TXIRRINDULARITZA. TOURRAREN AURKEZPENA

Ez gatz, ez berakatz

3.500 kilometro izango ditu uztailaren 2an hasiko den Tourrak; 74 kilometro ditu erlojupekoan, eta hiru ailegaera gainean; azaletik, arrunt samarra dirudi, etapa ikusgarri askorik gabekoa

Andoni Urbistondo.
2004ko urriaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zozoa, berrikuntza nabarmenik ez, eta itxuraz, azaletik, etapa ikusgarri-ikusgarririk ez duen Tourreko 92. ekitaldia aurkeztu zuten atzo. Izar distiratsuenen hutsuneak are gehiago sendotu zuen irudipen hori. Lance Armstrong, Jan Ullrich eta Iban Mayo, besteak beste, ez ziren Parisen agertu.

Azken Tourrak antolatzaileengan egoneza, zalantza sortu zuela jakina bazen ere, Jean-Marie Leblancen, Tourreko jauntxoaren baieztapena falta zen: «Armstrongen nagusitasunak ikuskizuna murriztu zuen, bai», aitortu zuen atzo. Uztaileko Tourreko ibilbideak ere estatubatuarraren seigarren Tourra oztopatzea omen zuen xede, baina hanka batekin irabazi zuen. Hurrengo urteko ibilbidean antolatzaileek Armstrongen bolada ikusgarria eteteko joera hori berretsiko zuten edo ez zegoen ikusteko, baina itxuraz, eta beste askok bezala, amore eman dutela dirudi. Alegia, ez dela ibilbide bat edo bestea izango Armstrong belaunikaraziko duena, bere gainbeherak, edo aurkarien indarrak baizik.Hori uztailaren 24an jakingo dugu. Edo lehenago, Tourrak hiru asteak bete aurretik erabaki zale baita Armstrong. Uztailaren 2an hasiko da, Frantzia ipar-mendebaldean, Fromentine herrian (Vendee eskualdea). 19 kilometroko erlojupekoarekin hasiko da Tourra, eta horixe da probako berritasun azpimarragarriena, lehen etapako distantzia. Aitzin-etapa laburragoekin hasi ohi da Tourra, baina heldu den urtean ez. Zitala da, gainera, hasiera, Noirmoutier uhartean bukatuko delako eta haizeak gogor astintzen duelako eskualde hura. Alde handiak irekiko dira, ziurrenik, eta horrek tropeleko urduritasuna murriztea ekarriko du, esprinterrek ez dutelako maillot horia janzteko aukerarik izanen, gainsari mamitsuak lortuta ere.Ekialdera egingo dute lehen astean, eta 66 kilometroko taldekako erlojupekoaren ostean, Alemanian, Karlsruhen sartu. Handik Vosgos mendialderantz egingo du karrerak eta Wallon d'Alsace, Tourrean igo zen lehen mendatea igoko, mende bat geroago.

Mendiak bai, baina ez hainbeste

Grenoblen egingo dute lehen atseden eguna, Alpeen itzalean, hurrengo egunean haietan gora eta behera ibiltzeko. Alpeak egon badaude, baina ikuskizuna murriztu dute antolatzaileek. Courchevel da gainean bukatuko den gain bakarra, baina Cormet de Roselend dute aurretik, soil-soilik. Roselendek izen txikia, historia gutxi du ondoan dituen beste mendatetzar batzuen aldean. Norbaitek, hurrengo egunean Madeleine eta Galibier mitikoak igoko direla-eta, Alpeak gogortasunik ez dutela esatea erokeria dela esan dezake, baina helmuga non dagoen aztertu behar da horrelakoetan. Etapa horretako helmuga Briançonen dago, Galibier gainetik 40 kilometrora, eta denak beherantz.

Pirinioetan ere antzekoa gertatzen da. 10 mendate piko daude, baina etapa erabakigarririk ez. Pla d'Adet gainean bukatuko dena agian, uztailaren 17an, igandez. Hiru etapa korrituko dira Pirinioetan. Larunbatean jokatuko da lehenengoa, eta Ax 3 Domaines eski estazioan bukatuko da, Ax-les-Thermes herrian. Pailheres tentea igoko dute aurretik (15 km, %8ko batez bestekoa).Igandekoa da Tourreko etapa nagusia, gogorrena. Pla d'Adet gainean bukatuko da, baina sei mendate ditu: Portet D'Aspet, Mente, Portillon, Peyresourde, Val-Louron eta helmugakoa. Denak %7tik gorako batez besteko malda dute, eta etapak, 205 kilometro. Pauen atsedena hartu eta Marie-Blanque eta Aubisque alde errazetik igota agurtuko dituzte Pirinioak eta haraino bertaratuko diren milaka euskal zale.Azken astean Pariserainoko bidea egingo du lasterketak. Ez da ezustekorik egoten normalean, baina komenigarria da gogoratzea Erdialdeko Mendikatean barrena joango dela tropela iparralderantz, hiribururantz, eta eskualde menditsu hartan atseden gune gutxi eta segadak egiteko errepide gaizto asko dagoela.Parisen atarian, uztailaren 23an korrituko da Tourreko bigarren erlojupekoa, Saint-Etienne hirian, hain zuzen ere. 55 kilometro izango ditu, baina jakina da itzuli handietako bigarren erlojupekoetan ez direla lehen erdian jokatzen direnetan bezainbesteko aldeak lortzen. Gainera, litekeena da ordurako Tourreko podiuma nahiko erabakita egotea. 74 kilometro izango ditu orotarara bakarkako diziplinak Tourrean, aspaldiko kilometro kopuru txikiena. Urte asko egin behar da atzera, 30, erlojupekoan hain kilometro gutxiko Tourra bilatzeko.

Armstrongek ez omen daki Tourra korrituko duen edo ez

Izar gutxi bildu ziren Tourreko aurkezpen ekitaldira, baina Lance Armstrong ez agertzea izan zen harrigarriena. Estatubatuarraren zain zeuden denak. Ez alferrik, bera izan da azken sei urteetako garailea. Tamainako balentria egin duen bakarra da. US Postal taldeko Dirk De Mol kirol zuzendariak irentsi behar izan zituen informazio gose ziren kazetarien galderak, bere gogoz kontra. Austin jaioterrian (Texas, AEB) omen dago Armstrong atseden hartzen. Ezustekorik ez lehen azalpenean, baina bigarrenean sekulakoa.

«Tourra behar besteko motibazioa baldin badu bakarrik korrituko du», bota zuen De Molek. Azalpen eskaera anitz egin zizkioten jarraian: «Haren parte-hartzea ez da ziurra. Garaipena lortzeko aukera, buruko indarra baldin badauka bakarrik etorriko da, bestela ez».Entrenamenduak eta prestakuntza serioa otsail aldera hasiko omen ditu. Orduan erabakiko du Tourra korritu edo ez: «Berak bakarrik daki zer gertatuko den, baina ez da baztertu behar egun bateko lasterketak prestatzea». Ezusteko gehiago. Discovery Channel etxeak ordezkatuko du US Postal heldu den urtean, eta babesle horren esku ere ba omen dago Lance Armstrongen egutegia erabakitzea. «Litekeena da beste lasterketa batzuekin interes handiagoa edukitzea», adierazi zuen De Molek.Inor gutxik sinetsi zion De Moli. Denek Armstrong uztailaren 2an Fromentinen egongo dela pentsatzen dute. Errenkadan sei Tour irabazteko sufritu duena gogoan, zazpigarrena irabazteko aukerari muzin egitea marka litzateke. Are gehiago estatubatuarraren garaile sena eta irabazteko grina ezagututa.

-

erreakzioak





IBAN MAYO (Txirrindularia)

«Aurten ez naiz ondo aritu eta arantza ateratzeko gogoa dut»





«Aurtengo Tourrean espero baino askoz okerrago aritu nintzen eta arantza ateratzeko gogoa daukat. Ibilbidea urterokoa dela uste dut, berritasun handirik gabekoa. Lehen etapan alde handiak egingo dira eta horrek lasaitasuna emango dio tropelari».

EUSEBIO UNZUE (K. zuzendaria)

«Armstrongen lana zaildu nahi izan dute erlojupekoak murriztuta»





«40-50 bat kilometro gutxiago daude erlojupekoan eta hori Armstrongen kalterako dela uste dut. Kilometroko lauzpabost segundo kentzen dizkie aurkari guztiei diziplina horretan eta aurten ez du abantaila hori edukiko. Teorikoki hitz egiten ari naiz, halere».

JULIAN GOROSPE (K. zuzendaria)

«Lan txukuna egiteko etapa onak daude Pirinioetan»





«Tourrak ibilbide ona du gure taldearentzat. Hiru etapa daude Pirinioetan eta luzimendurako, lan txukuna egiteko aukera ona dugula uste dut. Lance Armstrongen aurkako ibilbidea denik ukatu zuen, «erlojupekoan ez bada, mendian gora txikitzen dituelako aurkariak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.