Entrenatzen amaitu berri du Sergio Sanchezek (Bilbo, 1984). «Greba legez larunbatean jarriko da indarrean, beraz, ordura arte normal ari gara entrenatzen, asteburuan partida izango bagenu bezala», zehaztu du. Egoera «oso zaila» dela azpimarratu du behin eta berriro, baina, hala ere, itxaropenari eusten dio. Badu esperantza igandera bitartean egoera «apur bat» konpontzeko, greba bertan behera uzteko eta Bartzelonaren kantxan jokatu ahal izateko.
Lehenik eta behin, zer moduz zaudete?
Ondo ez, baina badugu hau aste honetan konponduko den itxaropena. Ez zait burutik pasatzen hau guztia pikutara joan daitekeela.
Azken asteetako gogo berarekin ari zarete entrenatzen?
Latzak ari gara pasatzen, baina talde profesionala dugu, eta egoera zaila izan arren, entrenamenduetan ez da nabari alde handirik. Behin entrenatzera etorrita, hobe da ondo entrenatzea, bestela min hartzeko arriskua dago, eta hori da falta zitzaiguna.
Antanas Kavaliauskasek taldea utziberri du. Nola hartu duzue berria?
Bada, ezustekoa izan da, eta kolpea, ez genuelako espero. Gainera, gehienok komunikabideetatik izan genuen albistearen berri. Min egin digu, baina berak eta bere familiak onena joatea dela erabaki badute, guk errespetatu egin beharra dugu. Onena opa diegu.
Igandean jokatuko duzue?
Guk baietz espero dugu.
Baikor zaudete?
Sasoi osoan eutsi diogu baikortasunari, eta orain ere bai. Igandean ez jokatzea azken neurria da, baina azken unera arte eutsi nahi diogu itxaropenari. Asteon konpondu behar da dena, igandean jokatzen ez badugu, dena aldrebestuko delako, eta egoera zaildu.
Zer pasatu behar du greba bertan behera utz dezazuen?
Jabe berriak ordaintzen has daitezela. Badakigu oso zaila dela zor diguten guztia ordaintzea, baina, gutxienez, ordain dezatela zerbait.
Jabe berriek zer esan dizuete?
Hau konpon dadin ari direla lanean. Borondatea dute.
Noiztik ez duzue soldatarik jaso?
Aldeak daude jokalarien artean.
Zuk noiztik ez duzu jaso?
Nahiago dut ez esan Ez dakit mesede edo kalte egin diezadake.
Denbora asko da?
Bai, dezente.
Eta nola daramazue?
Egoera oso gogorra da. Aurreko sasoian ere izan genituen arazoak, baina egoera ulertzen saiatu ginen, gizarte osoa baitago larri. Krisiak gogor jo du arlo guztietan, eta denok dugu ezagunen bat latzak pasatzen ari dena. Hori guztia bereganatzen du batek, baina ez du bereganatzen proiektu hau pikutara joan daitekeela. Niretzat benetan gogorra da hau guztia, etxekoa naizelako, proiektu hau jaiotzen eta hazten ikusi dudalako. Pena hitza datorkit burura hau pikutara joan daitekeela pentsatuta.
Zu nola ari zara eramaten eguneroko bizitza?
Bada, arazoak dituen beste edonor bezala, gerrikoa estutuz.
Etxean egonda, ez zaizu laguntzarik faltako.
Ez, noski, eta izugarri eskertzen da. Aurreko denboraldian bakarrik egon nintzen hemen bizitzen, eta sasoi honetan neska-lagunarekin. Oraingoz egoera eramangarria da, oraingoz.
ACB ligan eta etxeko taldean jokatzea «amets ederra» dela diozu sarri. Ametsa amesgaizto bilakatu da?
Ez. Lehenbizi, ez dut sekula ahaztuko aurreko sasoian bizi izan nuena. Beste taldekideentzat ez dakit, baina niretzat sasoi itzela izan zen, eta izugarri gozatu nuen. Kopa jokatzea, Eurokopako finalera iristea, ligako kanporaketetan aritzea... Ametsa egia bilakatuta. Horixe izan zen niretzat. Sasoi honetan, ordea, txanponaren beste aldea egokitu zait, eta nola edo hala egin behar diot aurre.
Bilbokoa zara, Santutxukoa. Horrek areagotu egiten du mina?
Noski. Taldekide askok denbora asko daramate hemen, eta erabat konprometituta daude proiektu honekin. Ziur gaizki pasatuko dutela hau amaitzen bada. Baina jokalari horiek etxera itzuliko dira. Ni, ordea, hemen geratuko naiz, Bilbo baita nire hiria. Horregatik diot berriz loa kentzen didala pentsatze hutsak zale onenak eta pabiloi ederra izanda hau pikutara joan daitekeela.
Inoiz egokitu al zaizu horrelakorik?
Ez, eta bitxia da, maila apalagoetan jokatu baitut, LEB eta EBA ligetan. ACB ligara, maila nagusira iritsi naizenean egokitu zait hau guztia. Hala ere, ez da izan nik aukeratutako zerbait.
Nola iritsi da kluba egoera honetara?
Ez dakit. Klub askori ari zaio pasatzen. Gureak, adibidez, babesle nagusia galdu zuen, haren ondorengoak ez zuen agindutakoa ordaindu, eta gero ezin izan du beste babeslerik lortu. Eta horrela oso zaila da aurrera egitea. Baina ulergarria da ere langileak kaleratzen ari den enpresa batek babesle ez nahi izatea. Zer esango lukete enpresa horretan soldata jaitsarazi dieten langileek?
Argi dagoena da egoerak eragina izan duela taldearen jardunean.
Normala da, egoera gogorra baita. Zu saiatzen zara bete-betean entrenatzen, baina burua nahi gabe joan egiten zaizu. Oso zaila da burua behar den tokian izatea, are gehiago taldearen inguruko hamaika zurrumurru daudenean. Adibidez, IMQ babesle izan zitekeela zabaldu zenean indarberritu egin ginen, eta gogotsu entrenatzen hasi, baina azkar jaso genuen kolpea, beste bat. Horrek hondoratu egiten zaitu. 'Berriz ez, mesedez'; hori esaten diozu zeure buruari etengabe. Eta horrela zaila da kantxan bete-betean aritzea.
Sasoia amaitzeko gogoz zaudete?
Ni ez. Gerta dakigukeen okerrena ari zaigu gertatzen, bai, baina hamar urte barru ez dut pentsatuko sasoi hau ahazteko modukoa izan zenik. Inondik inora.
Sergio Sanchez. Bilbo Basketeko jokalaria
«Ez zait burutik pasatzen hau guztia pikutara joan daitekeela»
Etxeko jokalari bakarra da Bilbo Basketen. Horregatik, taldea jaiotzen eta hazten ikusi duelako egiten dio inori baino gehiago min gertatzen ari denak. Baikor dago, hala ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu