Gola: 1-0: Griezmannek (64. min.) Epailea: Perez Montero. Txartel horiak: Realeko Estradari eta Velari. Bestelakoak: Bete egin zen Anoeta, 32.000 ikusle.
Anoeta estadioa. Gaueko bederatzi eta erdiak pasata. Partidako 75. minutua. Estadioa bete duten 32.000 ikusleak zutik daude, txaloka. Txalo horiei txaloekin ari da erantzuten Mikel Aranburu. Beti bezala, umil. Badoa aulkira. Ruben Pardo du zain. Eman dio bostekoa. Akabo. Amaitu da haren kirol ibilbidea. Ia hogei urte Realean, hamalau lehen taldean, 427 partida. Eta, horren guztiaren gainetik, hamaika lezio zelaian eta zelaitik kanpo. Badoa kapitaina, kapitain handia.
Bigarren omenaldia du ordu eta erdi eskasean. Lehena partida hasi aurretik egin diote. Jokin Aperribai Realeko presidenteak urrezko intsignia eman dio, Maialen emaztea eta Oihan semea ondoan dituela. Realeko eta Lagun Onak-eko gaztetxoak ere gertu izan ditu zelaian, baita taldekideak eta Valentziako jokalariak ere. Hori zelaian, harmailetan 32.000 lagun izan baititu txaloka. Partida amaieran, berriro errepikatu da egoera: denak hari txaloka. Agur hunkigarria, eta zapore onekoa, Realak 1-0 irabazi baitu, Griezmannek sartutako gol bati esker, eta 47 punturekin amaitu du liga, marka onenetan bigarrena azken hamahiru urteetan.
Akabo Aranbururen kirol ibilbidea, eta akabo denboraldia Realarentzat. Zorionez, amaitu, zale gehienek nahi zuten bezala amaitu da: taldeak mailari eutsi dio, eta hirugarren urtez jarraian ariko da Lehen Mailan. Sasoiko helburua, beraz, bete du, sufrimendu askorik gabe, eta lasai antzean, liga amaitzeko hiru jardunaldi falta zirela ziurtatu baitzuen beste urtebetez onenekin lehian aritzea. Antzik ez urtebete atzera gertatutakoarekin. Orduan, epaileak azken partidaren amaiera adierazi zuen arte ez zuten lasai arnasa hartu txuri-urdinek.
Sasoi honetan ere arnasa faltan izan dute zale txuri-urdinek zenbait unetan. Batek baino gehiagok ikusi du Bigarren Mailan taldea momenturen batean. Azaroaren 20an, bereziki, taldeak Anoetan Espanyolekin berdindu zuen egunean. Orduan, askok eta askok ikusi zuten gertu infernua. Ez zen gutxiagorako, Reala azkena baitzen sailkapenean, hamahiru partidatan bederatzi puntu bakarrik bilduta. Hila zirudien, eta suspertu ezinik—zortzi partida zeramatzan irabazi gabe—.
Eta hala iritsi zen Benito Villamaringo partida, bi golen aldea izan ondoren Betisek berdindu eta Iñigo Martinezek luzapenean zelai erditik garaipenaren gola sartu zuen lehia. Mugarri izan zen partida hura, baita hurrengoa ere, Anoetan Malagari azken unean sartutako bi golei esker irabazitakoa. Bi garaipen horiek salbatu zuten Philippe Montanier. Hurrengo lau partidetan ere ez zuen galdu Realak, eta lehen itzulia 15. postuan amaitu zuen, 21 punturekin, jaitsieratik bi puntura. Aurreko denboraldian, Martin Lasarteren aginduetara taldeak lau puntu gehiago bildu zituen (25).
Lasarterekin, taldeak nabarmen egin zuen behera bigarren itzulian —20 puntu batu zituen—. Montanierrekin, aldiz, apur bat gora egin du sasoiaren bigarren erdian—26 puntu pilatu ditu—. Gauza bat ez da aldatu. Aurreko sasoian gertatu bezala, Anoetan erakutsitako sendotasuna funtsezkoa izan da. Joan zen denboraldian, 35 puntu lortu zituen taldeak etxean, eta hamar etxetik at. Sasoi honetan, antzeko zenbakiak egin ditu: 33 puntu Anoetan, eta hamalau Anoetatik urrun.
Montanierren lana, aztergai
Kontuak errazak dira: Lasarterekin 45 puntu lortu zituen taldeak, eta Montanierrekin 47. Uruguaitarrak egindakoa ez zen izan nahikoa zuzendaritzak bere kontratua errespeta zezan. Galdera begien bistakoa da: Montanierrek bi puntu gehiago lortuta, zuzendaritzak jarraitzeko aukera emango al dio? Badirudi baietz. Zuzendaritzak hainbat zalantza izan ditu haren ahalmenaz, baina, ezusterik ezean, kontratua betetzeko aukera emango dio. Zergatik Lasarteri ez eta Montanierri bai? Uruguaitarrak helburu bakarra bete baitzuen, zuzendaritzaren arabera: taldeak mailari eustea. Kirol agintarien ustez, harrobia aintzat hartzeari dagokionez, ez zuen aparteko lanik egin, ez behintzat bigarren urtean. Lehen sasoian bai, egin zuen tira Zubietatik, eta hari esker igo ziren lehen taldera Griezmann eta Zurutuza. Baina Lehen Mailan egindako sasoiari dagokionez, Lasartek apenas begiratu zuen Zubietara. Adibidez, nahiago izan zuen Rivasen alde egin Illarramendi ate-joka zegoen arren. Agirretxek ere ia ez zuen jokatu, Llorentek min hartu zuenean Tamudoren alde egin baitzuen Lasartek. Horregatik eten zuen zuzendaritzak haren kontratua.
Montanierri, ordea, ezer leporatu ezin baldin bazaio, hori harrobiarekin ausart ez jokatzea da. Iñigo Martinez (20 urte) eta Illarramendi (22 urte) funtsezkoak izan dira haren marrazkian. Bi jokalari horiek ez ezik, Liassine Cadamurok (24 urte) ere Montanierren konfiantza izan du. Etorkizuneko taldea du Realak, eta horretan badu zerikusirik entrenatzaileak. Hori da zuzendaritzaren mahaian jar dezakeen aurkezpen txartelik onena, hori eta mailari eutsi izana, noski. Datozen egunetan jakingo da nahikoa den edo ez, baina badirudi nahikoa izango dela.
REALA 1. VALENTZIA 0
Ez zuen gutxiago merezi
Realak irabazi egin dio Valentziari, eta Anoeta bete duten 32.000 zaleek omenaldi hunkigarria egin diote Mikel AranbururiTalde txuri-urdinak 47 punturekin amaitu du, marka onenetan bigarrena azken 13 urteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu