Carlos Martinez. Realeko jokalaria

«Ez gara ari lehiatzen entrenamenduetan bezala»

Realaren bolada txar-txarrari azalpen argirik aurkitu ezinik dabil Carlos Martinez. Entrenamenduetan gogotsu eta indartsu dabiltzala aitortu du, baina badaki ondoren zelaian ez dela horren zantzurik sumatzen. Betisen aurka hautsi nahi du bolada eskasa.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Igande goizean Betisen kontra jokatu beharreko partida garrantzitsua prestatzen ari dira Realeko kideak. Ez da samurra kanpotik entzuten direnei entzungor egitea, nahiz eta entrenatzaile taldea eta jokalari multzoa bat eginik egon. Carlos Martinezek (Lodosa, Nafarroa, 1985) aitortu du arazoa ez dagoela hanketan, «ganbaran baizik». Lotuta eta blokeatuta, euren eginahale- tan erabat sinetsi gabe daude- la onartu du. Aste barruan egin ohi duten lan ederra igandeetan erakustea funtsezkotzat jo du ezkortasunetik behingoz irteteko.

Zer moduz dago taldea igandeko partidaren ondotik?

Etxean irabazteko aukera ederra alferrik galdu eta gero, buru-makur joan ginen etxera, goibel eta atsekabetuta. Bere txarrean, puntu bat lortu genuen, eta batzea beti da onuragarria.

Erantzun hori ez dirudi aski denik egoera azaltzeko, ala?

Bistan da ez zela nahikoa izan, are eta gehiago zer-nolako egoeran gauden ikusita. Onartu eta hurrengo neurketan arreta guztia jartzea da gure betebeharra. Emaitza baikorra eskuratzeko gai garela erakutsi behar dugu Betisen zelaian. Espanyolen kontra, behintzat, ez genuen golik jaso, eta hori izango da gure helburua aurrerantzean: sendoagoak izatea. Era horretara lortu ahal izango ditugu garaipenak ziurtasun handiagoz.

Zale askok eta askok oraindik buruan darabilten galdera da ea zergatik izan zenuten tamaina horretako beherakada bigarren zatian. Nola azalduko zenuke zuk?

Lehen erdian txukun ibili ginelakoan nago, bizitasun handiz gehienbat. Atsedenaldiaren ondoren, Espanyolek atzean sartu gintuen, eta lerro artean zebiltzan jokalariekin min egin zigun, arriskua sortu baitzuten. Ez genuen jakin izan horri aurre egiten. Aurrerapausoa emateko lanak izan genituen.

Hankek ez dute erantzuten burua itxita dagoelako? Hor dago arazoaren muina?

Izan liteke. Ez genuen erantzuteko ahalmenik, gorriak ikusten ari ginen, eta, orduan, galtzeko beldur horrek atzerantz eragin zigun. Ez ginen neurketaren bila joan bigarren zatian.

Antsietateak janda, beraz.

Bai. Ez da samurra behean eta puntuak biltzeko premia gorrian egotea. Kaltea ari zaigu eragiten, eta ez digu uzten barruan duguna azaleratzen.

Zer entzun zenuen aldagelan sartzean?

Aparteko ezer ez. Norberak badaki zer huts egin dituen, zertan hobe dezakeen. Eta alde horretatik ez da komentario askorik egiten. Buruari eragiten diozu azalpen bila, esku artean duzuna aztertuz. Jada hurrengo neurketan daukagu jarrita gogoa.

Eta zure azterketak nora garamatza?

Egoera korapilatsuan egon arren, onartezina litzateke amore ematea. Aurrera begiratu behar dugu, gauzak datozen moduan hartuz. Ezinbestekoa da bolada ezkor honetatik ahal bezain laster irtetea.

Philippe Montanierrek ez du ez multzo, ez jokamolde garbirik zehaztu. Zer diozu horretaz?

Ez da erraza izan, jokalari asko min hartuta egon direlako. Egia da txandakatzeak ari dela egiten, baina ez du zertan kaltegarria izan horrek. Are gehiago, jokalariek lo har ez dezagun balio dezake. Astero-astero jokatzeko ziurtasuna daukazunean gerta liteke zure onena ez ematea, ez duzulako zeure burua behar bezainbeste estutzen. Nik ez ditut gaizki ikusten txandakatzeak.

Lan saioetako maila ona desagertu egiten da partidetan. Nola liteke?

Modu batera entrenatzen gara eta beste era batera jokatu. Ez du zerikusirik. Esan daiteke ez garela maila berean aritzen. Aste barruan lan betea egiten dugu, baina hori gero partidetan frogatzea falta zaigu. Arantza bat daukagu eta aho zapore txarra horregatik, konfiantzan eragiteraino- koa.

Entrenatzaileak atzealdea moldatu egin behar izan zuen ia osorik Espanyolen aurka jokatzeko. Nola uste duzu erantzun zenutela jokatu zenutenek?

Urte askoz aritu naizenez Ansotegi eta Mikel Gonzalezen aldamenean jokatzen, ez zitzaidan arrotza egin, puska bat bageneraman arren elkarrekin jokatu gabe. Lan ederra egin zutela iruditzen zait, eta hori beti da onuragarria taldearentzat. Hutsuneak estaltzeko moduko talde bat badagoela erakusten du.

Zer-nolako zama dauka azkenaren motxilak?

Pisatzen du. Halere, zelaira irtetean ez duzu horretan pentsatzen. Egoera aldrebes hau atzean utzi behar dugulakoan jokatzen dugu. 30. jardunaldia balitz, askoz ere astunagoa litzateke errealitatea. Olatu ona hartzeko astia egon badago, eta horrek galdutako fedea berreskuratzen lagunduko liguke.

Garaipen bakar batek hainbesterainoko bultzada emango lizueke?

Erabatekoa. Arnasa emango liguke, aspaldiko partez. Ez da hainbeste zeure burua putzuan ikustea, baizik eta garaipena eskuratu ezina. Bizipoza emango liguke partida irabazteak, indar handia aurrera egiteko.

Pentsatzen dut hemengo galdera berberak egingo dizkietela Betiseko jokalariei, haiek ere gorriak ari baitira ikusten: zortzi neurketatan puntu bakarra lortu dute, eta 472 minutu daramatzate golik sartu gabe, inoizko markarik eskasena.

Indartsu ekin zioten denboraldiari. Orain, ordea, zuloan sartu dira, gure moduan. Egoera zailean daude, zerbaitek ez duela funtzionatzen pentsatuz, eta ziurrenik ez dute jakingo zerk egiten duen huts. Irabaztera goaz, behingoz esnatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.