Denis Mentxov (Orel, Errusia, 1978), ez da hitz askoko txirrindularia; isil samarra da. Baina behar den lekuan harrotzen da: errepidean. Frantziako Tourra hasi bezperan hitz egin du BERRIAk errusiarrarekin. Italiako Giroan findu du gorputza Iruñean bizi den errusiarrak, eta, «zorte apur batekin», Tourra irabazteko hautagaien artean sartu du bere burua.
Amaitu dira prestaketak eta entrenamendu luzeak. Tourra hastera doa. Zer moduz iritsi zara?
Ondo nagoela uste dut. Fisikoki ondo sentitzen naiz, eta psikologikoki ere Tourra behar bezala prestatu dudala esango nuke. Sasoi onean iritsi naiz. Urteko lasterketarik garrantzitsuena da niretzat, eta oso sasoi onean nagoenez, gogotsu nago.
Zale asko harritu egin dira Tourrera etorri aurretik Italiako Giroan parte hartu zenuelako. Zergatik aldaketa hori?
Denboraldi hasieran aurreko urteetako prestaketa aldatzea erabaki genuen, besterik gabe, Tourrera iritsi baino lehen ohi baino kilometro gehiago egiteko.
Hori ona izan daiteke, baina baita arriskutsua ere, ezta? Lor al daiteke Giroan eta Tourrean bete-betean aritzea?
Aldaketak ez dauka zertan txarra izan. Italiako Giroan nahiko lasai ibili nintzen, lasai-lasai ez, baina gehiegi behartu gabe. Giroa bete-betean egon gabe hasi, eta indartsu amaitu nahi nuen, eta lortu nuen.
Giroa amaitu ostean Pirinioetako etapak ezagutzera joan zinen, eta aurretik Alpeetakoak ere ikusi zenituen. Beldurrik bai? Zure ezaugarriak ikusita, zein etapa izan daiteke arriskutsuena?
Beldurrik ez daukat, baina errespetua bai. Etapa eta mendate guztiak dira arriskutsuak. Arriskutsuak baino gehiago, garrantzitsuak. Hala ere, Alpeetako etapek erabakiko dute Tourra, hiru etapa horiek baitira zailenak.
Alpeei begira, La Bonetteko eta Alpe d'Huezeko igoerak aipatu eta aipatu ari dira gehienak.
Inoiz ezin da jakin etapa bakoitzean zer gertatuko den, baina etapen perfilei begiratuta eta ibilbidea bertatik bertara aztertuta, bi etapa horiek erabakigarriak izango direla uste dut. Alpeetan daude aldaparik gogorrenak.
2006an Pla de Bereteko etapa irabazi zenuen Tourrean, 11. etapan. Aurten zergatik ez Hautacamen edo Alpe d'Huezen ezta?
Ez naiz itsutuko etapa garaipenekin; sailkapen nagusiari begira egongo naiz erabat. Hala ere, jakina, Tourrean ezin da akatsik egin, eta etapa guztietan aurrean egon beharko dut.
Erlojupekoak aztertuta, 82,5 kilometro soilik edukiko dituzue bakarka. Itxura batean, horrek ez dizu mesederik egingo...
Ez, baina ibilbide berbera edukiko dugu guztiok. Mendatean lan gehiago egin beharko dugu eta kito. Ez du ezertarako balio orain kexatzen hasteak.
Iaz ere Rabobankeko taldeburu gisa iritsi zinen Tourrera, baina mendiko lehen etapan, Tignesen, 20 segundo galdu zenituen, eta, ondoren, Rasmussen agertu zen. Zer pentsatu zenuen une horretan?
Ezer berezirik ez. Hiru asteko lasterketa da Tourra, eta lehen egunean 20 segundo galduagatik, ezin zara larritu. Lasaitasuna ezinbestekoa da Tourrean, oso itzuli luzea baita. Hala ere, hurrengo egunean Rasmussenek erakutsi zuen bera zela indartsuena, bai gure taldean, eta baita tropelean ere. Besterik gabe, une bakoitzeko eginbeharra onartu beharra dago, eta hala egin nuen nik ere iaz.
Gero iritsi ziren Rasmussenen inguruko gorabehera guztiak. Zalaparta handia izan zenuten taldean. Ahaztu al duzue dagoeneko?
Bai, bai.
Espainiako Vuelta bi aldiz irabazi duzu, Dauphine Libereko bi etapa ere irabazi dituzu, Euskal Herriko Itzulia ere bai... Zer falta zaio Mentxovi Tourrean goi-goian ibiltzeko?
Zorte gehixeago izatea.
Azken urteotan Tourrean eta Vueltan parte hartu duzu, baina aurten ez zara Vueltara joango. Horrek Tourrean presioa areagotuko dizu, agian?
Ez dut uste. Ez, ez. Urte asko daramatzat gogor lan eginez, eta urtero helburu jakin batzuk zehazten ditut. Aurtengo helburu nagusia Tourra izango dela erabaki dugu, eta lan ona egitea gustatuko litzaidake. Baina nahi bezain ondo ibiltzen ez banaiz ere ez naiz erotuko.
Den-denak Evansi begira daudela dirudi. Ibilbidea aztertuta, nork beldurtzen zaitu bereziki?
Evansek berak, dudarik gabe. Podiuma... Zaila da asmatzea, baina Evans, Sastre... horiek ikusten ditut podiumean. Hala ere, litekeena da Valverde ere tartean sartzea.
Faboritoez hizketan hasita, Alberto Contador iazko Tourreko garaileak Evans eta Mentxov azpimarratu ditu. Evans bai, baina zu ere ondo egongo zara orduan...
Ez dakit. Nire lana behar bezala egin dut, eta ondo iritsi naizela uste dut. Baina lasai joan nahi dut Tourrera, gehiegi estutu gabe, egunez egun.
Baina Tourra irabaz dezakezula uste duzu?
Bai, baietz uste dut. Horretarako, ordea, zortea ere behar da.
Contador, Leipheimer, Kloeden... Txirrindulari on asko ez dira joango aurtengo Tourrera. Zer iritzi daukazu? Gustatuko litzaizuke horiek ere joatea?
Arazoa korapilatsua da oso. Urtea hasi eta otsail-martxo aldera beti pentsatzen duzu horrelako erabakiak bidegabeak direla, txirrindularitzarentzat kaltegarriak izango direla, horrelako erabakiak hartzeko eskubiderik ez dagoela... Baina horrelakoa da bizitza. Azkenean, aurkari bat gutxiago, eta kito.
Laugarren etapan izango duzue lehen azterketa garrantzitsua: 29,5 kilometroko erlojupekoa. Gustatuko litzaizuke bertan maillot horia janztea edo nahiago duzu presioa beste txirrindulariren bati pasatzea?
Benetan diot, ez naiz ari kontu horiei begira, nahiz eta argi dagoen erlojupekoan ahal dudan guztia egin beharra daukadala. Sailkapen nagusirako oso etapa garrantzitsua izango da erlojupekoa, baina ez dut pentsatu laugarren etapan maillota janztea komeni zaidan, ez zaidan komeni... Ahal dudana egingo dut, eta aurkarien denborak kontuan hartuta, erlojupeko ona egiten saiatuko naiz. Baina, berriz diot, etapa jakin bati ez, sailkapen nagusiari begiratzen diot.
«Ez naiz itsutuko etapa garaipenekin; sailkapen nagusiari begira nago»
Konfiantza handia nabari da haren hitzetan, ondo prestatuta iritsi den seinale. Behingoz, podiumean sartu nahi du, eta sartzen hasita, lehen postuari begira jarri da. Faboritoetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu