatzeko.
Hala da. Umetan kasualitatez hasi nintzen bizikletan. Beste kirol batzuetan ibiltzen nintzen bizikletari heldu aurretik; futbolean, pilotan... Baina aukera sortu zen, eta ez naiz damutzen. Jolasa zen Muebles Ordiziako garai hura. Gaztetan, Caja Ruralera igaro nintzen, eta, ilusio handiarekin, ikastea zen helburu bakarra. Azpirurekin iritsi nintzen afizionatuetara, eta hor nabaritu nuen pauso sendoagoa eman nuela. Horren atzetik iritsi ziren gero Seguros Bilbao, NGC Medical, Contentpolis Ampo eta Euskaltel-Euskadi.
Pauso sendo horiek emateko garaian, beti egoten da entrenatzaile edo aholkulari bereziren bat. Zuk ere edukiko duzu baten bat...
Jende asko pasatu da nire ondotik, baina hasiera-hasierako laguntzaileak datozkit gogora, Muebles Ordizian eta Caja Ruralen nire ondoan egon zirenak. Izugarri lagundu zidaten, eta normalean ez dira aipatzen maila horietan lanean aritzen direnak. Baina estimu handia diet. Gorka Telleria, Joxi Garmendia... asko daude, asko, eta haien lana ezinbestekoa da txirrindulari gazteak ondoren gora iristeko.
Gorako bidean, tartean ziklo-krosean ere egurrean ibili zinen. Modalitate horrek zer eman dizu errepideko lehiarako?
Errepidera begira maila aldaketa zenbatekoa izan zitekeen erakusten zidan ziklo-krosak. Errepidean handiagoa da maila, eta, mailaz maila, pista txiki bat ematen zidan ziklo-krosak. Errealitatea ikusarazten zidan aldaketa horrek; begiak irekitzen lagundu zidan. Eta, horrez gain, bizikleta gaineko trebetasuna landu ahal izan nuen.
Donostian egindako ikasketek ere erakutsiko zizuten zerbait gorputza puntu-puntuan edukitzeko garaian [Gorputz Hezkuntzako goi gradu bat egin zuen].
Tira, bai... Oso garai zaila izan zen hura. Goizean goiz esnatzen nintzen, Donostiara joaten nintzen ikastera, berandu iristen nintzen etxera, entrenamenduak egin... Gogorra izan zen oso.
Tourreko ibilbideari gainetik begiratuta, eta ametsetan hasita, lehen etapa bera ez da txarra zuretzat, laugarren mailako koska txiki batean amaituko delako.
Ez, ez da txarra, baina Samuelen [Sanchez] ondoan egotea da gure lehendabiziko lana, eta hori izango da lehen etapa horietako helburu bakarra.
Taldekako erlojupekoetan esperientzia handirik ere ez daukazue, eta etapa horretan denbora gutxi galtzea izango da helburua, noski.
Hala da, bai. Ahalik eta denbora gutxien galtzen saiatu beharko dugu taldekako erlojupeko horretan, bigarren etapan. Taldeari kosta egiten zaio modalitate horretan beharrezkoa den maila ematen, baina barruan daukagun guztia emango dugu.
12. etapan sartuko zarete Pirinioetan, Tourmalet igo ondoren Luz Ardidenen amaituko den etapan. Aurten bertatik bertara sentitu ahal izango duzu euskal zaleen berotasuna.
Bai, bai, eta ilusio handia sortzen dit Pirinioetatik igaro ahal izateak. Inoiz ez dut bizi izan halakorik, baina Pirinioetan pilatzen den jendetza izugarria dela esan didate taldekide guztiek, oso hunkigarria dela.
Aurten Alpeak dira, agian, erabakigarriagoak, eta 18. etapan, adibidez, oxigenorik gabeko eremutik gertu ibiliko zarete, Agnelo eta Galibierren gora. Ezagutzen al dituzu igoerak?
Ez. Ez ditut ezagutzen igoera horiek. Badakit oso luzeak eta gogorrak direla; Tourreko ohiko mendateak dira. Baina egunetik egunera joango naiz ni, ahal den neurrian egunean egunekoa eginez. Ez diet begiratuko aurreragoko etapei.
Zerekin itzuliko zinateke gustura Frantziako Tourretik?
Nire lana ondo eginez gero, gustura itzuliko naiz etxera. Neure burua ondo ikusi nahiko nuke eguneroko lanean, eta gogotik lan eginez gozatu egin nahiko nuke. Gustatuko litzaidake, noski, Parisera iristea, baina hori ez daukat helburutzat. Aurretik egindako lana ona baldin bada, bigarren mailakoa da helburu hori.
Podiumerako hain hautagai sendoa al da Samuel Sanchez?
Bai, bai, bada. Dauphinen, agian, ez da ibili beste batzuk bezain fin, baina Samuelek oso ondo ezagutzen du bere burua, eta badaki behar bezala prestatzen. Mimo handiarekin findu du bere gorputza, eta, iaz bezala, aurrean ibiliko da. Lasai egon denak, Samuel Sanchez bete-betean iritsiko delako.
Tourraren bezpera kinielak egiteko garaia izaten da, eta zuk ere egin beharko duzu zurea. Parisko podiumerako hirukoa eskatuz gero?
Alberto Contador, Andreas Kloeden eta Samuel Sanchez bera.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Gorka Izagirre. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Ez dut uste azkarregi noanik»
23 urterekin egingo du debuta Gorka Izagirrek Frantziako Tourrean. Taldeburu sendoa izango du ondoan, Samuel Sanchez, eta badaki gogotik lan egin beharko duela. Baina gozatu egin nahi du pedalkada bakoitzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu