Ezin du berriro trena galdu

Hilabete min hartuta egon ondoren, jokatzeko prest da Yuri Berchiche. Astelehenean izango du aukera, Getaferen aurka, Alberto de la Bellaren lesioa dela tarteko. Iñaki Berruetek argi du: bera da Realaren etorkizuneko ezker hegalekoa.

jon eskudero
Donostia
2014ko urriaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oraindik ere gaztea izanagatik, tren bat baino gehiago pasatu izan zaizkio Yuri Berchicheri bere futbol ibilbidean. 24 urte baino ez baditu ere, makina bat elastiko eramana da soinean. Antiguokon eman zituen lehen pausoak, Realaren eta Athleticen harrobiak probatu zituen gero, harik eta Tottenhamera joan zen arte. Celthenham Townen ere jokatu zuen Ingalaterran. Gauzak ongi ez eta, Valladolidek fitxatu zuen 2009an. Lehen Mailan debuta egitea lortu arren, bigarren taldearekin egin zuen denboraldi osoa. Hurrengo sasoian Real Unionera joan zen, eta, han bi denboraldi egin ondoren, Realak fitxatu zuen 2012an. Hori bai, Eibarrera utzita joan zen ezker hegaleko atzelaria, eta, bi urtez jarraian mailaz igo ondoren, Realean dago orain, «zoriontsu», «ametsa egia» bihurtu baitu. «Talde asko igaro ditut, baina Reala izan dut beti bihotzean, eta espero dut Donostian jarraitzea behin betiko oinak finkatu eta erretiratu arte».

Oinak finkatze horretan, ordea, ez ditu lan errazak izan Berchichek. Gehienbat, izan duen jarreraren erruz. Athleticen harrobian ari zela, besteak beste, epaileari gogor kontra egin zion partida batean, eta talde zuri-gorriak klubetik kanporatu zuen. «Arazo gehiegi izan ditut nire nortasunagatik», aitortu izan du jokalariak gerora. Mugarria, nonbait, Eibarren izan zuen, Gaizka Garitanoren eskutik. «Entrenatzailea aita moduko bat izan zen niretzat, eta, jokalari gisa ez ezik, pertsonalki ere beste bat naiz orain. Bi urteotan beste era batera ikusi ditut gauzak, eta hobera egingo dut aurrerantzean, ziur».

Berchiche ongi ezagutzen duen laguna da Iñaki Berruet (Irun, Gipuzkoa, 1973), hura Real Unionen aritu zen bitartean kirol zuzendari lanetan egon baitzen Berruet bera. Hark ere nabarmendu du jarrera aldaketa sumatzen diola zarauztarrari. «Sarritan harrituta uzten gintuen erakusten zizkigun ezaugarri batzuekin. Berchiche lan saioetan zein partidetan ikusita gozatu egiten genuen. Gure artean askotan esaten genuen jokalari hark bazuela zerbait berezia, eta haren tokia Lehen Mailan zegoela. Pena ematen zigun halako talde xume batean ikusteak». Bada, Berrueten esanetan, iritsi zaio merezitako saria: Lehen Mailan jokatzea. «Gakoa jarrera aldaketa izan da, inolako zalantzarik gabe. Kalitate handia izan arren, kontzentrazio falta handia ageri zuen beti, eta ez zen batere erregularra. Gainera, epailearekin sarritan oilartzen zen, eta txartel gorri ugari ikusten zuen. Horrek, noski, ez zion inolako mesederik egiten taldeari».

Denbora alferrik ez dela igaro eta, orain zentratuta eta gogotsu ikusten du Berruetek. «Iragan sasoian erakustaldiak bata bestearen atzetik egin zituen. Ez da harritzekoa, aparteko dohainak dauzka eta: ezker aparta du, buruz ongi errematatzen du, defentsan hobetu egin du nabarmen, fisikoki ahaltsua da, esperientzia handia dauka pilatuta...». Gainera, txartel kontuak kontrolatzen ikasi du. «Askoz burutsuago jokatzen du orain, taldearentzako aritzen da lanean, eta oso garrantzitsua da hori barneratuta edukitzea. Gainera, ezker hegalean ez ezik, defentsako erdiko lerroan ere joka dezake, eta JagobaArrasaterentzat zorte handia da hori».

Jagoba Arrasatek, hori bai, hasierako hamaikakotik kanpo utzi izan du jokalaria partida gehienetan. Estreinakoan, Ipuruan hasieratik aritu zen, baina orkatilako lesio bat zela tarteko, geldirik egon da hilabete inguru, eta asteon normal entrenatu denez, jokatzeko prest dago jada. Gainera, Alberto de la Bella min hartuta dagoenez, horretarako aukeraizango du Berchichek astelehenean, Anoetan, Getaferen aurka. «Jokalari bat talde berri batera joaten denean zail izaten da azkar egokitzea, eta denbora eman behar zaio. Halere, nik ez daukat inolako dudarik: Realaren etorkizuneko ezker hegaleko jokalaria izango da Berchiche». Jokalariak ez ezik, Realak ere denboral behar duela uste du Berruetek: «Oker hasi da, eta konfiantza falta du. Halere, talde ona dauka, eta pentsatzen dut Europarako sailkatuko dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.