«Lapurreta ez da txantxetako gauza Txinan, eta hala behar du gainera, bost edo hamar urteko kartzela zigorra. LaVarrentzat ez dirudi hain serioa denik, ordea. Haren semea han utzi banu, hobe. Oso esker txarrekoa da!». Txinan atxilotutako Kaliforniako UCLA unibertsitateko hiru saskibaloi jokalari libre gera zitezen telefono gorriaren diplomazia erabili eta zorion agurrak jaso beharrean, asteko aurkari berria irabazi du Donald Trumpek AEBetako presidenteak.
Lonzo Ball Los Angeles Lakerseko antolatzailearen (bigarrena azken draft zozketan) anaia gazteetako bat da LiAngelo. UCLAn ikasten eta saskibaloian jokatzen aritzen da, hura bezala. Biak, institutuan dabilen LaMelorekin, AEBetako komunikabideen hirukote kutun berria dira. Arreta horren erantzulea LaVar Ball da, anaien aita fanfarroia.
UCLArekin lagunarteko biran zirela Txinan, LiAngelo eta bi taldekide Hangzhou hiriko bitxi denda batean Louis Vutton markako eguzkitako betaurreko bana osteagatik atxilotu zituzten. AEBetako webgune eta sare sozialetan barreiatu zen albistea. Ball familiari buruz aritzea da kirolzale estatubatuarren denbora-pasa berrietako bat. Lonzo anaiak lortu moduan NBAra iritsiko ote den zalantzagarria bada ere, LiAngelo bere belaunaldiko jokalari onenak baino askoz ezagunagoa da.
LaVarrek saskibaloia hankapean erabiliko duten fenomeno geldiezinen moduan kalifikatu ohi ditu bere hiru semeak. Ederki kalkulatutako marketin operazioa baino ez da, txikitatik gogor entrenarazi dituen aita batek ederki diseinatua. LiAngelok—Txinako legediaren arabera— hamarkada bat kartzelan emateko moduko delituagatik atzeman zutela zabaldutakoan, xanpaina zabaldu zuenik egon zen. LaVar histrionikoak erakarpena bezain beste ezinikusi eragiten duelako.
Saskibaloi zaleen bazkarako folletoi honek estrak behar balitu bezala, Donald Trumpen ezusteko agerraldiak vaudeville-a are aldrebesago bilakatu du. Afera «Xiri dei pare bat eginda» konpondu zuela iragarri zuen AEBetako presidenteak Twitterren (Xi Jinping, Txinako presidenteaz ari zen). UCLAko hiru jokalariei sermoitxoa botatzeko baliatu zuen mezua. Lapurretagatik kartzelan urteak ematea normalena litzatekeela idatzi, eta LiAngelo eta haren taldekideak askatzearen erabakia hiruren kirol ibilbideak ez kaltetzearren berak modu arbitrarioan hartutakoa izan zela iradoki zuen Trumpek.
Haren ustezko inplikazioa gutxietsi, eta isekari erantzun zion presidenteari LaVar Ballek. LiAngelok Hangzhoun «lur azalean bertan» zituen laguntzaileen eginikoek askatu zutela adierazi zuen, eta Trumpen erupzioa eragin. Ballen desairearen ondoren, UCLAko hiru jokalariak kartzelan hobeto leudekeela txiokatu zuen presidenteak. «Ez al du nire esker onaren zain egon baino egiteko hoberik?», galdetu zion orduan Ballek. «Nik askatu nituela!», izan zen Trumpen azken mezua, oraingoz. Saskibaloi jokalari baten aita jostalariak bere onetik atera du AEBetako presidentea.
Ez zintudan behar, Donald Trump
AEBetako presidenteak bitartekaritza egin du Txinan, bitxi denda batean lapurretan atzeman zuten UCLAko LiAngelo Ball aske laga zezaten. Eginikoa eskertu ez, eta isekari erantzun dio jokalariaren aitak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu