Romain Lonca. Miarritzeko jokalaria

«Ez genuen espero sailkapenaren azken postuan egotea»

Ligako azken lau partidak galduta, Lonca jokalariak aitortu du Miarritze garai «zailean» dagoela. Halere, «ziur» dago taldeak «hobera» egingo duela. Brive taldearen aurka jokatuko dute gaur (15.00), Aguileran.

BOPB.
Iñaki Berastegi.
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bi aldiz errepikatu du Romain Loncak (Miarritze, Lapurdi, 1991) «ohorea» dela haren «bihotzeko» taldea ordezkatzea. Miarritzen bertan jaio zen, baina gaztetatik Hendaian (Lapurdi) bizi izan da. Taldera duela hiru denboraldi iritsi bazen ere, jokalari garrantzitsuetako bat izateaz gain, kapitainetako bat ere bada, eta «oso pozik» dago garai hartan «etxera» itzultzeko hartutako erabakiarekin. Liga hasiera «zaila» izan den arren, talde «oso ona» dutela dio, eta «gogor» ari dira lanean, hurrengo neurketak irabazteko: «Ezinbestekoa da partida osoan arreta mantentzea. Top14an ez dago talde ahulik, eta akatsik txikiena ere gogor zigortzen da».

Bordelerekin Top14 ligan ari zinen ProD2an zegoen Miarritzeren eskaintza onartu zenuenean. Zein izan zen taldez aldatzeko arrazoia?

Asko gustatu zitzaidan aurkeztu zidaten egitasmoa. Gainera, klub hau nire etxea da, eta familiarengandik eta lagunengandik gertuago egoteko ere balio izan dit. Talde oso berezia da, Frantziako errugbiaren historian pasarte esanguratsuak idatzitakoa. Ohorea da hemen jokatzea, kolore hauek janztea, eta klub honek gure Euskal Herrian esan nahi duen guztia ordezkatzea.

Errugbian hasi aurretik, baina, futbolean aritu zinen, ezta?

Hendaian futbolean jokatzen nuen, bai. 13 urte nituen lagun batzuk errugbia probatu behar nuela tematu, eta kasu egin nienean. Gustatu, eta errugbiarekin soilik jarraitu nuen. Pozten naiz nire lagunei jaramon egin izanaz. Hendaiako errugbi taldean hasi nintzen, eta ondoren bi urte eman nituen Miarritzeko harrobian. Ikasketak amaitzeko Hendaiara itzultzea erabaki nuen, eta 2013an Bordeletik eskaintza egin zidaten. Miarritzen hirugarren denboraldia osatzen ari naiz, baina lehenengoan ez nuen jokatu, bizkarreko lesio bat dela eta. Aurreko denboraldi amaieran hasi nintzen berriz ere jokatzen.

Aurreko denboraldi amaieraz ari zarela, Baionaren aurkako finalean lortu zenuten igoera. Nola bizi izan zenuten egun hura?

Jokalariok eta zaleek sekula ahaztuko ez dugun eguna eta partida izan zen. Hiriarentzat, klubarentzat eta gure atzetik dauden guztientzat oso momentu garrantzitsua eta berezia izan zen. Nire kirol ibilbideko pasarterik onena izango da agian.

Ligako azkeneko lau partidak galduta, oso bestelako egoera bizitzen ariko zarete. Zaila izaten ari da?

Denboraldia hasi denetik, etenik gabe, hamar partida jokatuko ditugu. Erritmo hori oso gogorra da,eta fisikoki zein mentalki exijentzia horretara egokitzeko ari gara lanean. Garaipenak behar ditugu, eta azkar. Garai gogorra bizitzen ari gara.

Halere, hasiera itxaropentsua izan zen, lehendabiziko hiru partidetatik bi irabazi zenituztelako.

Oso ondo ekin genion. Denboraldiaurrean lan gogorra egin eta emaitzekin oso pozik geunden. Orain, egoera zail batean gauden arren, talde oso ona daukagu, eta ongi ari gara lanean hurrengo neurketak irabazteko. Fitxaketa batzuk egin diren arren, taldearen oinarria aurreko denboraldietako jokalariak dira: ez gara asko aldatu.

Sailkapenaren azken postuan zaudete. Espero zenuten ligako lehen laurdena jokatuta sailkapenaren zuloan egotea?

Ez, ez genuen espero sailkapenaren azken postuan egotea. Garaipenak lortzen eta puntuak batzean hasi behar dugu berehalakoan, sailkapenean gora egiten hasteko, pixkanaka bada ere.

Talde indartsuei irabazi diezue, baina, teorian, ahulagoak direnen kontra ere galdu duzue. Zertan hobetu behar du taldeak hurrengo neurketetan garaipenak lortzeko?

Partida osoan arreta mantentzea ezinbestekoa da. Huts egiterik txikiena ere asko zigortzen da. Bost minutuz norabidea galtzen baduzu, maila honetan edozein talde da gai puntuak sartzeko. Ez bazara neurketan ondo sartzen, asko kostatzen da markagailuari buelta ematea, taldeak oso ondo antolatuta egon ohi direlako. Tolosa [Okzitania] egungo ligako txapeldunaren aurka partida ona jokatu genuen arren [11-17 galdu zuten Aguileran], puntu eskas batengatik ez genuen defentsako bonusa lortu: frustragarria izan zen. Top14an ez dago talde ahulik, eta etxetik kanpo bereziki zailak dira partidak.

Roger Ripol taldeko entrenatzaile laguntzaileak denboraldia hasi aurretik aipatu zuen Miarritzerekin batera Brive, Paue eta Perpinya zirela maila galtzeko lau hautagai nagusiak. Hala ikusten duzu zuk?

Paue eta Brive ondo hasi dira, gu baino hobeto, baina etxean ere neurketak galdu dituzte. Oso maila gogorra da. Etxeko partidak irabazi behar ditugu, eta kanpoan emaitza onen bat edo beste ere lortzea beharrezkoa da. Partida bakoitza gogorra da.

Hain zuzen, Brive taldearen aurka jokatuko duzue gaur Aguileran. Garaipena lortzea ezinbestekoa da, ezta?

Garaipena behar dugu, modu batera edo bestera. Hori bai, partida on bat egin beharko dugu, badakigu estrategia zein den, eta arreta handiarekin jokatu behar dugu. Borroka eta intentsitate handiko neurketa izango da. Abiadura handia duen taldea gara, eta indargune hori erabili behar dugu. Ziur hobera egingo dugula.

Klubari dagokionez, Aguilera estadioa eta inguruak berritzeko ahaleginetan ari da. Zertan da asmo hori?

ProD2an zein Top14an dauden talde guztiek guk baino entrenatzeko baldintza hobeak dituzte. Klubaren garapenerako, azpiegitura hobeak behar dira. Taldearen maila hobetu nahi bada, funtsezkoa da azpiegitura horiek indartzea.

Azkena ez beste partida guztiak jokatu dituzu. Postu garrantzitsu batean jokatzen duzu, eta taldeko kapitainetako bat zara. Momenturik onenean zaudela esan daiteke?

Oso pozik nago. Nire bihotzeko taldearekin jokatzen ari naiz, eta harro nago tarteka kapitainaren besokoa eramateaz. Gainera, ardura handiko postu batean jokatzen dut, eta garrantzitsua sentitzen naiz. Gazte nintzela, Miarritzeko zale egin nintzen, eta ohorea da orain talde horren parte izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.