Jimmy Baron. Lagun Aro GBCko jokalaria

«Ez duzue sinesten, baina jokalari bera naiz, asmatu edo ez»

Sasoiko une gozoenean daude Lagun Aro eta Jimmy Baron. 'Kopa' hitza aipatu, eta giltzarrapoa jarri dio mingainari. Bihar Bilbon jokatu beharreko derbia soilik dauka begiz jota.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Hamar minutu berandu iritsi da Jimmy Baron (East Greenwich, AEB, 1986) Ilunbeko prentsa aretora, eta isuna jarriko diola esan dio prentsa arduradunak, txantxetan. Hitz jario handia du, eta gaztea izan arren, eskarmentu handia du kirol profesionalean. Koparen harira, ondo ikasi du lorpen handirik ez saltzen. Bere jokoaren gorabeherak zintzo azaltzen saiatzen bezala. Ostegun arratsaldeko lan saioa seietan hasten da, baina 17:30 direla, kantxan dago Baron, Lolo Encinas entrenatzaile laguntzailea ondoan duela, jaurtiketa saio batzuk egiteko. «Zenbat egin behar dituzu?», galdera. «Ez dakit, ehunka batzuk edo».

Urte berria, bolada bikaina. Zer moduz zaude?

Oso ondo, oso pozik, bolada on hori kateatzea lortu dugulako. Hori lortzeko lanean genbiltzan aspaldi, eta lortu dugu. Gusturago joaten da norbera etxera bere lana ondo egiten badu, eta gustura nago, taldea ezin hobeto ari delako.

Zaila da talde apal batentzat hain garaipen bolada ona kateatzea. Zein da gakoa?

Ezbairik gabe, konfiantza, fedea [confidence eta believe hitzak erabili ditu]. Nire kasuan, jaurtiketa bat edo jokaldi bat egin, eta asmatzen badut, ondo sentitzen naiz, eta horrek indarra ematen dit berriro saiatzeko. Asmatzen duzun neurrian hobeto ateratzen dira gauzak.

Asteartean oso momentu gaiztoa pasa zuen taldeak: 50-57 Cajasol aurretik sei minuturen faltan, baina buelta eman zenioten. Hilabete atzera ez zenuten lortuko.

Ez, ziur aski ez. Baina, esan bezala, konfiantzaren ondorio zuzena da hori. Garaipenak funtsezkoak dira konfiantza giro horren sorkuntzan. Guk egunero egiten dugu lan, eta gogor. Lan saio bat goizean eta bestea arratsaldean. Lanean ondo ari bazara eta emaitzak iristen ez badira, sekulako kolpea hartzen duzu. Baina trukean garaipena lortzen baduzu, aste osoko lanak sekulako garrantzia hartzen du.

Pentsatzekoa da lehen hamar partidak jokatu eta zortzi galdu zenituztenean, buruz-eta nahiko jota egongo zinetela, ezta?

Noski, baina ondorio baikorrak atera behar dira egoera guztietatik, eta partida asko puntu gutxigatik galdu genituen. Emaitza estuak izan ziren, eta galduta ere, horrek erakusten dizu ez zarela hain gaizki jokatzen ari, gutxi falta zaizula garaipena lortzeko. Oker ez banago, hamabi puntugatik galdu genuen Gasteizen, eta zazpigatik Real Madrilen aurka. Beste guztietan hiruzpalau puntuko aldeagatik. Gauzak aztertu eta indarra eman digu datu horrek.

Astearteko buruko indar bera mantenduz gero, zaila izango da zuek menderatzea, parean oso talde indartsua izanda ere.

Hori da helburua, aurkariari ahalik eta zailtasun gehien jartzea, eta zailtasun horretan itotzea. Gu, behintzat, ez gara berehalakoan belaunikatuko.

Lau garaipen horiek «Kopa» hitza jarri dute mahai gainean. Donostian nahiko hitz madarikatua da. Zer diozu zuk?

Hor dagoen aukera dela, eta jokalari gisa, jokatu egin nahi dugula, noski. Hori bai. Ez galdetu sartuko garen edo ez, edo sartzeko zer egin behar dugun edo zer ez. Nik burua Bilboko partidan bakarrik daukat, eta gero-gerokoak. Bilbon garaipena lortzen badugu, Kopari buruz galdezka hasiko zarete, eta nik behintzat erantzun bera emango dut berriz: Bartzelonaren aurkako partidaz galdetu, besterik ez.

Baina lehen itzulia bukatzeko geratzen diren hiru partidetatik bi irabazten badituzue, Kopa jokatuko duzue. Datu hori garrantzitsua da.

Ez dakit hala den, eta ez dut jakin nahi. Ezin duzu hau edo beste esan, edo hau edo beste saldu, eta lasai geratu. Kopa etorriko da, etortzen bada, baina guk jomuga bakarra dugu: Bilbo.

Zuen eta haien emaitza bolada ikusita, parekotasuna erabatekoa dela esan daiteke. Zuek faboritotzat jotzea ez da gehiegizkoa.

Horrela esatea gogorra da. Haiek etxean jokatzen dute, eta guk baino garaipen premia handiagoa dute. Derbien tankerako norgehiagokak jokatzea atsegin dut, eta partida iristeko desiatzen nago. Garaipena lortzeko gai garela sentitzea maite dut.

Orain dena da poza, dena lorea, baina pentsatzen dut jakin badakizula azaroan eta abenduan kritika franko idatzi eta esan zirela jaurtiketetan izan zenituen portzentaje txarrak direla-eta.

Pasa zela da onena. Zorionez erdaraz ez dut ulertzen egunkari bat irakurtzeko lain, eta, beraz, ez nuen izan kritiken berri.

Baina zuk badakizu taldeko ikurra zarela, eta zure zenbaki txarrek taldea zamatu zutela. Presiorik, ardurarik eragin al zizun egoera horrek?

Ardurarik batere ez. Frustrazioa, bai, munduko guztia. Baina, tira, horrelakoak pasata nago, eta kontua ez zen neure munduan geratzea eta ezer egin gabe egoera hobetu zain geratzea. Ingurukoekin lasaitasun apur bat bilatu, taldekide eta entrenatzailearen babesa sentitu, eta aurrera, puntu on-ona lortu arte.

Jaurtitzaileengan ohikoak dira sekulako bolada onak, baina baita txarrak ere. Ulertzeko moduko azalpenen bat eman al dezakezu?

[Isiltasuna]. Ez dago. Ezin duzu esan honegatik edo beste arrazoi horregatik asmatu edo kale egin duzula. Norberaren konfiantzan dago gakoa. Batzuetan putzu baten pareko ikusten duzu saskia, eta, besteetan, eraztun bat baino txikiagoa. Azalpena? Nik ez daukat, baina sumatu egiten dut noiz nagoen fin, eta noiz ez hain fin. Sena da, ulertzen?

Baina ba al dago une jakinen bat, xehetasun berezi bat, ondo zaudela sumatzen duzuna?

Ez, izatekotan taldearen emaitza onek ematen dute sentipen ona. Garaipenek errazago bihurtzen dute dena.

Bistan da zure joko onak taldearena hobetzen duela.

Bai, eta alderantziz ere bai; nik gaizki jokatu eta taldea garaipena lortzeko gai izan delako. Ez duzue sinesten, baina ni jokalari bera naiz. Jimmy Baron Jr. bakarra dago, hirukoak asmatu edo ez. Ez dira jokalari ezberdinak, hobeto edo okerrago jokatzen duen, gehiago edo gutxiago asmatzen duen jokalari bera baizik.

Buruari buelta asko emateko joerarik ba al duzu jaurtiketetan asmatzen ez duzunean?

Ez, zertarako? Hirukoa gauzatu edo kale egiten dudanean pertsona berdina naiz. Oso bolada txarra eduki nuenean, ez nuen inolako keinurik egin. Baina Joventut eta Fuenlabradaren aurka hamabost hiruko sartu nituenean ere ez. Ezin da une jakin bateko edo besteko sentipenen baitan jokatu, egun batean infernuan eta hurrengoan zeruan bazeunde bezala jardun. Gauzak ondo egiten saiatzen naiz, eta horrekin konformatzen jakin behar da.

Hamabost hiruko bi partidatan. Oso jokalari gutxik egindako marka bikaina da hori. Nola hartu zenuen?

Egia esan, ez nituen zenbatu. Ez Badalonan, eta ezta Donostian ere, Fuenlabradaren aurka. Ondoren jakin nuen, baina lehen esandakoari eutsiko diot. Datua ona da, polita, baina niretzat ez dauka sekulako garrantzirik.

Taldekideen babes handia izan duzula pentsatzen dut.

Nola bestela? Hemen denena da arrakasta, eta denena porrota. Apal nenbilenean denon artean hitz egin genuen, eta lasaixeago joka nezan erabaki zen, hirukoekin ez tematuz: bikoak egin, barneraketak, defentsan gehixeago lagundu…

Aaron Jackson Gescrap Bizkaiako joko antolatzailearen laguna zara, eta unibertsitate garaian elkarren aurka aritu zineten AEBetan. Hitz egin al duzu berarekin aste honetan?

Ez, aspaldian ez. AEBetako sakelakoa etxean utzi nuen, eta ez dut haren berririk. Igandean hitz egingo dugu, partida hasi aurretik, eta bukatuta. Bitartean, ez.

Hark twitter sare sozialean idazteko joera handia dauka. Zuk?

Nik batere ez. Ez zait gehiegi gustatzen.

Udan Chicago Bulls taldeko Derrick Rose handiarekin entrenatzen aritu zinela irakurri dut nonbait. Egia al da?

Bai, bai, hala da. Bere entrenatzailea, Rob McClanaghan, nirea ere izan zen udako prestakuntza saio batean, eta elkarrekin trebatu ginen.

Eta, zer moduzko esperientzia izan zen?

Ikaragarria. Nik esan gabe mundu guztiak badaki jokalari aparta dela, NBAko onenetakoa. Baina, horrez gain, oso pertsona umila eta zintzoa dela esango nuke. Nik harreman ona eduki nuen, ACB ligan ari nintzela esan nion, Donostian, eta zorte ona agindu zidan.

Zerbait ikasi al zenuen?

Bai, bai, egiten dituen barneraketak geldiezinak direla. Harena bai abiadura.

NBA jarraitzen al duzu?

Bai, ahal dudan neurrian, bai.

Gimer Fridette nor den badakizu, ezta?

Bai, bai. Sacramenton ari den jokalari rookie-a.

Haren antzeko jokalaria zara zu, baina hark bedeinkapen guztiekin hasi du NBAko bidea, eta zuk ezin izan zenuen.

Tira, eskerrik asko iritzi horregatik. Baina NBAko draft-ean hautatu badute, zerbaitegatik izango da. Ez dut uste ni baino jaurtitzaile hobea denik, baina partidako 30 puntu sartu zituen Brigham Young unibertsitatean, eta hori oso jokalari gutxik lortu izan dute historia osoan. Izango du zerbait, eta jauzia egin badu, merezita izango da.

Eta zuk, non duzu burua, NBAn edo Donostian?

Nik? Bilbon [barrez].

Mezu baikorren bat salduko al diozu zaleari?

Bai, noski. Jarrai dezatela astearteko partidan bezala, jokalari guztiok animatzen eta aurkariari presioa egiten.

Kopaz ari nintzen ni. Bestelako mezu bat espero nuen.

Badakit, bai, baina izan gaitezen zuhurrak.

Kito elkarrizketa.

Zorionak [euskaraz], zuentzat eta kazetako irakurle guztientzat. Nola da euskeraz «happy new year?». «Urteberri On!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.