Neguko Olinpiar Jokoak Sotxin. Lucas Egibar

Ez ukitu, mesedez

Lucas Egibar igeldotarra lehen aldiz ariko da, bihar, Neguko Olinpiar Jokoetan, snowboardcrossean, baina faboritoen zerrendan ageri da jada haren izena. Are indar handiagoa eman dio orain hilabete Munduko Kopan lortutako bigarren postuak.

unai zubeldia
2014ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Konfiantza ikusten zaio Lucas Egibarri begiradan (Igeldo, Gipuzkoa, 1994). Presioa ez, pauso bat gehiago da Sotxi. Bide luze baten geltoki garrantzitsu bat. «Podiuma nahi dut». Badaki lor dezakeela. Baina baita final-zortzirenetan kalera joan daitekeela ere. «Arrisku horiei izkin egin nahi diet, irteeran batez ere». Snowboardcrossean ukitu txiki bat nahikoa delako podiumeko lehiatik kanpo geratzeko. «Minutu eta erdiko jaitsierak dira, eta gogotik ordaintzen da akatsik txikiena». Huts egiteko prest dago. Baina badaki punta-puntan ibiltzeko aukera ona daukala. «Besteei begira egon gabe, nire lana egitera noa, badakidalako aurrean ibil naitekeela». Bihar 08:00etan ekingo dio lehiari, eta, finalera iritsiz gero, dominak jokoan, Euskal Herrian 11:10 direnean egingo du azken jaitsiera.

«Urtetik urtera geroz eta indartsuago sentitzen ari naiz. Lesio txiki bat izan dut, baina bete-betean iritsiko naiz». Aurrekontua jaitsita denboraldi-aurrea gogorra izan den arren, emaitzak dauzka alde. Junior mailako munduko txapeldun izan zen iaz; hirugarren eta seigarren postuak ere lortu zituen Munduko Kopan; eta aurten jo du goia, Munduko Kopako proban, urtarrilean, Vallnord-Arcalisen (Andorra), bigarren postua eskuratuta. «Alde handia» nabaritu du junior mailatik seniorrera. «Modu harrigarrian kontrolatzen dute denek taula». Baina aurkariek ere errespetu handia diote berari. Seinale ona da hori. Bere esku dauka etorkizuna, 20 urte bete zituelako joan den astean, igandean. Zirkuituko gazteenetan bigarrena da.

Ezagutzen du Olinpiar Jokoetako pista. «Iaz bertan izan nuen Munduko Kopako proba bat, eta gustatzen zait jaitsiera [aurkari batekin izan zuen ukitua tarteko, podiumeko lehiatik at geratu zen orduan]. Hiruzpalau bihurgune besterik ez dauzka, zuzengune handiak daude, eta ezinbestekoa izango da akatsik ez egitea». Snowboarcrossaren gakoetako bati helduta, irteera «zabala» dela gogorarazi du igeldotarrak. «Ikuskizunerako apropos-aproposa». Txandaz txanda «lehen postuan irteten» saiatuko da. Konfiantzaren eta ausardiaren atzean ezkutatu zaio urduritasuna, baina aitortu du «handia» dela Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izatea bera. «Umetatik eduki dut ilusio hau, eta iritsi da eguna. Presio kontuak ahaztuta, gozatzeko momentua da». Munduko espezialistarik onenak elkartuko dira Sotxin. «Eta Munduko Kopako lehen hamabostak dira gai dominen borrokan sartzeko».

Leherketa modukoa da snowboardcrossa. Potentzia, abiadura, indarra, teknika, burua... Israel Planas entrenatzaileak neurtzen du, egunero, igeldotarraren gaitasuna. Aldaketa batzuen ondoren —egun batetik bestera Daniel Fernandezen aginduetara hasi zen lanean—, azken bi denboraldietako entrenatzailea itzuli da haren ondora. «Erosoago sentitzen naiz harekin, eta oso gustura nago». 15 urterekin sartu zuten, lehen aldiz, Espainiako selekzioko teknifikazio talde batean, eta lehen Olinpiar Jokoetan lehiatuko da 20 urte bete berritan. Egibar azkar ari da pausoak ematen.

Buruan dauka indarguneetako bat. «Zorteak zerikusi handia dauka diziplina honetan, eta oso garrantzitsua da burua hotz mantentzea. Asko lantzen dugu arlo psikologikoa ere». Nabari zaio hizketarako segurtasunean. Arlo horretan, gertutik zaintzen ditu beti txanda bakoitzeko aurkariak. «Argi eduki behar da jaitsiera bakoitzean zein den aurkaria, bakoitzak non egin dezakeen herren, non arriskatu. Asko aztertzen ditugu aurkariak». Analisirik zehatzenak ere sarritan ez du balio izaten, ordea, ezer askorako. Ezuste asko izaten da snowboardcrossean. «Eta Munduko Kopako lehen lau lasterketak dira horren erakusgarri, lau garaile eduki dituelako».

Jokoena, pauso bat gehiago

Kirol arloa alboratuta, arduratzen du pixka bat egunotan bolo-bolo dabilen erasoen arriskuak. «Baina espero dezagun den-dena kontrolpean edukitzea. Oso garestiak izango dira Olinpiar Joko hauek, eta ziur nago gertutik zainduko dituztela segurtasun kontuak». Inguruko arazo eta iskanbila guztiak ahaztuta, minutu eta erdiko lehia besterik ez dauka buruan Egibarrek. «Postu jakin bat ez, nire lana ondo egitea daukat buruan». Badakielako berea eginda onenengandik gertu ibiliko dela.

Emaitza edozein dela ere, hurrengo erronkari begira jarriko da Egibar. «Ez dut mugatu nahi urte guztia joko hauetara. Munduko Kopako probak dauzkagu gero, junior mailako munduko txapeldun izan nahi dut berriz... Gu ez gara entrenatzen behin munduko txapeldun izateko, bost urtez jarraian txapeldun izateko baizik. Iritsi ez, iraun egin behar da hemen». Irabazle sena dauka igeldotarrak. Eta arrakastarako oinarri ona da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.