Tati Garmendia. Super Amara Bera Bera taldeko kirol zuzendaria

«Ez naiz aitzakiazalea, baina lesioek txikitu egin gaituzte»

Tituluei dagokienez, aurreko sasoiak baino apalagoa izan da denboraldi hau Bera Berarentzat. Tati Garmendiak, hala ere, ez dio taldeari ezer leporatzen,«barruan duen guztia» eman baitu.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Denboraldia amaitu da, baina horrek ez du eragin askorik Tati Garmendiaren (Donostia, 1974) egunerokoan. Aitzitik, «lanez lepo» dabil. «Madrilen egon berri naiz, federazioaren bilera batean; bukatu berri den sasoiaren balorazioa egin behar dugu, hurrengoaren prestaketan pausoak ematen jarraitu, fitxaketak aurkeztu [Silvia Arderius, atzo]... Ez dut aspertzeko astirik, ez».

Amaitu da sasoia. Zein nota jarriko zenioke taldeak egin duen lanari?

Oso ona. Egia da sasoiko helburua denboraldi hasieran irabazitako Espainiako Superkopari beste titulu bat gehitzea zela, baina sasoia nola joan den aintzat hartuta, eta gertatu zaiguna kontuan hartuta, uste dut oso lan ona egin dugula.

Zer gertatu zaizue?

Lesioek txikitu egin gaituztela. Ia inoiz ez ditugu jokalari guztiak jokatzeko moduan izan. Min hartutako batzuk, gainera, funtsezko jokalariak ziren Montseren eskeman [Montse Puche entrenatzailea]. Izan dezakezu lesio larriren bat, baina hiru... Hain izan da larria egoera zenbaitetan, ezen Kopa jokatu bezperan oso-oso zail ikusten genuen finalerako sailkatzea ere. Baina lortu genuen, eta gai izan ginen luzapena behartzeko ere.

Gertatu zaizuena kontuan hartuta, beraz, nahikoa egin duzue?

Bai. Inork pentsa dezake gutxirekin konformatzen garela, baina ezagutzen gaituenak badaki hori ez dela inondik inora horrela. Ez naiz aitzakiak jarrizalea, baina lesioek txikitu egin gaituzte. Aurreko denboraldietan, zorte ona izan genuen, apenas egon zen lesio larririk, baina badirudi sasoi honetan buelta etorri zaigula. Jokalariak bata bestearen atzetik lesionatzen hasi aurretik bikain ari ginen, inoiz baino hobeto. Beraz, argi dago lesioek erabat baldintzatu dutela denboraldia.

Lesioek ez ezik, aurkariek gora egin izanak ere izango zuen eraginik.

Ligako taldeak gero eta fitxaketa gehiago egiten ari dira, eta hori oso albiste ona da, txapelketaren maila gora egiten ari baita. Sasoi honetan gertatu denak oso agerian uzten du zein meritu handia izan zuen aurreko urteetan egin genuenak.

Jendea erraz ohitzen da gauza onetara.

Hala da, baina baita gu ere. Taldean bertan, kostatzen zitzaigun sinestea gal genezakeela, denbora asko baitzen tituluak bata bestearen atzetik pilatzen. Baina gorengo mailan gal daiteke, are gehiago liga honetan, zeinetan parekotasun handia dagoen. Hau ez da Asobal liga; gizonezkoetan badakizu Bartzelona aise izango dela txapeldun, eta beste taldeentzat apurrak besterik ez direla geratuko.

Zertan nabarmendu da taldea sasoi honetan?

Egoera zaila izanda ere, beti eman duela barruan duen guztia; ez du inoiz amore eman. Talde hau izugarri profesionala da, eta denboraldi honetan erakutsi du. Jokalari askok jokatu dute noizbait minez, bazekitelako taldeak haien beharra zuela. Taldeari ezin zaio ezer leporatu. Sekulako meritua du egin duenak.

Dagoeneko hasi zarete datorren sasoiko taldea osatzen. Aldaketa asko egongo dira, bost jokalarik utziko baitute taldea: Ana Tempranok, Marta Lopezek, Patri Elorzak, Ana Isabel Martinezek eta Alicia Fernandezek. Noren erabakia izan da haiek ez jarraitzea, jokalariena ala zuena?

Haiena. Guk bostek jarraitzea nahi genuen, eta Martari ez beste laurei segitzeko eskaini genien. Martak guk ezer eskaini aurretik esan zigun eskaintza on bat zuela, eta onartu egingo zuela. Alicia eta Ana Isabel atzerrira doaz. Saihetsezina da: Bera Berak oso lan ona egin du azken denboraldietan, titulu asko irabazi, eta hori erakusleiho bikaina da. Ana eta Patriren kasua ezberdina da. Haiek etxera itzuliko dira, Barakaldora.

Ez zarete gora begira geratu. Jadanik hiru jokalari fitxatu dituzue: Merche Castellanos atezaina, Adriana Cardoso eskuineko hegalekoa eta Silvia Arderius erdikoa.

Bakoitza joan den jokalari baten hutsunea betetzera dator. Merche Anaren ordezko aproposena da. Adriana, berriz, aspaldiko ezaguna da, bi urtez jokatu baitzuen taldean. Oso gustura egon zen, eta prest azaldu zen jarraitzeko, baina ezinezkoa izan zen, klubaren egoera ekonomiko txarra zela eta.Ordutik, harremanetan egon gara, eta aurten suertatu da aukera berriro gurekin egoteko. Harekin eta Maitanerekin [Maitane Etxeberria] oso ondo beteta daukagu eskuin hegala. Azkenik, Silvia jokalari bikaina da, teknikoki oso azkarra eta espezialista erasoko jokoan [inork baino gol gehiago sartu ditu sasoi honetan]. Mesede handia egingo digu, erasoa baita gure ahulezia nagusia.

Elorzaren eta Martinezen ordezkoak lotzea falta zaizue?

Bai, eta horretan ari gara. Astebetean-edo espero dugu taldea osatzea. Baikor nago, uste dut oso talde lehiakorra osatuko dugula. Hori bai, aldaketa asko egonda, taldeak denbora beharko du erabat egokitzeko.

Montse Pucheri kontratua amaitzen zaio. Jarraituko al du?

Lehenik, jokalari zerrenda osatu nahi dugu. Hori egindakoan hasiko gara Montserekin hizketan. Hark jarraitu egin nahi du, eta guk jarraitzea nahi dugu. Beraz, azkar lortuko dugu akordioa.

Diru laguntza eta babesleei dagokienez, hobera egin du egoerak?

Ez. Aitzitik, okerrera egin du, eta datorren denboraldian aurrekontu apalagoa izango dugu. Ez da bidezkoa hobera egin beharrean okerrera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.