Porfi Fisac. Delteco Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea

«Ez naiz lasai egongo 4.000 zale bildu arte Illunben»

Bere ardura kirol esparrua du, baina GBCren inguruko guztiak kezkatzen du Fisac. Jokalariei, zaleei eta zuzendaritzako kideei klubarekiko identifikazioa helarazten saiatzen da.

ainara arratibel gascon
2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Denboraldi hasiera bikaina egin du Delteco Gipuzkoa Basketek. Baina haren entrenatzaile Porfi Fisacek (Fuenterrebollo, Espainia, 1965) hankak lurrean ditu. Ez da laudorio zalea. «Aste batzuetan, ez digute mesede egin. Arreta galarazi digute, eta ahulago egin gaituzte». Duen multzoarekin pozik dago, eta jokalari guztiengandik espero du gehiago: «Ziur naiz harritu egingo nautela».

Unicajari irabazi eta gero, taldea lasaiago dago?

Lau porrot generamatzan jarraian, eta, beraz, oso garrantzitsua zen garaipena lortzea. Gutxienekoa aurkaria zen. Baina egia da Unicaja goi mailako taldea dela. Horrelako aurkari bati irabazteko gauza asko egin behar dira ondo. Dena den, taldea ez dut urduri ikusi. Lehen bi garaipenak hain azkar lortzeak lasaiago lan egiteko aukera eman digu.

Bihar, aurkari zuzen baten kontra jokatuko duzue:Joventut. Are garrantzitsuagoa da?

Bi taldeak jakitun gara oso partida garrantzitsua dela. Irabazten badugu, geure buruari erakutsiko diogu liga honetan zerbait gehiago egin dezakegula, eta beste urrats bat izango litzateke mailari eusteari begira.

Hiru garaipen eta bost porrot daramatzazue. Zein nota jartzen diozu taldeari?

Nik hamargarren jardunaldira arte itxaron nahi izaten dut lehen balantze hori egiteko. Baina uste dut garaipen bat gehiago izatea merezi dugula.

Zenbat garaipen beharko dira mailari eusteko?

12 edo 13. Bospaseirekin amaitu nahiko genuke lehen itzulia.

Zein traza hartzen diozu ligari?

Uste dut ez dela ezuste handirik egon. Talde guztiak gaude garaipenak lortzeko borrokan, ahalik eta ondoena kokatzeko.

Espero al zenuten horren ondo hastea?

Denboraldi-aurrean oso gogor egin genuen lan. Bully Oyonek eta Sergio Garciak bikain prestatu zuten taldea, ni Senegalgo selekzioarekin nengoelako. Taktikoki,lan handia egin zen, helburua zelako jokalariek ahalik eta azkarrena barneratzea gure joko moldea. Oraindik bidea luzea izango da. Baina, behintzat, lehiaketari aurrez aurre begiratzea lortu dugu, eta ez beldurtuta.

Zertan ibili da taldea uste baino hobeto? Eta okerrago?

Erasoan arerioek espero zutenaren gainetik ibili gara, eta «defentsan entrenatzaileak nahiko lukeenaren azpitik. Defentsan, koska bat igo nahi dugu, eta, erasoan, jokalariek jarrai dezatela erakusten ari diren lotsagabekeriarekin. Oreka bat lortu nahi dugu bien artean.

Estatistiketan, dena den, oreka hori ikusten da. Zertan hobetu dezakezue?

Trantsizioan puntu gehiago sartzea nahiko nuke, eta defentsan trinkoago eta batuago egotea. Defentsako lan onari jarraipena eman behar diogu, eta hori esperientziak eta jokalari bakoitzaren erregulartasunak emango digu. Orain arte bezala, korrika egiten jarraitu nahi dugu. Errebotean ere oso ondo ari gara.

Fitxaketak espero zenuten mailatik gora al daude?

Norelen zenbakiak ikaragarriak dira. Baina ez nau harritu Swingen talentuak, Facuaderen bertsatilitatea, Pardinak lau hiruko sartzea partida batean, Dani Perezen maila... Oraindik, dena den, denek dute hazteko aukera, eta gehiago harrituko naute.

Erasoan Norelekiko menpekotasun handiegia izatearen beldur zara?

Henk gai da edozein lekutik saskiratzeak lortzeko. Baina beste jokalariak ere ari dira pixkanaka beren ekarpena egiten. Lasai nago alde horretatik.

Aurreko sasoiko taldetik bi jokalari daude: Xabi Oroz eta Joan Pardina. Haien ekarpena nola ikusten duzu?

Cheryk sasoi hasieran izandako arazoen ondorioz, Orozek gehiago jokatu zuen, eta bikain jardun du. Orain, agian, Pardina gehiago ari da jokatzen. Luzerako kontratua dute, eta oso pozik nago haiekin. ACBko jokalariak dira.

Zein balorazio egiten duzu zuekin entrenatzen duten gazteez?

Oso ona. Pazientzia izan behar da guztiekin. Orain, lan egin behar dute, ikasi. Hurrengo sasoian, ikusiko da non jokatuko duten, eta ea hemendik bi sasoira ACBko taldeko jokalariak diren. Uste dut Gipuzkoak ahalmena duela gure taldeko hamabi jokalaritik 3-4 etxekoak izateko. Jokatzea nahiko nuke, gainera.

Udan ezezko asko jaso omen zenituzten. Oso gogorra izan zen zu Senegalen egonda?

Ez zen erraza izan. Kluba hazten ari da, mantso eta hankak lurrean dituela. Ekonomikoki baliabide batzuk ditugu, eta horiek muturreraino errespetatu behar ditugu. Hori ere badelako proiektua hazten jarraitzeko gakoa.

Beste taldeek nahi ezzituzten jokalariekin egindako multzoa da zuena?

Ziurrenik, Norelek, Clarcek edo Van Lackek eskaintzaren bat izango zuten. Baina ditugun jokalariek ezin dute arreta galdu, eta, goi mailan aritzeko, gauzak ondo egiteko beharra sentitu behar dute. Hori egunero erakutsi behar dute.

Taldea horren azkar egokituko zela pentsatzen al zenuten?

Sumatzen genuen bai kantxan, eta bait hortik kanpo ondo egokituko zen taldea osatu genuela. Orozen eta Pardinaren ekarpena oso garrantzitsua izan da horretarako. Van Lackek ere lan asko egin du. Ligan eskarmentu handien duten beste bi jokalariek, berriz, Norelek eta Clarckek, giro paregabea sortzen dute multzoan. Amerikarrakaukeratzean ere oso kontuan hartu genuen hori.

Asko inprobisatu behar izan zenuten fitxaketetan?

Ditugun baldintza ekonomikoak ditugu, eta, horiek aintzat hartuta, garbi izan genuen zer nahi genuen. Izenetan bainoago, ezaugarri batzuetan fijatu ginen. Familia bat osatu nahi genuen, ikasteko eta hazteko gogoa zuten jokalariekin.

Ba al zerikusirik fitxaketen arrakastan Sergio Garciak eta Bully Oyonek?

Sergiok pistan ikaragarrizko gaitasunak ditu, eta Bully ikaragarri hazten ari da bai jokalarien eta bai haien agenteen inguruan duen ezagutzan. Ardura handia dute. Denen artean hartu genituen erabakiak.

Ez zara laudorioak jaso zalea. Nola hartu dituzu taldeari egin dizkiotenak?

Ez digute mesede egin. Aste batzuetan arreta galarazi ziguten, eta nahastu. Bilbo Basketen eta Zaragozaren aurkako partidetan, batez ere, ez ginen gu izan. Ez zen nire taldea. Ez nuen jokalariengan antzeman une oro gauzak ondo egin behar izatearen ardura. Eta hori da bidea talde honek hazten jarrai dezan. Guk, irabazteko,sufritu egin behar dugu. Ondorioz, niere ez nintzen pozik sentitu aulkian. Ez nuen disfrutatu.Egoera bideratzen ari naiz, baina beste 3-4 aste beharko ditut.

Esan izan duzu taldeak garaipenak lortzeko lan egin behar duela, eta ez porrotengatik negar egin. Lortu duzu?

Gure filosofoa izan behar du horrek. Ez gara Illunbera burumakur edo galtzeko beldurrez joan behar, bazik eta pozik eta disfrutatzera. Nire aurreko alditik ondo ezagutzen nuen kluba, baita Gipuzkoako zaleak ere. Ezin nuen sinetsi zegoen ilusio eta batura falta, eta, niretzat, garrantzitsua zen fideltasuna sentiaraztea. Fideltasun hori harro sentituz helarazten da. Genuen erronka handietako bat zen. Zerbait lortu da. Baina oraindik falta da. Illunben 4.000 zale fidel bildu arte, ez naiz lasai egongo. Hortik gora zaila izango da. Lan horrek etengabea izan behar du. Horretarako, taldeak lanean jarraitu behar du, hobeto jokatzeko. Klubak, berriz, lan egin behar du saskibaloiaren zabalkundean, zaleen fideltasuna modu egokian sarituz. Ez dut nahi sarrerak oparitzea, baizik eta fideltasuna beste modu batera saritzea; adibidez, bazkideei abantailak emanez.

llunbera, ordea, oso jende gutxi doa, eta zuei ere ez zaizue gustatzen han jokatzea. Zergatik?

Gustuko ez duguna da Illunbe hutsik dagoela jokatzea. Uste dut Donostian kirol azpiegitura bat egokitu behar dela, ez guretzat bakarrik, baizik eta donostiar guztientzat. Azpiegitura bat gerora kontzertuetarako eta bestelako ikuskizunetarako erabiliko dena. Bat, baina ondo egina. Uste dut aproposena Belodromoa dela.

Zer falta zaio Illunberi?

Batetik kokapena, azpiegitura eta hara iristeko bideak ez dira onak. Bestalde, soinua eta abar ere ez dira onak. Horrek baldintzatu egiten du. Baina guk klub gisa saiatu behar dugu, hori horrela izanda ere zaleak erakartzen, ahoz ahokoarekin. Horrek denbora eskatzen du. Baina ari gara,pixkanaka.

Inbidia ematen al dizute Obradoioren edo Fuenlabradaren moduko pabiloi beroek?

Bai. Halako pabiloi bat izanda, eta taldea ondo egonez gero, lorpen handiak eskura ditzakezu. Gu, adibidez, beste pabiloi bat izanda, ziurrenik mailari eusteagatik baino zerbait gehiagogatik borrokatu ahal izango ginateke.

Kirol esparruan dena ondo doa. Ekonomikoan? Bietan egonkortasun bat dagoela uste duzu?

Uste dut kluba egonkor dagoela. Ekonomikoki pauso egokiak ematen ari gara, eta bide onetik goaz: ez zaio inori ezer zor, egunean kobratzen ari gara, babesleen eta erakundeen ekarpena ona izaten ari da... Kirol arloan, Easorekin dugun elkarlana sendotzen ari da.Uste dut Gipuzkoako jokalariei goi mailara iristeko aukera ematen diela horrek. Proiektua finkatzeko urtea da hau biesparruetan. Hamarkada baterako proiektu bat egin nahiko genuke

Kluba zure pertsonarekin identifikatzen da. Nola daramazu?

Klubean denek egiten dugu lan, eta guztiak gure mailarik onenean lan egiten badugu, ahalik eta klub onena izango dugu. Ni saiatzen naiz transmititzen kirol, klub eta lurralde honekiko dudan pasioa. Hirurek oso zoriontsu egiten naute. Gipuzkoarrek gipuzkoarrentzat egindako klub izatea nahi dut. Zenbat eta tokiko jende gehiago, hobe. Egunen batean lehen entrenatzailea gipuzkoarra balitz, ni zoriontsu nintzateke.

Zenbat ordu egiten dituzu lanean egunero?

8-9 ordu. Dena den, nik baino ordu gehiago sartzen dituzten pertsonak badira. Adibidez, Bullyk eta Sergiok 12-13 ordu egiten dituzte. Fisioterapeuta atseden egunetan ere etortzen da. Oso pozik nago niri laguntzen dauden guztiak gazteak direlako, eta ilusioa eta hobetzeko nahia dutelako.

Nolakoa izan zen zure esperientzia Senegalen?

Izugarrizko ilusioa duen herria da; hara joaten garenak izugarrizko maitasunarekin eta errespetuarekin hartzen gaituzte. Hango jokalariek dena ematen dizute. Ez dizute sekula traizio egingo. Talde lana erakutsi behar zaie. Saiatu ginen sasoi honetan ere jokalariren bat handik ekartzen, baina ekonomikoki ez ginen iristen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.