Tati Garmendia. Bera Berako kirol zuzendaria

«Ez nintzen joan Kanarietara, beldur handia neukalako»

Eider Rubio ondoan zuela ospatu zuen Tati Garmendiak ligako titulua larunbatean, etxean, eta berak egin zien lehen harrera beroa jokalariei, Donostiara iritsi berritan. Pozez zoratzen dago.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2015eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Lasaitu ederra hartu du Tati Garmendiak (Donostia, 1974). Duela bi hilabete, apustu arriskutsua egin zuen Bera Bera lider zela Aitor Etxaburu kargutik kendu eta Montse Puche fitxatuta, baina hirugarren urtez jarraian ligako titulua irabazita erantzun du taldeak. Ospakizun artean, hurrengo denboraldiko egitura osatzeko erronka dauka orain. «Hiruzpalau urtean taldearen zorra kitatu nahi dugula ahaztu gabe». Arazo ekonomikoak tarteko, malabarismo lanean murgilduta dabil.

Ligako hirugarren titulua jarraian. Erraz esaten da.

Urtero tituluak irabazita, zaleak gaizki ohitzen ari gara, eta espero dut halakorik gertatzen ez den egunean inguruak desilusio handirik ez hartzea. Sendotzen ari gara hor goian; gurea irabazten zaila den taldea da, eta lan onari eta jokalarien kalitateari esker, oso bolada onean sartuta gaude.

Hiru titulu nahi zenituzten, eta bi iritsi dira azkenean: liga eta Superkopa. Tituluak irabaztea gero eta zailagoa den seinale?

Zalantzarik gabe. Oso estu irabazi ditugu ligako hiru tituluak. Denboraldi honetan ere, puntuak galdu ditugu bidean, ez ditugu irabazi partida guztiak, eta oso zaila izan da. Egia da ligako aurrekonturik handiena dela gurea, baina ahalegin handia egiten dugu, adibidez, jokalariek gizarte segurantza izan dezaten. Inbertsioa eskatzen du horrek. Gainerako taldeekiko aldea ez da hain handia.

Tentsioa, poza, lasaitasuna... Zer sentitzen duzue?

Sasoia ez da erraza izan. Zaila da ulertzen lider doan talde batek entrenatzailea aldatzea, baina pauso hori eman behar genuela sentitu genuen, arrisku handiko erabakia zen arren. Emaitzei dagokienez, dena ondo amaitu da azkenean. Momentu asko ez dira atseginak izan, baina etorkizunari begira lan egin behar da beti.

Errespetu handia zenioten Ro'Casari, eta gorabeheratsua izan zen partida: 0-4 hasi, 9-7 gero...

Motibazioz gainezka kantxaratu ginen, bagenekielako titulua gure esku zegoela; geure jokoan konfiantza handia geneukan. Oso ondo hasi ginen, eta partidan sartuta egon ginen une oro. Bigarren zatian, zoragarri aritu ginen defentsan, geldiketa bikainak egin zituen Tempranok, ikusgarria izan zen trantsizio jokoa...

Gehienetan bezala, defentsak irabazi du titulu hau ere.

Egia da azken urteotan ligan gol gutxien jaso duen taldea izan dela gurea, eta oso indartsuak garela arlo horretan. Patri Elorzak eta Maria Nuñezek hiru urte daramatzate elkarren ondoan jokatzen, eta oso sendotuta daukate jokoa. Beste aldean, ordea, kontraerasoa eta trantsizioa berreskuratu ditugu jada, baina asko kostatzen zaigu eraso antolatuan jokatzea. Hori landu behar dugu.

Denboraldian zehar gertatu den guztiagatik, titulu hau izan da, agian, guztietan bereziena?

Bereziena lehenengoa izaten da beti. Bigarrena ere berezia da, lehenengoa ez zela kasualitatea izan erakusten duelako. Gure kasuan, gainera,Reyes Karrerek taldea utzi ondorengo titulua izan zen hura, urte askoren ondoren. Baina hirugarren hau ere oso berezia izan da, denboraldia gogorra izan delako eta entrenatzailea aldatuta ez genekielako zer gertatuko zen. Kopan ez genuen eman itxura onik, eta bazirudien beheraka gindoazela. Baina azken bi hilabeteotan lehen lauen aurka jokatu dugu etxetik kanpo, eta partida guztiak irabazi ditugu.

Besarkadak, barreak, jauziak... Zer esan zizun Montse Puchek partida amaitu ondoren?

Koldar hutsa naiz, eta ez nintzen joan Kanarietara beldur handia neukalako. Eider Rubiorekin ikusi nuen partida, etxean. Ez genuen beste inor nahi ondoan. Oso urduri geunden. Behin partida amaituta deitu genion, eta ia-ia ez zitzaion hitzik ateratzen. Oso-oso urduri igaro zuen aste guztia. Jokalari bikaina izan zen bere garaian, baina hasiberria da entrenatzaile lanetan, eta beretzat ere oso berezia izan da titulu hau.

Denboraldi bat amaitzerako, hurrengoa prestatu behar. Lehen pausoa emanda dago, ezta? Eli Pinedok taldean jarraituko du.

Argitu egin nahiko nuke kontu hori. Elik, oraindik, ez du eman baiezkorik. Galdetu zidatenean, jarraituko duela uste nuela erantzun nuen, baina horrek ez du esan nahi hemen geratuko denik.

Aldaketa asko izango da taldean?

Batzuk bai. Oso jokalari gutxirekin hitz egin dugu oraindik, daukagun aurrekontuarekin ezinezkoa delako lehenago hizketan hastea. Kontratu kontuekin urduri samar zeuden gehienak, eta normala da, urtebetekoa daukatelako denek. Baina aste honetan lasai egoteko eskatu genien. Orain helduko diogu, berriz ere, gai horri.

Zer falta zaio Bera Berari?

Taldeak erakutsi du zer-nolako maila daukan, baina litekeena da jokalariren batek ez jarraitzea, beste norabait joatea erabaki dezakeelako. Aste honetan hasiko da dena argitzen [Maria Nuñezek Besançon Frantziako taldearekin sinatu du kontratua].

Liga irabazita, betiko galdera: Txapeldunen Ligan izango al da Bera Bera hurrengo sasoian?

Epea amaitu artean ezingo dugu hori argitu. Gainera, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatu beharko genuke. Ondorio hori dauka aurreko denboraldian uko egin izanak. Oso zaila izango da jokatzea, diru asko behar dugulako.

Larunbatean, festa handia izango da Bidebietan. Zein mezu bidaliko zenieke zaleei?

Pena izan da titulua etxetik kanpo irabazi izana, baina argi dago larunbatean gogotik ospatuko dugula. Zaleek babes handia eman digute denboraldi guztian, onean eta txarrean, eta eurek ere merezi dute ospakizun handi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.