Aaron Jackson. Bizkaia Bilbo Basketeko jokalaria

«Ez gara beste batzuk adina talentuz, baina defentsan gutxi dira hobeak»

Ligako hamar onenen artean dago. Azkarra da, abila trantsizioan. Taldeko termometroa da, eta Baskoniaren aurka Bilbo Basket ere talde handia dela erakutsi nahi du.

Andoni Urbistondo.
Bilbo
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Aho bete hortz geratzeko modukoa da Aaron Jacksonek daukan grina (Hartford, Connecticut, AEB, 1985). Lan saio gogor baten lekuko izan dira kazetariak, eta, luzamenduak egin ondoren, dozenaka hiruko egin ditu. Baita puntu bateko jaurtiketa saioak ere, Rafa Pueyo bigarren entrenatzailea lagun zuela. Bazekien atsedenik ez zuela hamar segidan sartu arte, eta kosta bazaio ere, behin lortuta, prestu eta irribarretsu erantzun ditu galderak.

Zortzi hilabete daramatzazu dagoeneko Bilbon, Euskal Herrian. Zer moduz moldatu zara?

Ederki, Bilbo hiri zoragarria da: ez da oso handia, mugitzeko erosoa da, toki polit asko ditu [cool hitza erabiltzen du], eta jatetxe on asko ere bai.

Euskal gastronomia ona dela jakin duzu, beraz.

Bai. Arraina gustuko dut, haragia baino gehiago, eta bistan da hemen janari ona estimatzen duzuela.

Zer egiten duzu zure aisi denboran?

Egia esan, ordu asko ematen ditut etxean. Bideo jokoen eta Twitter sare sozialaren erabiltzaile sutsua naiz, eta AEBetako lagunekin harreman zuzena edukitzea gustatzen zait. Bestelakoan, ibai ertzean osteratxoak egitea atsegin dut. Leku lasaia da, polita.

Bilboko jendeak bere kirol taldeekin duen pasioa gertutik ezagutzeko aukera izan duzula uste dut.

Tira, Miribillan partida pare bat jokatuta jabetu nintzen horrekin, baina futbola ikustera joateko aukera izan nuen, Athletic Bartzelonaren aurka, eta seko liluratuta geratu nintzen. Gutxitan ikusi dut hainbesteko pasioa, grina zale batzuengan, eta ezaugarri hori, futbolean bezala, bizitzako beste arlo askotan duzuela esango nuke. Sukaldaritzan, adibidez.

Taldearen jardunaz. 18-11 balantzea, titulua lortzeko kanporaketetako txartela lotuta ia, eta zu, taldeko jokalaririk onena. Gustura?

Tira, asmo horrekin etorri nintzen, eta bai, noski, oso gustura.

Orain dena da arrosa kolorekoa, baina Gabonak arte zure lanak zalantza asko sortu zituen. Orduz geroztik, asko hobetu duzu.

Tira, 25 urte ditut, eta banekien presio handia izango nuela. Aurren-aurrena, ikur izandako jokalari bat ordezkatzera etorri nintzelako, Javi Salgado, eta bigarrenez, taldeak ni fitxatzeko ahalegin handia egin zuelako. Nire asmoa hasieratik ondo aritzea izan da, baina bistan da lehiaketak aurrera egin ahala hobeto ari naizela, eta dinamika hori bere horretan mantentzea nahi nuke. Alegia, hobetzen jarraitzea liga bukatu bitartean.

Zure azkartasunak, trantsizio jokoan duzun argitasuna eta barneraketak egiteko gaitasunak lore asko jaso dituzte hasieratik. Joko estatikoan taldea gidatzeko duzun zalantzak eta jaurtiketetako portzentajeek, aldiz, eztabaida.

Nik nahiago dut puntuak kontraeraso azkarren bitartez lortzea, edo trantsizio azkarretan. Jokaldia nik neuk bukatuta, edo libre dagoen taldekide bati asistentzia on bat emanda, trantsizio jokoak defentsan ondo aritu zarela esan nahi duelako, eta aurkaria asko zigortzen duzulako. Joko estatikoa, ordea, trantsizio jokoa baino garrantzitsuagoa da, eta ari gara, pixkanaka, hobetzen.

Jaurtiketan ere nabarmen egin duzu hobera. Lehiaketako lehen erdian apenas iristen zenuen %40 jaurtiketetan, eta orain %46 saskiratzen duzu bikoetan, eta %48 hirukoetan. Zergatik hobekuntza hori?

Ez da teknika kontua, norberak daukan motibazioa, barne lasaitasuna baizik. Hamabost urte daramatzat milaka jaurtiketa egiten, eta orain gehiago asmatzen ari banaiz, fede handiagoa daukadalako da, taldea ondo ari delako, eta emaitzak era lagun ditugulako. Bat-batean portzentaje onak lortzen ari zarela jabetzen zara, konfiantza hartu, eta erosoago jokatzen hasi.

Zuk ondo jokatzen duzunean, irabazi egiten du Bilbo Basketek, eta hain ondo aritzen ez zarenean, galdu. Zer esaten dizu horrek?

Ez dakit estatistika hori benetakoa den, baina talde honek nik lan ona egiten ez dudanean ere partidak aurrera ateratzeko gaitasuna baduela esango nizuke. Hemen denek laguntzen dugu, bakoitzak ahal duen neurrian.

Igandean Baskoniaren aurka jokatuko duzu. Pentsatzen dut tankerako partidek sortzen duten ikusminaren jakitun izango zarela dagoeneko.

Bai, urtebete ere ez daramat hemen, baina hasieran esan dizudan bezala, euskaldunak pasio handiko jendea zarete, eta Baskoniaren aurka jokatu ditudan bi partidetan konturatu naiz horretaz.

Bi partida horietatik batean lan ona egin zenuen, eta taldeak Baskonia menderatu zuen. Kopan, ordea, zorrotzago zaindu zintuzten, eta taldeak galdu egin zuen.

Madrilen ni neu aritu nintzen gaizki, lekuz kanpo. Tentuz hitz egin nahi nuke, Baskonia talde handia delako. Badakigu zer maila duten, eta ezin dugu bat-batean haiei euren etxean irabaziko diegula esan lau haizetara. Ahal dugu, baina zuhurtziaz jokatu behar dugu, muturreko bat jasoko baitugu puztuta joaten bagara. Baliabide asko dituzte, eta sailkapenean garaipen bakarrera gauden heinean, garesti salduko dute euren porrota.

Gaur-gaurkoz Baskoniak baino saskibaloi gose handiagoa duzuela esango nuke. Defentsan ikaragarri estutzen duzue, eta behin partida hautsita ere, ez duzue etsitzen.

Hori delako arrakasta lortzeko bide bakarra. Talentuz ez gara agian beste talde batzuk bezain aberatsak, eta defentsan sufrituz bakarrik iritsiko gara haien parera. Ez dira asko gurea baino defentsa hobeagoa duten taldeak.

Zerk arduratzen zaitu gehien Baskonian?

Zerk ez? San Emeterio gerlari bat da, Batistak eta Baracek zenbaki bikoitzak lor ditzakete bi arlotan, Teletovicek dozena erdi hiruko sartu konfiantza hartzen badu…

Eta Huertas? Ez da zu bezain azkarra.

Ez, baina ni baino hobea da [barrez]. Gauza asko egiten ditu ondo. Saskiratu, saskiratu behar denean, asistentzia asko eman…

Defentsan herren samarra da.

Baliteke, baina gabezia horrek garrantzia galtzen du ia beti, bere dohainak askoz gehiago direlako. Metro pare batean erotu egin zaitzake, suge bat baino gaiztoagoa da Huertas, eta hori miresten dut beragan.

Bilboko eta Bizkaiko aspaldiko asmoa da, urteek aurrera egin ahala, Baskoniaren parera iristeko desioa. Zureganatu al duzu erronka hori?

Bai, bai. Gorka Arrindak esandakoak pare bat aldiz entzunda nahikoa da Baskonia Bilbo Basketentzat eredu ona dela ulertzeko. Noraino iritsi nahi dugun esateko langa egokia dela uste dut.

Urtebeterako sinatu zenuen, beste denboraldi bat jarraitzeko aukerarekin. Non ikusten duzu zeure burua hurrengo sasoian? Pentsatzen dut egunen batean NBAn jokatzeko ametsak bere horretan dirauela, ezta?

Bai, hori nekez desagertzen da. Estatubatuarra naiz, eta NBAn jokatzea desagertzen ez den ametsa da guretzat. NBAko talderen batek eskaintzaren bat jasoz gero, itsu-itsuan baiezkoa emango nukeela uste dut, baina ez dago halakorik. Ederki nago Bilbon, taldean eta hirian, eta hori garrantzitsua da. Oraingoz Bilbon jarrai- tuko nukeela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.