Erremontea

Ez dute erakusleiho hoberik

Berria Erremonte Txapelketako finala jokatuko dute gaur bi bikote onenek, Galarreta pilotalekuan. Gurrutxaga-Aiestaran eta Jabalera-Goikoetxea VI.a neurtuko dira

BERRIA txapelketako finalistak. ORIAMENDI
Berria Txapelketako finalistak. ORIAMENDI
jon eskudero
2024ko apirilaren 20a
05:05
Entzun

Laugarren urtez jarraian, Berria Erremonte Txapelketako finala hartuko du gaur Hernaniko Galarreta pilotalekuak (Gipuzkoa). Besteak beste, BERRIA egunkariak eta Oriamendi 2010 enpresak zera izan zuten ardatz hitzarmenean: erremontista gazteak sustatzeko txapelketa antolatzea elkarlanean. Bada, erakusleiho aparta izango dute bi bikote onenek, finala ETBren lehen katean eskainiko baitute, 15:15etik aurrera. Hain zuzen, nor baino nor gehiago ariko dira Urtzi Gurrutxaga eta Aitor Aiestaran batetik, eta Aimar Jabalera eta Joseba Goikoetxea bestetik. Bi bikoteak ondo merezita iritsi dira finalera, partida bakar bat ere ez baitute galdu orain arteko bidean, baina podiumaren gorenera igo nahi dute. Protagonisten esanetan, ez da izango faborito argirik, eta final irekia eta borrokatua aurreikusten dute. Detaileak erabakigarri izango direla sinetsita daude.

Elastiko gorriarekin kantxaratuko dira Gurrutxaga (Aizarnazabal, Gipuzkoa, 2000) eta Aiestaran (Hernani, Gipuzkoa, 1997). Urtebete pasatxo besterik ez da profesionaletarako jauzia egin zutela, eta dagoeneko bigarren finala izango dute. Gurrutxagak iaz irabazi zuen txapelketa hau bera. «Hasiberriaren zortea izango zen, baina aurten beste final baterako sailkatzeak esan nahi du lana ongi egiten ari naizela. Oso pozik nago». Berdin pentsatzen du Aiestaranek ere. «Abenduan bigarren mailako txapela jantzi nuen, eta latza da hilabete gutxira beste aukera bat izatea. Lanaren fruituak jasotzen ari gara». Biek ala biek sekulako jauzia egin dute urtebetean jokoari dagokionez, eta emaitzek ez diote gezurrik. Set bat bera ere galdu gabe iritsi dira finalera.

Are denbora gutxiago daramate Oriamendi enpresan Jabalerak (Doneztebe, Nafarroa, 2002) eta Goikoetxea VI.ak (Zestoa, Gipuzkoa, 2000). Orain arte frontoi motzetan aritu da Jabalera, eta horixe kostatzen ari zaio gehien, pilotaleku luzeari «neurria hartzea». Halere, adituen esanetan, laster onenekin aritzeko dohain guztiak ditu. «Orain, uste dut nire tokia bigarren mailan dagoela, eta kantxan hitz egin behar da. Lehen txapelketa hau dut, eta finalean nago. Beraz, ezin dezaket gehiago eskatu. Luzera begira ikasteko eta hobetzeko gauza asko ditut, baina orain Berria Txapelketa irabaztea dut helburu». Horretan bidelagun izango du Goikoetxea VI.a. Debuta egin berri du gipuzkoarrak, eta konforme dago egiten ari den lanarekin. «Niretzat izugarria da final hau jokatzea, eta ea Jabalerari ongi laguntzen diodan txapela lortu ahal izateko».

Taktika, oso garbi

Lau finalistek erremonte koadroan denbora gutxi daramaten arren, elkar ondo baino hobeto ezagutzen dute. Horregatik, etxetik taktika ederki ikasita eramango dute. Gurrutxaga: «Gure helburua izango da Jabalera saihestea, hari eskuan pilota utziz gero jai izango baitugu. Jokoa atzeko koadroetara eraman behar dugu, eta aukera dagoenean tantoak ere bukatu beharko dira. Orain arte sendotasun handia erakutsi dugu, eta opari gutxi egitea gakoetako bat izango da». Jabalera jokoan ez sartzeko, gorriek pilota biziagoak izango dituzte saskian. Sendo jokatzeaz gain, Aiestaranek uste du final bateko urduritasunari eustea garrantzitsua izango dela: «Jokoz gora egiteak ekarri dit lasaiago sentitzen naizela kantxan, eta finalean ere ezin digu urduritasunak askorik eragin. Orain arte bezala, kontzentratuta ariko gara. Eta, noski, sakean asmatzeak ere asko balioko du».

Jabalerak eta Goikoetxea VI.ak ezer argi badute, zera dute argi: oso opari gutxi egin beharko dituztela irabazteko. Jabaleraren esanetan, txapelketako bikoterik sendoena izango baitute aurrean. «Aurkariek gaitasun handia dute tanto bakar batean pilotakada asko jotzeko, eta guk ezingo dugu erotu. Arlo horretan haien parean egon beharko dugu. Nik jokoan ahalik eta gehien sartu behar dut, baina itsutu gabe. Pilotari abiadura ematen ahaleginduko naiz». Goikoetxea VI.ak ondo baino hobeto daki bikoteko izarra aurrean izango duela, eta hari laguntzea izango du zeregina. «Jabalera aurrean izateak lasaitasun handia ematen dit, eta nire tokian egoten jakin behar dut. Detaileak erabakigarriak izango dira, eta pilota gutxi galdu beharko dugu irabazteko».

Txapelketa hau irabazi dutenen artean goi mailako izenak ageri dira, eta gaurko irabazleek zerrenda horretan sartzea lortuko dute. Besteak beste, Imanol Ansak eta Josu Arruartek irabazi zuten lehen ekitaldia, 2019an; Kemen Aldabek eta Oier Apezetxeak bigarrena, 2022an; eta Gurrutxagak berak eta Ibon Zalduak azkena, iaz. Jaialdiko hirugarren partidan, Mikel Etxarrik agur esango dio profesional izateari, zortzi urteko ibilbidearen ondotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.